Saharari elkartasuna adierazteko bi deialdi egin ditu Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 31a, 09:39

Janari bilketa aurrera eramango du lehenik, eta elkarretaratzea gero. Herritarrek horietan parte hartzera deitu ditu

Otsailaren 8an, larunbatarekin, bilduko dituzte produktuak 10:00etatik 14:00etara. Herriko Eroski eta BM Loidibarren supermerkatuetan aurrera eramango dute ekimen hori, eta horren garrantzia nabarmendu dute Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko ordezkariek: "Errefuxiatuen kanpalekuetan hilabete batzuk daramatzate janari eskasiarekin, beraz, premiazkoa da janari bilketa hau egitea". Adierazpenok eginda, herritarrak bertan kolaboratzera deitu dituzte, eta, gogorarazi, Euskal Herri osoan egingo dela. 

Bigarren hitzordua, berriz, otsailaren 27rako finkatu dute. Saharar Errepublika demokratikoaren 49. urteurrena izango da egun horretan, eta hori aitzakiatzat hartuta, 19:30ean Okendo plazan elkarretaratzea deitu dute. Herritarrak deialdi horrekin ere bat egin dezaten eskatu dute. Horri lotuta, aurreratu dute datorren udalbatzarrean lantzeko mozio bat erregistratu dutela; horren bitartez, udaletxeko balkoian Saharako bandera eskegitzea, eta kontzentrazioan parte hartzeko konpromisoa galdegingo diete udal ordezkariei. 

Oporrak Bakean 

Hitzordu horiek iragartzeaz gain, haur sahararrei uda sasoia Euskal Herrian igarotzea ahalbidetzen dien Oporrak Bakean programa martxan dela ere jakinarazi dute. Momentuz, aurreratu duten informazioa da udalarekin harremanetan daudela, eta datozen egunetan egingo dutela aipatu egitasmoaren aurkezpena.