Ehunka herritar kalera irten dira beste behin osasun publikoaren egoera salatzera

Maitane Aldanondo 2025ko urt. 25a, 14:52

Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformak deituta manifestazioa egin dute larunbat eguerdian. Dozenaka herritarrek parte hartu dute anbulatoriotik abiatu eta, euria medio, Loidibarren frontoian amaitu den mobilizazioan. Salatu dute herritarren erdiak baino gehiagok, %56, ez duela medikurik eta "asko eta asko", sufritzen ari direla, bai fisikoki bai animikoki. 

Jendetza bildu da anbulatorio aurrealdean eta kalearen beste aldean protesta ekintza hasi aurreko minutuetan. Hitz batzuk esan dizkiete antolatzaileek ekin aurretik eta bi pankarten inguruan antolatzen joan dira. Buruan zihoana zeramatenek gidatu dute bidea, Elizatzetik Kale Nagusira, handik, Hipodromo etorbidera eta Okendo zeharkatuta, Arkupe tabernaren parera heldu, eta abiapuntura bueltan, Loidibarren frontoiraino luzatu dute bidea. Harmailetan zutik gelditu dira pankartak zeramatzatenak eta gainerakoak pilotalekua betetzen joan dira. 

Arantxa Otaegik, euskaraz, eta Begoña Castrok, gaztelaniaz, irakurri dute idatzia.  Osasun Zentroaren aurrean irakurtzeko prestatuta zuten, baina protesta ekintzan parte hartu dutenak ez bustitzeko, pilotalekuan hartu dute aterpe. "Lasarteoriatarron Osasun Zentroa hemen dago, eta horregatik gaude gaur hemen. Hemen gaude, ez gaixorik gaudelako; hemen gaude haserre gaudelako. Haserre gaude gutako askok, gero eta gehiagok gainera, medikurik ez dugulako", eta horren aurrean pankartetan jasotako galdera egin dute: "Non daude gure medikuak?".

Haserre daude Osakidetzako arduradunek ez dutelako beraien hitza bete.  2024ko abendu amaierarako, hutsik zeuden lau mediku plazak beteko zituztela esan arren, bete gabe daude  "eta okerrago, modu informalean jakin izan dugunez, lanean ari zen medikuetako bat jubilatu da". Hortaz, apirilaren 12ko manifestazio jendetsutik hona, "egoera bideratu beharrean, okertu egin da". Zehaztu dutenez, herriari dagozkion 12,5 kupo medikuetatik sei bete gabe zeuden, hau da, lasarteoriatarren %48k ez zuen medikurik. Egun, aldiz, zazpi dira, eta %56ri eragiten dio. Hori lanean ari diren medikuen oporraldiak eta gaixoaldiak kontuan hartu gabe. 

Datu "gordinak" izateaz gain, "krudelak" ere badirela azaldu dute, herritar "asko eta asko" sufritzen ari baitira animikoki eta fisikoki. "Lasarteoriatar batzuk modu gizagabean ari dira sufritzen, gizagabean, eta ez da hiperbole bat". Abenduan testigantzak partekatzera gonbidatu zituzten herritarrak eta jasotako batzuk irakurri dituzte. 

Medikuak non dauden ez dakite, bai, ordea, Osakidetza kudeatzeko ardura izan dutenak, "egoera honetara ekarri gaituzten pertsonak", osasungintza pribatura salto egin dutela. Besteak beste, Gotzone Sagardui sailburua Vithas San Jose klinika pribatura pasatu da, aurreko sailburu Jon Darpon edo Gabriel Inclán Keraltyra edo Quiron taldera joan ziren moduan. "Asko laguntzen du horrek hemen gertatu dena eta gertatzen ari dena ulertzen". 

Ezer ilegalik egin ez badute ere, kudeaketa txarraz gain, Osasungintza publikoan ez sinestea eta Osasungintza pribatuaren alde lan egitea egotzi diete. Azken horren alde aegin dute, batetik, modu aktiboan, "kontzertazioen bidez diru publikoa pribatura bideratzen", eta bestetik, pasiboan, osasungintza publikoa "kaxkartzen utziz", horrela, jendeak pribatura joan beha izateko. Izan ere "bere lana ondo egingo balu", pribatua "marginala" litzate eta "askoz etekin txikiagoak" izango lituzke.  "Lehen Arretak egin behar duen lan prebentiboa gero eta eskasagoa izanda, gaixo gehiago egongo dira, botika gehiago salduko dituzte enpresa farmazeutikoek, kontsulta eta estantzia gehiago izango dituzte klinika pribatuek. Ea argi daukagun: lobby sanitarioarentzat osasuna ez da errenta, gaixotasuna da errenta". 

Hori guztia salatu dute gaurko manifestazioan, osasungitza publikoa "indartu eta defendatu" behar dela uste dutelako. Ez dute promesa gehiago nahi, konponbide errealak baizik; horrexegatik, zenbait eskaera egin dituzte:

  • Pribatizazioari aurre egiteko, euro bakar bat ere ez klinika edo enpresa pribatuei
  • Lehen Arreta indartzea, bai giza baliabideekin bai baliabide ekonomikoekin
  • Osasun langileen lan baldintzak hobetzea eta prekarietateari aurre egitea
  • Kudeaketa gardena eta parte hartzailea
  • Euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzea

Amaitzeko, Osasun Publikoaren Herri Plataformak datorren larunbatean, otsailak 1, Donostian aurrera eramango duen manifestaziorekin bat egitera deitu dituzte bertaratutakoak. Bulebarretik abiatuko da 17:00etan.