Taula Xake klubeko kideek, jardun ona ligako bigarren hitzorduan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 22a, 12:30

Taula Xake klubeko kideek talde zein gazteen mailako Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute eta puntuak eskuratu dituzte maila ezberdinetan

Taldeen arteko txapelketako  saioa jokatu zuten hilaren 18an Taula Xake Klubeko kideek. 

Oraingoan Salto Bidasoa taldeko bi aurkari izan zituzten aurrez aurre. II. mailako A taldeak etxean, Blas de Lezo kaleko lokalean jokatu zuten Salto Bidasoa C taldearen aurka eta B taldeak, aldiz, Irunera egin zuen bidaia II. mailako Salto Bidasoa Dren aurka lehiatzeko.

A taldeko kideak ederki borrokatu ziren lehia ezberdinetan. Miguel Maria Barojak eta Erlantz Sanchezek garaipena erdietsi zuten, Jose Ignacio Echeverriak berdinketa eskuratu zuen eta Pablo Arrondok ezin izan zuen punturik eskuratu. Ondorioz, neurketa 2,5-1,5 amaitu zen eta lehen bi jardunaldien ostean, bere multzoko hirugarren da herriko taldea.

Irunen nagusi izan zen  Taula B taldea; kide guztiek –Juan Cruz Figueras, Alejandro Sanchez, Juan Luis Varela eta Unai Grado– euren aurkaria gainditu zuten. Lau puntuei esker, B multzoko sailkapen buru jarri da Lasarte-Oriako taldea.

Egun bat beranduago, talde kide Erlantz Sanchez gazteak Gazteen mailako Gipuzkoako txapelketako bigarren hitzordua izan zuen, Donostian.

Danel Artola irundarra izan zuen aurkari eta parra geratu ziren.