Motorzaletasunaz elkarrekin gozatzen hasi zirenetik mende laurden bete dela ospatuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 3a, 09:53

Scooter Club Euskadi motorzaleen elkarteak 25. aldiz egingo du Vespa eta Lambretta marketako ibilgailuen rallya (aurtengoa Lasarte-Orian aurrera eramango duten hamaikagarrena izango da), ekainaren 13tik 15era. Aurtengoa urtemuga berezia denez ekimen gehiago iragarri dituzte, hala nola, Gipuzkoan barrena etapatan egingo duten ibilbidea edota Inauteri larunbateko bazkaria Urdaira sagardotegian. Arkupe tabernan egin dute egitaraua iragartzeko agerraldia, festa giroan.

Motorrek are ozenago egingo dute burrunba, Scooter Club Euskaldi elkarteak mende laurden daramalako Vespa eta Lambretta marketako ibilgailuak dituzten zaleak elkartzen, rallyetan. Aurtengo ekimenaren programa zehatza aurrerago iragarriko dute baina jakinarazi dute ekainaren 13tik 15era izango dela eta gauetako kontzertuetarako "ohi baino talde ezagunagoak" ekartzeko asmoa dutela. Ospakizunak, hala ere, ez dira hiru egunekoak bakarrik izango, jarduera jakin bat 25 aldiz egitea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula: "Egitarau oparoa prestatu dugu eta lasarteoriatar ahalik eta gehien elkartu, beraiek ere festaren parte izan daitezen", nabarmendu du eragile horretako kide Isa Lopezek. Adibidez, aurreratu du Gipuzkoan barrena egiteko ibilbide bat prestatu dutela eta hilabetez hilabete egingo dituztela etapak; laster emango dituzte horiei buruzko xehetasun gehiago.

Beste jarduera baten berri ere eman du Lopezek: martxoaren 1ean, larunbatarekin, Inauteriak ospatuko dituzte motorzaleek Urdaira sagardotegian, urtero legez. Aurtengoa, hala ere, "inoizko bazkari bereziena" izatea nahi dute eta ahalik eta motorzale gehienak bertaratzea, Euskal Herrikoak ala Espainiar Estatuko beste nonbaitekoak izan. 

Aurreneko ospakizuna, Arkupen

Urteurren bereziari buruzko aurreneko zertzeladak emateko Arkupe tabernan elkartu dira Scooter Club Euskadiko kideak eta zenbait motorzale. Toki hori ez dute ausaz aukeratu, izan ere, azken urteetako rallyetan behintzat bertan egin ohi dute elkar agurtu aurreko pintxo-bazkaria. Oraingoan ere hori bera izan da planteamendua: Lopez arduratu da prentsako ordezkariei azalpenak emateaz eta Arkupeko langileak, berriz, bezeroek eskatu dutena zerbitzatu diete: bermuta, garagardoa, freskagarriak, tortilla patata pintxoak, urdai frijitu kurruskariak... eta baita moztaileak fin eta maisuki moztutako urdaiazpiko errazioak ere. 

Eguerdiko hamabietan hasi dira festarekin eta bazkalordurako beteta zegoen taberna. Eguraldia ezinhobea izan da eta kanpoko giroa, bikaina. Baita taberna barrukoa ere: DJ lanak egin ditu Ramon Anguianok eta dantzan jarri ditu Arkupera joandako zenbait.