Martxoaren 8ko kartel lehiaketa iragarri du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 29a, 13:24

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

2026ko Martxoaren 8a iragarriko duen afixa aurkezteko epea zabaldu du udalak; proposamenak otsailaren 28ra arte ditzakete parte hartzaileek. Antolatzaileek jakinarazi dute guztien artean hiru hautatuko dituzte; horietatik garailea izango da datorren urterako kartela iragarlea

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nuria Fernandezek eta Berdintasun teknikari eta Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroko koordinatzaileak egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute: "Gazteak berdintasunaren aldeko borrokan inplikatzeko eta bertako talentu artistikoa ikusarazteko tresna  da. Aukera paregabea da gazteei Martxoaren 8a bezalako egun esanguratsuaren harira ahotsa emateko". 

12 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan; hori bai, afixa guztiek honako goiburua eraman behar dutela ohartarazi dute antolatzaileek: Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres.

Afixak formatu digitalean nahiz fisikoan aurkeztu ahalko dituztela ere adierazi dute, eta, gaineratu, partaideek lanak sortzeko erabateko askatasuna dutela. 

Lanak, ikusgai

Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan jarriko dituzte ikusgai martxoaren 1etik 8ra; gauzak horrela, horiek bozkatu nahi dituzten herritarrek aipatu zentrora joan beharko dute. Iritzi horiek aintzat hartuko da bigarren eta hirugarren sariak erabakitzeko. 

Kartel irabazlea, berriz, epaimahaiak erabakiko du: Lasarte-Oriako Udaleko berdintasun teknikariek eta diseinu arloko profesionalek osatuko dute. 

Garaileak 120 euroko saria jasoko du, eta, bigarrenak,  aldiz, 90 euro. Hirugarrenak, berriz, 60 euro jasoko ditu. 

Herritarrak egitasmoan parte hartzera deitu dituzte udal ordezkariek: "Aukera paregabea dela guztiontzat hain egun garrantzitsu batean aztarna uzteko". 

Informazio gehiago nahi duenak oinarriak kontsulta ditzake. Horretarako Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentrora joan beharko dute, edo emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbidera idatzi. Udalaren web atarian ere eskuragarri da informazio guztia.