Pentsioak jorraitzen jarraituko dute gaur, borobilean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 23a, 08:00

Abenduaren 11n egin zuten pentsioei buruzko aurreneko solasaldia.

Sole Agirre Garro aktibista gonbidatuko du Borobilean Elkarteak gaur Oriarte Landaberri institutura, 19:00etan, pentsiodunen mugimenduak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen Herri Ekimen Legegilearen gaineko azalpenak eman ditzan. Antolatzaileek gogorarazi dute doakoa eta irekia dela saioa.

Pentsioei buruz hitz egiten agurtu zuten 2024a eta gai berari helduko diote urte berriko aurreneko solasaldian, zehazki, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak landu eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen Herri Ekimen Legegileari: horren helburua da herritar guztien pentsio duinak bermatzea. Horretarako, eskatu dute 60 urtetik gorako pertsonek hilero jasotzen dutena Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (iaz 1.134 eurokoa izan zen) parekatzea. 

Ekimen hori dagokion erakundean aurkeztuta, atxikimenduak biltzeari ekin diote. Eragile horren ordezkari Karlos Etxeberriak abenduko hitzaldian zehaztu zuenez, 10.000 sinadura behar dituzte gutxienez eta horiek jasotzeko udalerriz udalerri bilketa ekimenak antolatzen ari dira. Datorren osteguneko saioa baliatuko dute horri buruz hitz egin eta Lasarte-Orian jarduera hori dinamizatuko duen taldetxo bat osatzeko.