Herrian ikasi eta haztearen abantailak partekatu dituzte familiekin

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 26a, 16:36

2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hastear da eta 2-3 urte bitarteko haurren familiek herrian bizi eta ikastea aukera dezaten, aurten ere, Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeek matrikulazio festa aurrera eraman dute, udalarekin lankidetzan. Iaz, Okendo plazan elkartu eta zenbait familiaren lekukotza partekatu bazituzten, gaur, Oriarte-Landaberri institutuko patio estalian festa bat gauzatu dute, musika, dantza eta jolasekin.

Familiekin partekatu eta eskaintzeko dutena ezagutarazteko baliatu nahi izan dute herriko bi ikastetxeek igande goizean burututako jaia. Globo horixketan jaso bezala, beraien seme-alabek Herrian ikasi eta hazi egitea aukera dezaten. Eguraldi ezatseginak ez du gehiegi lagundu, baina, hala ere, eguerdi partean gehixeago izan dira bertaratutakoak. 

Biribila osatuz kokatuta, aurpegi margoketa, globo tailerra, jokoak, henna tatuajeak... aukeran izan dituzte, eta erdian, kanta eta dantza egitera animatu dituen Eulali ipuin kontalaria. Narratzaile lana albo batera utzi du oraingoan, festa girotzeko. 

Bi ikastetxeetako zuzendariek, Oiartza Panpliega (Sasoeta-Zumaburu) eta Olaia Recondo (Garaikoetxea-Landaberri), informazio orriak eta poltsa bana oparitu diete familiei, beraiekin hitz egin eta azalpenak emateaz gain. Herrian erroldatuta eta matrikulatzeko adinean dauden 250 haurrek festan zehar opari batengatik trukatzeko txarla jaso zuten etxean, bi ikastetxeei buruzko informazioarekin batera. Ainara Elicechea Kultura zinegotzia bertan izan da bere haurrarekin eta Maite Iglesias Hezkuntza zinegotziak ere parte hartu du. 

Datorren astean ikastetxeak ezagutzeko aukera izango dute familiek, asteartean, Garaikoetxea-Landaberrin, eta larunbatean, Sasoeta-Zumaburun. Gainera, informazio bilera bana egingo dute, ostegunean eta otsailaren 4an, hurrenez hurren.