Herritarrekin batera prestatu nahi dituzte San Pedro Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 28a, 13:09

Nagore Duran eta Txus Alonso zinegotziak, parte hartze prozesu berritua aurkezten.

Udal ordezkariek buelta eman diote herriko festak antolatzeko parte hartze prozesuari eta bateratu egin dute: lasarteoriatarrek eskuorri berean proposatu beharko dituzte jaietarako ekimenak edota kontzertuak eta nor edo nortzuk omendu nahi dituzten. Horretarako azken eguna otsailaren 16a izango da, igandea. Aurten aldatuko dira baita ere sanpedroak ospatzeko egunak, ekainaren 26tik 30era izango baitira, biak barne.

Herritarren Partaidetza departamentuko zinegotzi Nagore Duranek zehaztu duenez, aurreko urteetan egin dituzten bi parte hartze prozesuak bateratzea erabaki dute aurten eta herritarrak "gaurtik bertatik" has daitezke proposamenak bidaltzen. Udalaren webgunea edota udal eraikin hauetan jarri dituzten parte hartze postontziak erabil ditzakete horretarako: Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroa, Manuel Lekuona Kultur Etxea, Gaztelekua, udaletxea (eraikin zaharreko arkupeetan) eta Maialen Chourraut kiroldegia. Aurtengo jaien antolaketan parte hartzeko azken eguna otsailaren 16a izango da, igandea.

Agerraldian parte hartu du baita ere Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok eta herriko festetako jardueren garrantzia azpimarratu du: "Festak aberastu bakarrik ez, elkarrekiko lotura eta sentimenduak indartzen dituzte herritarrek proposatutako ekimenek. Oso garrantzitsua iruditzen zait denok gure ideiak mahai gainean jartzea, San Pedro Jaiak udalerriaren aniztasun eta sormenaren isla izaten jarrai dezaten". 

Parte hartze prozesu bateratuak "bi ardatz nagusi" dituela adierazi dute Duranek eta Alonsok: herritarrek, batetik, jarduerak eta musika taldeak (Euskal Herrikoak nahiz Espainiar Estatukoak) proposatu ahalko dituzte, eta, bestetik, zein norbanako edo kolektibo omenduko duen udalak. Aintzatespena nork merezi duen zehazterakoan arrazoitu egin beharko dute iradokizuna, udalerriaren alde egindako lana edo orain arteko ibilbidea kontuan izanda.

Jaiak, ekainaren 26tik 30era

Azken urteetan ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatu izan ditugu sanpedroak, baina, aurten, aurreratu egingo dituzte bost festa egunak ekainaren 26tik 30era (ostegunetik astelehenera), biak barne. 

Amaitzeko, herritarrak animatu dituzte jaiak prestatzeko parte hartze prozesuan parte hartzera: "Nahi dugu ideiak, ilusioak eta sormena islatzea proposamenetan. Aukera paregabea iruditzen zaigu inklusiboak eta herria ordezkatuko duten festak prestatzeko, denok batera".