Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala martxan jartzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 27a, 13:39

Lasarte-Oriako Udalak Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala (IUPI) garatzeko parte hartze prozesua abiatu du. Horren helburua da pertsona guztiek udalerriko ingurune fisikoetara, produktuetara eta erabilera publikoko zerbitzuetara modu libre eta autonomoan heltzeko eskubidea bermatzea, gizarte inklusiboagoa sustatzeko. Hilaren 29an, asteazkenarekin, aurrera eramango dute lehen bilera; 18:00etan izango da, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Herritarrak bertaratzera deitu ditu udalak

IUPI udalerrian dagoen irisgarritasun maila ebaluatzeko eta oztopo arkitektoniko, sozial eta komunikatiboak gainditzeko beharrezko neurriak proposatzeko tresna da.

Plan honek Lasarte-Oriako pertsona guztientzako ingurune inklusibo bat eraikitzeko duen konpromisoa islatzen duela azpimarratu du udalak, mugikortasun, entzumen, ikusmen edo kognizio mugak dituzten kolektiboak barne. Gaineratu du hezkuntza, kirola, turismoa eta kultura bezalako sektoreetan neurri zehatzak proposatzen direla.

Aztertuko dituzten eremu nagusien artean hauek nabarmendu dituzte:

  • Bide publikoak: kaleak, plazak, parkeak, arrapalak, oinezkoentzako pasabideak eta hiri altzariak. 
  • Eraikinak: Sarbideak, igogailuak, seinaleak eta zerbitzu egokituak.
  • Garraioa: Geralekuak, mugikortasun urriko pertsonentzako plazak eta garraio sistemen irisgarritasun orokorra. 
  • Komunikazioa: Informazio sistemak, irisgarritasun seinalizazioak eta irisgarritasun unibertsalaren prestakuntza. 

Bilera irekiak

Proposamenak eta iritziak jasotzeko lehen bilera iragarri du udalak; hilaren 29an, asteazkena, izango da, 18:00etan kultur etxeko hitzaldi aretoan. Horren ostean beste bi ere aurrera eramango dituzte; apiril hasieran izango da horietako bat eta ekaina amaieran bestea, baina datak aurrerago zehaztuko dituzte. 

Antolatzaileek jakinarazi dute saio horietan oztopo nagusiak identifikatu, eta Lasarte-Oria irisgarriagoa egiteko ekintzak lehenetsiko direla. Gainera, udalak herritarren parte hartze aktiboa sustatuko du inkesten eta kontsultarako beste mekanismo batzuen bidez.

Gauzak horrela, udalak herritarrak gonbidatu ditu prozesu horretan aktiboki parte hartzera eta euren ideiak eta esperientziak partekatzera, IUPIk udalerriko beharrizan errealak kontuan har ditzan.

Informazio gehiago nahi duenak, udalaren web ataria kontsulta dezake, edota Herritarren Parte-hartze sailarekin harremanetan jar daiteke.