Neurketa hasieran nahiko berdindua izan zen; bi taldeek akats ugari egin zituzten. Jokoak aurrera egin ahala, Ostadarrek erasoetan aurre hartzea lortu zuen eta 25-19 amaitu zen lehen jokoa.
Lehenengo seteko kezkak alde batera utzita, bigarren eta hirugarren jokoetan nagusi izan zen etxeko taldea. Talde urdin-beltzeko entrenatzailearen hitzetan, "nafarrek defentsa lan ederra egin behar izan zuten eta horrek ez zien erasoa sortzeko tarterik eman". Ondorioz, 25-13 eta 25-16 irabazi zituzten Ostadarrek bi setak.
Igoera fasea eskura
Eta eskuratutako puntuei esker, denboraldiko helburua beteko du talde urdin-beltzak, I. mailarako igoera fasea jokatzea.
Lasarte-Oriako taldeak lasai egon beharko lukeela dirudien arren, geratzen diren azken neurketetan asko izango du jokoan. Acuriolak azaldu moduan, "II. mailako multzo bakoitzeko lehen lau taldeek jokatuko dute fasea eta igoerako gurutzaketak sailkapenaren arabera egingo dira. Hau da, A multzoko burua B multzoko laugarrenaren aurka jokatuko da, A multzoko bigarrena B multzoaren hirugarrenaren aurka eta horrela hurrenkera jarraituko da. Beraz, garrantzitsua da B multzoko lehen postua matematikoki emango digun puntua eskuratzea. Eta gure esku dagoela uste dut".
Hori dela eta, fase erregularreko azken bi hitzorduak garrantzitsuak izango dira talde urdin-beltzarentzat. Lehena otsailaren 2an, Maialen Chourraut kiroldegian jokatuko dute, 18:00etan; Galdakao BT izango du aurkari Ostadarrek.