Jonatan Reinok zuzentzen duen Ostadar taldea Antigua Luberri, Yoga Shala Askatuak eta Andraitz KE taldeekin batera sailkatu zen lauko finalera.
Lehen kanporaketa Antigua Luberriran aurka jokatu zuen hilaren 18an talde-urdin beltzak Maialen Chourraut kiroldegian.
Nagusitasunez, 69-24, gainditu zuten etxekoek Donostiako taldea eta hurrengo egunean jokatuko zen finalerako txartela ere eskuratu zuen.
Finala ere etxean lehiatu zuen Ostadarrek Donostiako beste taldearen aurka, Yoga Shala Askatuak; aurkariek ederki borrokatu behar izan zuten euren kanporaketan Andraitz garaitzeko, 59-57.
Euskal Ligarako bidean, azken urratsa ere ederki gainditu zuen kadete taldeak 64-47. Lehen laurdenean aurre hartu zion donostiako taldeari eta neurketa osoan zehar aldea handitzen joan zen; 19-11, 13-7, 17-10 eta 15-19 izan ziren partzialak.
Garaipenari esker, otsailean maila berriari egingo dio taldeak, Euskal Ligari. A-2 multzoan lehiatuko da eta maila mantentzeko lehen bi postuetan sailkatu beharko da talde urdin-beltza.
Ezin igoera lortu
Aipatu moduan, ez zen igoera jokoan zuen talde bakarra izan; junior eta kadete errendimendu zilar mailako taldeek ere urrea mailara jauzia egiteko sailkapen fasea jokatu zuten. Ezin izan zituzten euren aurkariak gainditu eta zilar mailako fase erregularra jokatuko dute.
Junior mailan, Ostadar SKTk Bera Bera Rikardo taberna izan zuen aurrez aurre, Manteo kiroldegian, Donostian. Donostiarrak nagusitu ziren neurketaz hasieratik eta talde urdin-beltzeko kideek ezin izan zuten ezer egin. 54-26 amaitu zen partida.
Azpeitian izan zuen sailkapen lehia kadete zilar taldeak. Etxaniz Autoeskola ISB izan zuen aurkari eta etxekoek 41- 22 irabazita finalerako txartela eskuratu zuten.
Gainerako taldeak
Federatu mailako gainerako taldeek ere ez zuten zorterik izan euren lehiatan.
II. senior mailako kideek AZ Casa La Riojaren aurka lehiatu zuten etxean eta donostiarrak gailendu ziren, 56-81.
Zast Bollicaok ere gauza bera egin zuen Kadete partaidetza mailan; 37-47 irabazi zion Ostadarri.