Buruntzaldea IKTko alebin eta benjaminek euren garapena erakutsi zuten Tolosan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 10:45

Alebin ligako hitzorduan parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilari gaztetxoek hitzordu bikoitza izan zuten Tolosako Usabal kiroldegian. Alebinek Ligako hirugarren hitzorduari egin zioten aurre; taldeko txikiek, aldiz, topaketa izan zuten. Bietan ederki jardun ziren herriko taldeko ordezkariak

Alebin mailako zazpi kide izan ziren lehenak igerilekura jauzi egiten:  June Apeztegia, Izaro Bautista, Lier Garmendia, Aitor Ormazabal, Kerman Miguel, Urko Azpiazu eta Irai Jauregi.

Ligako hirugarren jardunaldia 200 m. bizkar probarekin hasi zuten gaztetxoek eta marka hobekuntza "nabarmenak" egin zituzten. Bular estiloko 50 metroko proba izan zen hurrena, "asko lan ez arren, igeriketa erak ez ziren batere txarrak izan" eta hobekuntzak ere izan zituzten. Jardunari amaiera emateko 40x50 m. lau estilo erreleboari egin zioten aurre.

Zehazki honako probetan lortu zituzten hobekuntzak Buruntzaldea IKTko ordezkariek:
  • June Apeztegia, 200 m. bizkar eta 50 m. bular. 
  • Izaro Bautista, 200 m. bizkar.
  • Lier Garmendia, 200 m. bizkar eta m. 50 bular.
  • Aitor Ormazabal, 200 m. bizkar, 50 m. bular eta 50 m. bizkar.
  • Kerman Miguel, 200 m. bizkar.
  • Urko Azpiazu, 200 m. bizkar eta 50 m. bular.

Lortutako marka guztien artean, aipatzekoa da Aitor Ormazabalek Udarako Euskal Herriko gutxienekoa egin zuela bizkar estiloko 200 metroko proban, 02.48,43.

Eta gaztetxoek amaitzean, benjaminen topaketa burutu zen. Buruntzaldea IKTko hamabi haur izan ziren lehian 50 m. eta 100 m. bizkar probetan. Estilo libreko 6x25 m. errelebo mistoa ere jokatu zuten.

Igeriketa taldeko prestatzaileek azaldu dutenez, arautegiaren inguruko ezagutza, estiloen ikaskuntza eta igeri egiteko moduari ematen diote garrantzia maila horretan: "guztiak txukun eta lasaitasunez igeri egiteaz gain, arautegia ondo betez aritu ziren eta beraz, oso gustura atera ginen gure txikiek egindakoarekin".

Bai alebin, bai benjaminek hurrengo hitzordua Lasarte-Oriako Maialen Chourraut igerilekuan izango dute, otsailaren 15ean. Bien bitartean, hilaren 26an, Aitor Ormazabal eta Kerman Miguel Alebinen Teknifikazio Sarian lehian izango dira.