Ostadarreko Eider Redondo gaztea izan zen domina gehien jantzi zituen herritarra. Urrezko eta zilarrezko garaikurrak eskuratu zituen; biak jauzi probetan. Azken saiakeran 5,39 metro egin eta luzera jauzian txapeldun izan zen. Altuera jauziko proban ere ederki borrokatu zen azkenera arte, ezin izan zuen 1,56 metroko langa igaro eta 1,53 metrorekin bigarren izan zen.
Pisu jaurtiketan lortu zuten herriko taldeak bigarren urrezko domina. Oihana Igarrizek 10,59 metroko jaurtiketa behar izan zuen Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratzeko.
Eta jauzi hirukoitzean batu zuen bigarren zilarra Ostadarrek. Zehazki Oinatz Almagrok lortu zuen bigarren postua, azken saiakeran 13,30 metrora iritsi ostean.
Aipatu legez, ez ziren hauek podiumera igo ziren herritar bakarrak izan. 60 m. lasterketan hiru herritar izan finaletan eta bi lehen hiruren artean sailkatu ziren. Gizonezko mailan, Yeray Veronizek urrezko domina jantzi zuen 6,98 markarekin. Aurretik final erdian bere denboraldiko marka ondu zuen 6,92 eginez.
Emakumezko mailan, aldiz, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi hirugarren izan zen (7,84) eta Ostadar SKTko Iraia Alkortak zortzigarren postuan (8,10) amaitu zuen lasterketa.
Ez zuten garaikurrik lortu, baina markak ere ondu zituzten talde urdin beltzeko kideek, hala nola, June (01.47,23) eta Erin Iruretagoyena (1.47,68) ahizpek 600 m. proban edo Maider Abetek (8,24) 60 m. lasterketan.
Eta herriko atletek pista estaliko garaikur poltsa handitzeko aukera berria izango dute hilaren 25ean eta 26an, Euskadiko txapelketan.