Intzako pilotariek, ezin neurketa guztiak garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 29a, 09:00

Intzako pilotariek txapelketa ezberdinetan murgilduta daude. Etxean zein kanpoan denetariko emaitzak eskuratu zituzten

Udaberri txapelketako neurketak jokatu ziren, hilaren 25ean, Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Gomazko palako II. mailako seniorrek (ikus galeria) eman zioten hasiera goizeko jaialdiari eta Intza eta Aiako bikoteen arteko neurketa borrokatu eta luzeaz gozatu ahal izan zuten pilotalekura hurbildu ziren ikusleek.

Partida osoan zehar markagailua estu joan zen. Bikote bakoitzak ongi jokatu zuen aukeratutako pilota eta markagailua kolore batek bestera mugitu zen. Azken minutuetan 24-20 bideratua zuen neurketa etxeko taldeak, baina Intzako kide Jagoba Mendizabalek min hartu eta pala ezin eutsirik jokatu zen. Aurkariek ongi baliatu zuten egoera eta markagailuari itzulia eman zioten, 24-25. 

Palako lehiaren ostean, eskuz binakako partida izan zen. Intzako bikoak Aretxabaleta izan zuen aurrez aurre eta ederki lehiatu ostean, 22-17 irabazi zuen etxeko bikoteak. 

Egun bat lehenago, Loidibarren pilotalekuan Errendimendu mailako bikotekako neurketak izan ziren eta bietan garaipena erdietsi zuten taldeko gaztetxoek.

Alebin I mailan, Aiur Gorostidi-Irai Jauregi bikoak 16- 5 irabazi zuen Aizkorpe 3. Ostean, Eñaut Huicik eta Ekhi Maizek osatutako infantil II. mailako bikoteak ere bostean utzi zuen Oiarpe 2, 18-5. 

Kanpoan ere fin ibili ziren Intzako ordezkariak eta Oiartzunen Infantil I. Mailako Oier Jauregi eta Kimetz Atorrasagastik 10-18 garaitu zuen Oiarpe 2.

Bestalde, Alebin II. mailako bikoak ezin izan zuen neurketa jokatu aurkari zuen Mundarrok lehiaketa utzi duelako.

Trinketean ere

Eta trinketeko bakarkako lehia ere hasi da. Lehen hitzorduan Intzako kide Beñat Olazabalek eta Aritz Solanok Hernaniko ordezkarien aurka neurtu zituzten indarrak Irurako Ametsa trinketean.

Hernaniko kide Jarak erraz gainditu zuen Olazabal (2-40); Solanok, aldiz, 40-31 garaitu zuen Arizmendi.