"14 urte nituela jaso nuen lehen kamera eta beti ibili izan naiz argazkiak ateratzen"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 24a, 08:56

IBON ROSALES MARTIN - 'ORDU TXIKITAKO ARGI MAGIKOAK ERAKUSKETAREN SORTZAILEA"

Argazkilaritzarekiko zaletasun handia du Ibon Rosales herritarrak. Han eta hemen, bisitatu dituen lekuetan lortutako irudiekin erakusketa ederra ondu du Jalgi kafe antzokian

Hamaiketako kafe eta pintxoa, edota arratsaldeko ardo kopa gozagarriago egiteko moduko erakusketa ikusgai jarri du Ibon Rosales Martin (Lasarte-Oria, 1963) herritarrak. Atzerrira egindako bidaietan, zein Euskal Herriko zenbait txokotako goizeko zein arratsaldeko argiekin jolasean lortu dituen argazki multzo zabal batetik aukeratutako hamabost irudirekin osatu du esposizioa. Pozik agertu da aspaldian zuen nahia gauzatu ahal izan duelako, eta hori ikusiko dutenek, eskaintza gustura hartzea desio du. Aurrerantzean ondu ditzakeen erakusketa berriei ez die aterik itxi. 

Nolatan ondu duzu 'Ordu txikitako argi magikoak' erakusketa?

Arkitektoa naiz, eta lanean argazki dezente ateratzen ditut, baina ogibidearekin zerikusirik ez duten irudiak ere egitea oso gustuko dut. Bulegoko lankide batek, duela bi urte, bere argazkiekin erakusketa bat zabaldu zuen Trintxerpeko taberna batean. Hura ikusita, gogoarekin geratu nintzen ni ere horrelako zerbait egiteko, eta balizko erakusketa bat prestatzeko nire artxibategietan zein material nuen begira hasi nintzen; bertan topatu nituen denboraren poderioz atera eta bildutako irudi asko. Hori ikusirik, iazko urrian Anarekin [Jalgi kafe antzokiko arduraduna] hizketan ari nintzela, erakusketa egin nezakeen galdetu nion; berak baiezkoa eman, eta martxan jarri nintzen. 

Hamabost pieza zintzilikatu dituzu. Zer ikusiko dute Jalgira joan eta erakusketa ikusiko dutenek? 

Erakusketa jarri behar nuen lekua ikusi nuenean, gutxi gorabehera banekien zenbat jar nitzakeen gehienez; hori izan da lan zailena, ditudan guztien artean hamabost horiek aukeratzea. 

Atzerrira bidaiatzen dudanean, edota hemengo txokoetan ere zerbait ikusgarria topatzen badut, gustuko dudana-edo, argazkia ateratzen diot; horrelakoetatik aukeratu ditut Jalgin ikusgai jarri ditudanak. Gehienbat izaten dira argi berezia dutenak, edota forma arrarokoak, eta abar. Ikusgai jarri ditudan argazkien kasuan, argiekin jolastu nahi izan nuen. Finlandiara eta Portugalera egindako bidaietan ateratako irudi batzuk erakutsi ditut, baita Baztango zein Donostiako beste batzuk ere, besteak beste. Agertzen diren argiei dagokienez, goizeko edo arratsaldekoak dira. 

 

"14 urte nituela jaso nuen lehen kamera; beti ibili izan naiz argazkiak ateratzen"

 

Hortik datorkio izenburua erakusketari: 'Ordu txikitako argi magikoak'? 

Bai, aipatu dizkizudan garai horietako argiekin ateratako argazkiak direlako. 

Bertan dauden irudiek, edo horietako baten batek badu inolako loturarik zure ogibidearekin?

Ez; arkitekturarekin lotura duten argazkiak baditut, beste erakusketa bat egiteko lain, baina, kasu honetan, nire gustuko argazkiak erakutsi nahi izan ditut. 

Horrelako lan bat aurrera eramateko, argazkilaritza gustuko izan behar...

Bai, oso, betidanik. 14 urte nituela jaso nuen lehen kamera eta beti ibili izan naiz argazkiak ateratzen. Garai batean garesti ateratzen zen argazkiak eskuratzea, baina, orain, digitalizazioarekin merkea da. Paperean irudikatzetik, diapositibetara pasa ginen, eta hortik,digitalizaziora; prozesu horrek kostuak merkatzea ekarri du. 

Paperean inprimatzen zirenean ere ezin izaten genuen jakin argazkia ondo atera genuen edo ez. Diapositibak iritsi zirenean, argazki gehiago ateratzen hasi ginen, eta, digitalizazioarekin, berriz, inolako arazorik gabe une bakoitzetik lauzpabost ere atera ditzakegu eta gorde, ondoren, horietatik guztietatik nahi duguna edo egokien atera dena aukeratu ahal izateko. 

 

Zer erretratatzea gustatzen zaizu gehien?

Niri izugarri gustatzen zait urte sasoi ezberdinetan zuhaitzen garapena erretratatzea, hau da, udaberrian, udan, udazkenean eta neguan kokapen finko bat hartu, eta sasoi bakoitzean, hortik bertatik itxura erabat ezberdina duen figura berari argazkiak ateratzea. Zuhaitza, jeneralean, udazkenean egoten da politen; astetik astera kolorez aldatzen baitira bere hostoak. 

Hasieran aipatu bezala, lanerako argazkiak ere egiten ditut, baina hori beste kontu bat da. Eraikinak, eraikin dira eta horiei dagozkien argazki batzuk izaten dira orokorrak eta beste batzuk detaile gehiago erakusten dute; horiek ere gustatzen zaizkit. 

Lau kamera baditut, eta segun eta zer irudi lortu nahi dudan, bat edo beste erabiltzen dut. Gaur egun ere sakelako telefonoek aukera onak eskaintzen dituzte. Azken boladan gailu horrekin argazki txukunak ateratzen ari naiz. Telefono mugikorra, gainera, sakelan daramagu, eta, edozein unetan edozeri argazkia atera ahal izatea ahalbidetzen du, kamera gainean eraman behar izan gabe. 

Teleobjektiboekin, adibidez, gutxiago ibiltzen naiz orain, astunagoak direlako eta soinean eraman behar direlako. Badut kamera txiki bat, zoom nahikoa duena eta argazki txukunak ateratzen dituena. Normalki horrekin eta sakelako telefonoarekin ibiltzen naiz ni. 

Nolakoa izan da erakusketa prestatzeko prozesua?

Zailena hori osatu duten argazkiak aukeratzea izan da. Behin hautaketa eginda, horiek nola kokatu nahiko erraz erabaki nuen, erraztasuna baitut aurrez nola geratuko diren irudikatzeko. 

Nik orain jarri dudan erakusketaren aurretik Maria Jesus Etxeberria usurbildarrarena egon zen ikusgai. Hark bereak nola jarri zituen ikusi nuen, eta zein tamainakoak ziren ere, eta horrekin, erabaki nuen zer-nolako tamainatan erakutsi behar nituen nireak. Irudi guztiak jatorriz digitalak direnez, horrek aukera ematen du erabakitzeko zein tamainan inprimatuko diren, baita zein materialean ere. Nik, gehienak A3 neurrian inprimatu ditut; guztiak hiru izan ezik. Horietako bat da Donostiako Paseo Berria erakusten duena; inprimatuta nuen, gustuko dudalako eta etxean nuen zintzilikatuta. Beste bietako bat da Igeldo menditik ateratakoa, eta, hirugarrena, berriz, Urgul eta Santa Clara uharte artean, erregata egun batean ateratzea lortu nuena.

 

"Gogoko dut urte sasoi ezberdinetan zuhaitzen garapena erretratatzea"

 

Sortutako lanak erakusteko erakusleiho aproposa da Jalgi kafe antzokia? Zergatik?

Bai, erabat. Profesionalak ez garenok galeria batera joateko aukerarik ez dugu. Gauzak horrela, Jalgi bezalako lekuak horrelako ekimenak aurrera eramateko erakargarriak direla iruditzen zait; aukera ematen digute profesionalak ez garenoi. Museoak edo kultur etxeak edo gisa horretako espazioak, gainera, hotzagoak iruditzen zaizkit. 

Noiz arte izango da lan horiek ikustera joateko aukera?

Oker ez banago, oporraldia dela-eta, datorren astean Jalgi itxita egongo da, baina, dena ondo bidean, otsail osoan ere izango dute bertaratzen direnek Ordu txikitako argi magikoak ikusteko aukera. 

Jalgikoaren ostean, baduzu beste inon erakusteko asmorik? Agian aukeraketatik kanpo geratu direnekin ere etor daiteke beste erakusketarik?

Erakusteko gehiago badauzkat, bai. Alabari argazkilaritzarekiko zaletasuna ere pasa diogu eta elkarrekin ere bagabiltza gauzatxoak egiten. Berak aipatu dit elkarrekin erakusketa bat egitea gustatuko litzaiokeela, beraz, agian, hitz eginda, hori ere aurrera eraman dezakegu; ikusiko dugu. Bere argazkiak egiteko modua nahiko artistikoa da. Zuri-beltzean egiten ditu asko, eta beste mota bateko argazkiak ateratzen ditu, eta posible da, bionak batuta zerbait sortzea aurrerago. 

Oraingo honekin jendea gustura geratzen bada, etor daiteke besteren bat. Ni herritarra naiz eta ezagutzen naute. Erakusketaren harira, hiru herrikide etorri zaizkit lan polita egin dudala esanaz; eskertzen da egia esan. Nire nahia ez da irudi horiek saltzea, dena den, norbaitek baten bat nahi badu, bada, kopia bat egingo da, baina, hori ez da nire desioa, baizik eta nire bizipenak erakustea.

Jendeak erakusketarekin gozatzea nahi dut, eta beldurrik gabe esan diezadatela gustatu zaien edo ez. Etxekoek ere argazki batzuk gustuko izan dituzte, eta beste batzuk ez. Egunerokoan kalean goazela ikusten duguna ikusteko zenbait modu daudela erakutsi nahi izan dut. Lortzen badut jendea hortaz jabetzea, ni gustura. 

"Jendeak gozatzea espero dut eta esan diezadala gustatu zaion edo ez"