Herriko atletek, dominak eta finalak Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 29a, 11:00

Osatdar SKTko Furundarena, Gonzalez, Alkorta eta Almagro, lehian. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletek Eusakdiko txapelketari egin zioten aurre hilaren 25ean eta 26an, Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Modalitate ezberdinetako probetan izan ziren lehian herritarrak eta finalerako ere sailkatu ziren. Podiumean, aldiz, Ostadar SKTko Naroa Furundarena eta Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz izan ziren. Lehena jauzi hirukoitzeko txapeldun izan zen eta bigarrenak brontzea jantzi zuen 60 metro lasterketan

Jauzi hirukoitzeko zein luzera jauziko zortziko finaletan Ostadar SKTko ordezkariak izan ziren lehian: Naroa Furundarena, Eider Redondo eta Oinatz Almagro lehenean eta Enara Gonzalez, aldiz, luzera proban.

Aipatu moduan Furundarenak urrezko domina jantzi zuen. Lehen saiaketan 12,37 metroko jauzia egin zuen herritarrak baina ezin izan zuen marka hori ondu, min hartu zuelako.

Lehiakideek ere ezin izan zuten Furundarenaren jauzia gainditu eta horien artean izan zen, Eider Redondo gaztea. Redondok azken saiakeran 11,22 metroko marka egin eta zazpigarren amaitu zuen lehia. Eta 13,07 metroko jauziarekin seigarren postuan izan zen Oinatz Almagro gaztea.

Luzera jauziko podiuma eskutik ihes egin zion Enara Gonzalezi. Hirugarren postua eskuratu zuen Real Sociedadeko Iraia San Nazarioren antzera 5,31 metroko jauzia lortu zuen talde urdin-beltzeko gazteak baina lehiaketako jauziak aztertuta Errenteriako atletaren aldeko izan zen epaia.

Lasterketa probetan eta pisu jaurtiketa probako finaletan ere izan ziren lasarteoriatarrak. 

Abiadura lasterketan, 60 m. proban lau herritar izan ziren lehian: Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz eta Naroa Elvira, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi eta Ostadar SKTko Iraia Alkorta.

Veroniz eta Eugi finalera iritsi ziren. Lehena podiumeko hirugarren mailara (6,95) igo zen, Eugi, aldiz, zazpigarren (07,93) izan zen.

200 metroko lehian ere izan zen Eugi eta seigarren postuan amaitu zuen finala 25,26 eginda.

800 metroko B finaletan Ostadar SKTko Saioa Menta (02.31,37) eta Julen Goenaga (01.59,80) izan ziren lehian eta 1.500 metroko lasterketa nagusian, Aloña Mendiko Jon Presak (04.03,77) parte hartu zuen.

Horiez guztiez gain, Oihana Igarrizek laugarren postuan (10,08 m.) amaitu zuen pisu jaurtiketa proban.

Absolutuek ez ezik, eskolarteko gaztetxoek ere belodromoan lehia izan zuten hilaren 25an bertan, goizean. Ostadar SKTko alebin eta infantil mailako gaztetxoak ederki lehiatu ziren jardunaldiko proba ezberdinetan.