Erregional eta jubenil I. mailako taldeek zorte ezberdinarekin amaitu dute fase erregularra

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 13:30

Erregional zein jubenil I. mailako futbol taldeek ligako lehen faseari agur esan diote hilaren 19ko jardunaldian. Lasarte-Oriako ordezkariek euren hitzorduei aurre egin –erregional mailan derbia izan zen–  eta denetariko emaitzak izan zituzten. Otsailean fase berria hasiko dute guztiek; maila igoera, kopa edo udaberriko kopa lehian izango dituzte 

Argazki galerian ikus daitekeen modura, Erregional I. mailako Ostadar SKT eta Texas Lasartearra CF taldeek derbia jokatuz amaitu dute euren kategoriako fase erregularra. 

Partida borrokatua izan zen Michelin kirol gunean hilaren 18an jokatutakoa. Azken jardunaldiari aurre egin baino lehen, argi zuten bi taldeek euren multzoko taularen erdialdean sailkatu –Texas laugarren zen eta Ostadar SKT bosgarren–  eta igoera jokatzeko aukerarik ez zutela. Baina hamahiru jardunaldi jokatu ostean, bi taldeen artean bi puntuko aldea zegoen bakarrik.

Talde urdin zuria markagailuan aurreratu eta neurketan zehar aukera ugari sortu arren, talde urdin beltzak markagailuari itzulia eman zion lehen zatia amatu baino lehen eta bigarren zatian, beste bi gol egin zituen hiru puntuak poltsikora eramateko.

Epailearen azken txistuarekin bat neurketa hasierako postuak trukatu zituzten herriko taldeek; Ostadar SKTk laugarren postura igo zen eta Texas bosgarrenera jaitsi zen. Hurrengo fasean, kopa jokatuko dute herriko bi taldeek.

Fase berria

Ez da erregional maila fasea amaitu duen kategoria bakarra izan; jubenil I. mailako ordezkariek ere eman diote amaiera lehia erregularrari. Texas Lasartearrako ordezkariek euren neurketak irabazi zituzten Mundaiz (1-3) eta Usurbilen aurka (2-1); Ostadarrek, aldiz, 4-1 galdu zuen Urnietan. Otsailetik aurrera, fase berriari ekingo diote hiru taldeek. Texas Lasartearra B taldeak igoera izango du jokoan, A taldeak kopa eta Ostadar SKTk, aldiz, Udaberriko kopa.