Moriartiko kideak 'Marco' filmari buruz solasean aritu dira kultur etxeko publikoarekin

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 24a, 22:54

Okendo Zinema Taldeak antolatuta, ostiral gauean Moriarti ekoiztetxearen Marco filma ikusteko aukera izateaz gain, Aitor Arregi eta Joxe Mari Goenaga zuzendariekin eta Xabier Berzosa ekoizlearekin hitz egiteko aukera izan dute bertaratutakoek. Bere burua Mauthausengo kontzentrazio esparruko preso gisa aurkeztu zuen Enric Marcoren bizitza du oinarri, gerora iruzurtia zela jakin zen.

Bide luzea egin zuen Moriarti ekoiztetxeak Enric Marcoren eskandaluaren atzeko historia kontatzeko. Duela 17 urte jarri zuten martxan, Jorge Gil Munarriz gidoilariak planteatu zien dokumental bat egitea, baina pixkana beste forma bat hartzen joan zen. Okendo Zinema Taldeko kide Mikel Yarzak galdetuta, Arregik hasi du ibilbide horren azalpena. 2006an Gil Munarrizek eraman zien gidoia dokumentala egin asmoz. Berak konfiantzazko harremana sortu zuen Marcorekin eta bi urtez landu zuen dokumentazioa. 2008an Marcok esan zion Alemaniara joan behar zuela paper batzuk jasotzera, hango presondegi batean egon zela erakusteko. Grabatu nahi izan zuten balizko dokumental horretako baina protagonistak esan zien ezinezkoa zela. Gerora, aldiz, aitortu zien beste ekoiztetxe batekin adostuta zuen dokumental baterako jaso zutela une hori. 

Ateak ixten zirela ikusita, proiektua bertan behera utzi zuten. 2010ean, ordea, Zinemaldian Kursaaletik atera ziren bazkaltzera eta "kalearen beste aldean Marco eta emaztea zeuden butifarra batekin". Berari buruz egindako lanarekin gustura ez zegoela eta beste zerbait egitea nahi zuela esan zien, eta beraiekin ondo portatu ez zela onartu. Hilabete gutxira 15 bat orduko elkarrizketa luze bat grabatu zioten, jaiotzetik ordura arte bizitakoa kontatu zien. "Material interesgarria" atera zen, baina horrekin zer egin oso ondo ez zekitela argitu du Arregik. Pixkana bi generoren arteko nahasketa izan zitekeela pentsatzen hasi ziren. "Egia, gezurra. Uste dut historia honekin oso ondo datorren zerbait dela. Fikzioa, errealitatea... Indarra hartzen joan zen hibrido bat egitea, baina oso ondo jakin gabe zer zen". 

Garai horretan hasi ziren fikzioa egiten, 80 egunean, Loreak... 2013an Javier Cercas idazleak berari buruzko liburu bat idatzi nahi zuela jakinarazi zien Marcok eta harekin harremanean jartzea proposatu. Kontakizunean sartzeko interesgarria zelakoan, Gil Bartzelonara joan zen Marco eta Cercasekin elkartzera. Idazlea harritu egin zen dokumentalean agertzeko proposamenarekin, eta uko egin zion. 2017 urtearen bueltan erabaki zuten fikziozko lana izango zela, keinuak eginez errealitateari eta 2023an errodatu zuten. "Argi berdea" Balenciaga telesailarekin hasi eta berehala jaso zuten. Marco aurreko urtean hil zen. 

Marcorekin harremana

Marcorekin izandako harremanari buruz galdetuta, Goenagak berarekin oso gutxi egon zela zehazten du. Pelikula egitea pertsona ez epaitzen ahalegindu zen, nahiz eta ikusi hasieratik nartzisista eta fokua behar zuen norbait zela, gabezia asko zituena haurtzarotik eta "bere bizitzarekin erabat asebeteta ez zegoen pertsona bat zen eta beste bizitza bat sortzea erabaki zuena".  Hala deskribatu du: "harroa, gustatzen zitzaion hitz egitea eta bere buruari entzutea, bazuen diskurtso bat". Gauza txarrak eta onak dituela uste du, eta berarengan gauza arraroak ikusi arren, "defendatzen zuen kausa zilegia zenez", jendeak bere susmoak alde batera uzten zituela. Ildo beretik, Arregik Marco ezagutu zuenean nahasketa bat sentitu zuen "gizon jasanezina" eta "seduktorea" baizen. "Txundidura" edo "deskoloke" horrek pentsarazi zien historiak kontatzea merezi zuela.

Publikoari galderak egiteko aukera eman die orduan Yarzak, eta material hori ikusgai baden galdetu diete. Hori ez baina bai eskandaluaren aurreko bai ondorengo materiala Interneten badela esan dio Goenagak, "Marco nolakoa zen ikusteko". Beraiek sortutako hori ikusi zuena Eduard Fernandez aktorea izan zen eta berarekin lan egiteko prozesua nolakoa izan den jakin nahi izan du aurkezleak. "Prozesu pribatu eta pertsonala" egin zuen, eta aktore gisa  "oso intuitiboa eta aldi berean tekniko" da. Arregiren esanetan, "plazer bat" izan zen. Batzuetan espero zuena baino hobe egiteaz gain, edizioan jabetu zen errodajean ikusi ez zituen zenbait detaileez. Goenagak, berriz, gehitu du pertsonaia sortzeko oinarri bat bilatu nahi izan zuela Fernandezek Marcoren haurtzaroan. "Ama eroetxe batean egon zen, bera eroetxe batean jaio zen eta horrek deserrotzea eragin zion. Eta Eduardentzako hor zegoen bere motorra pertsonaia eraikitzeko".

Berzosak, berriz, finantziazioa lortzeko prozesua azaldu du. Dokumentaletik filmera aldaketa eta beraien barne prozesua luzea izan bazen ere, dirua lortzekoa orokorrean izaten direnen modukoa izan zen. "Proiektu zaila da. Berezia da, berez, kontatzen duzu historia bat denok ezagutzen duguna eta misterio gabe".