Boleibol taldeek denetariko emaitzak izan zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 11:30

Ostadar Boleibola saileko ordezkariek ligako hitzordu berriari egin zioten aurre hilaren 18an eta 19an. Euren onena eman zuten talde urdin-beltzeko kideek Gipuzkoa txapelketa zein Euskal Ligako hitzorduetan emaitzak, ordea, ezin ziren guztien aldeko izan

Kadete mailako Gipuzkoako txapelketako bi hitzorduz gozatu ahal izan zuten herriko zaleek hilaren 18an, goizean. Mihise batek banatuta Ostadar SKTko bi taldeek ligako euren hitzorduari egin zioten aurre Maialen Chourraut kiroldegiko pistan. 

A taldeak Ipar Titanak izan zuen aurkari. Ederki saiatu arren, etxeko taldeak ezin izan zuen setik eskuratu eta Donostiako taldea nagusi izan zen hiru jokoetan (17-25, 11-15 eta 13-25).

Mihisearen beste aldera Aldapeta Mariari egin zion aurre B taldeak eta partida horretan ere ez zuten zorterik izan talde urdin beltzeko kideek; Donostiako ikastetxeko ordezkariak 3-1 irabazi zuen.

Denetariko emaitzak

Gainerako taldeek txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten kanpoko lehietan.

Tolobolei 1en aurka neurtu zituzten indarrak infantil taldeak Tolosan; 3-0 (25-6, 25-16 eta 25-12) galdu zuten urdin-beltzek.

Donostian lehiatu ziren jubenilak Fortuna 1 taldearen aurka. Lehen bi setetan urdin-beltzak 11-15 eta 13-25 gailendu ziren arren, hirugarrenean ederki borrokatu ziren donostiarrak garaipena lortzeko, 27-25. Azken jokoan, Ostadarrek berriro bere jokoa erakutsi eta 12-25 irabazi zuen.

Eta neurketarik galdu gabe jarraitzen du Euskal Ligako II. mailako taldeak. Asier Acuriolaren jokalarien nagusitasun osoz lortu zituzten garaipeneko puntuak Iruñean (Nafarroa); Navarra Villoslada taldea 0-3 (14-25, 9-25 eta 13-25) garaitu zuen.

Liga erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta ditu boleibol ataleko lehen taldeak eta bere multzoko buru mantentzeko erabakigarriak izango dira. Hurrengo bi asteetan etxean jokatuko ditu hitzorduak; lehena hilaren 25ean, 18:00etan Universidad de Navarraren aurka eta bigarrenean Galdakoa BT izango du aurkari, otsailaren 1ean, 18:00etan. Eta otsailaren 8an, Logroñon (Errioxa) izango du lehen faseko azken neurketa.