Lasarte-Oriak KirolTxartela Mugiment ekimenarekin bat egin du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 30a, 13:50

Alkate eta kirol zinegotzia agerraldiaren ostean.

Lasarte-Oriako herritarrek KirolTxartela Mugiment txartel birtuala erabili ahalko dute hilaren 31etik aurrera. Herriko kirol instalakuntzetara sartzeaz gain, Euskadiko 100 bat kirol gune eta zerbitzuetara sartzeko aukera izango dute txartel birtual horren erabiltzaileek. Agustin Valdivia alkateak eta Goizalde Pildain Kirol zinegotzia Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena azaldu dute

Txartel birtuala Eusko Jaurlaritzak kirol mugikortasuna sustatzeko martxan jarri duen ekimena da. Horren bitartez, Lasarte-Oriako kirol abonatuek ekimenera atxikiak dauden Euskadi guztiko kirol instalakuntzak erabili ahalko dituzte. Era berean, kiroldegiko hainbat zerbitzu beste herrietako erabiltzaileei irekiak egongo dira.

Agustin Valdiviak azaldu moduan, "honen bitartez, herritarren jarduera fisikoaren eta ongizatearen aldeko pauso berria ematen dugu, oztopoak kenduz eta herritarrek edozein udalerritan daudela ere, euren kirol ohiturekin jarraitzeko bide ematen diegu". 

Nola eskuratu

Goizalde Pildain kirol zinegotziak jakitera eman ditu Lasarte-Oriako kirol abonatuek txartel birtuala eskuratzeko pausoak. 

KirolTxartela Mugiment orrialdean aplikazioa deskargatu eta bertatik eskaera egin behar dute interesatuek; izapide hori hilaren 31etik aurrera egin ahalko da. 

Agerraldian azaldu modura, aplikazioan beste hainbat daturen artean, Gipuzkoa eta Lasarte-Oria zehaztu behar dira. Pauso guztiak jarraitu ostean, emailera baieztapena eta erabiltzaile kode bat iritsiko zaie eskatzaileei. 

 

KirolTxartela Mugiment aplikazio bitartez Euskadiko kirol gune ezberdinetara sartu ahalko dira Lasarte-Oriko erabiltzaileak.

 

Horren bitartez, ekimenarekin bat egin duten Euskadiko beste herriek zehaztutako kirol instalakuntza eta zerbitzuak doan erabili ahalko dituzte herriko kirol abonatuek. Lasarte-Oriaren kasuan, igerilekura eta gimnasiora sartu ahalko dira beste herrietako erabiltzaileak.

Txartel birtuala edo horren gaineko informazio gehiago eskuratzeko kiroltxartela.eus orrialdera jo dezakete Lasarte-Oriako kirol abonatuek.