Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ezin izan zuen Lauburu Ibarra garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 14:40

Eguzki Areto Futbol taldeek maila ezberdinetako Gipuzkoako ligako jardunaldiari aurre egin zioten hilaren azken asteburuan. Federatutako taldeetatik punturik erdietsi ez zuen bakarra izan zen Eguzkiko lehen taldea

Eguzki Arkupe Rehabilitacionesek talde gogorra izan zuen aurrean Maialen Chourraut kiroldegian, Lauburu KE Ibarra. 

Yosu Lopezen taldeak lehen zatian ongi borrokatu zuen. Eguzki Arkupek markagailuan aurreratzea lortu zuen hamabosgarren minutuan eta ibartarren defentsa batek bere atean sartu zuen bigarrena. 

Neurketa aurrera egin ahala ibarratarrak jokoan sartu eta etxekoen esperantzak zapuztu zituzten. Hiru minututan, partidari itzulia eman zioten hiru gol eginez eta ez zen horretan geratu, beste bitan ere bidali zuten baloia etxeko taldearen sarera.

Hori-beltzek ez zuten amorerik eman, ordea eta 3-5ekoa jarri zuten markagailuan 47. minutuan.

Tamalez Laubururen erantzuna azkarra izan zen; hiru gol egin zituen aldea handituz. 

Saiatu arren Eguzki Arkupek ezin izan zuen aurkariaren atea berriro zulatu; aurkariak, ordea, 3 eta 9koa lortu zuen epaileak txistu jo baino lehen.

Gainerako taldeak

Garaipeneko edo berdinketako puntuk igo ziren herriko taldeko gainerako ordezkarien sailkapenera.

III. mailako Eguzki ISU Leihoak taldeak launa berdindu zuen Egintzarekin. Eguzki Bodegas Ayesa jubenil taldeak Aldapeta C 4-7 garaitu zuen eta kadete mailan, Eguzki Goxokis Goxua 0-3 nagusitu zen Laskorain KE Aren aurka.

Euskadiko deialdia

Areto futbol eskolako gazteei dagokionez, 12 urtez azpiko Euskadiko Selekzioak herriko taldeko bost kide deitu zituen hilaren 27an, Loiun (Bizkaia) egin zen entrenamendu saiora. Josu Garcia, Peru Azkarate, Unai Berasategi, Markel Murillo eta Axel Fuertes kideek lan ederra egin zuten saioan.