Bost heziketa saio aurrera eramango dituzte Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan, astearteetan, 16:00etatik 19:00etara. Oinarrizko ezagutzak jasota, martxoaren 11n eta 25ean, bi bidelaguntza kolektibo burutuko dituzte, horietan, KoopFabrikako bidelagun taldeko kideek proiektuetan hurrengo urratsak egiten jarraitzeko laguntza eskainiko diete ekintzaileei. Hortaz, egitasmoaren filosofian jarduteko ezagutzak eskuratu eta bai elkarrekin bai elkarrengandik ikasteko gunea ematen die partaideei.
Formakuntzan edonork parte hartzeko aukera badu ere, bereziki bideratua dago proiektu kolektibo bat gauzatu nahi duten norbanako zein taldeei, beraien jarduera hobetu edo profesionalizatu asmo duten elkarteei, kooperatiba bilakatzeko bidean jarri nahi duten enpresei edota ekonomia sozial eraldatzailean kokatu nahi duten erakunde publikoetako kideei.
2017 urtean eskaintza plazaratu zutenetik, 725 pertsonak parte hartu dute eskolan eta 75 bat proiektu jarri dira abian, horietako hamasei Beterri-Buruntza eskualdean. Prozesuan 150 erakundetik gora saretu dira eta beste horrenbeste proiektu bidelagundu dituzte. Horrez gain, garatu duten metodologian oinarritutako beste hainbat proiektu jarri dira martxan Euskal Herriko hamaika txokotan.
Inguruaren zerbitzura jardun
Antolatzaileen esanetan, ekintzailetza soziala euskal gizarteak berezko dituen bi iturritatik edaten duen praktika konkretua da, batetik, kooperatigintzatik edo ekonomia sozialetik; eta bestetik, garapen komunitariotik edo herrigintzatik. KoopFabrika, berriz, Beterri-Buruntzaldeko Kooperatzen eta Debagoienako Berrekin-Berregin egitasmoen batura da, haietan jardun ziren eragileak barneratu eta beste batzuk gehituta. 2017tik aurrera daramaten heziketa programaren sustatzaileak dira Olatukoop (Euskal Herrian Ekonomia Sozial Eraldatzailean jarduten duten kooperatiba, elkarte eta erakundeen sarea), GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta Lanki (Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia), eta hainbat udalen eta garapen agentziaren laguntza jaso dute, Beterri-Buruntzako udalena, kasu.
Hastear den programa honetara arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa ere izan dute, baina "Euskal Herriko herritarren zerbitzura egongo den ekonomia sustatzeko ezinbesteko tresna" dela sinetsita, hura gabe ere aurrera egitea erabaki dute, euren interkooperazio eta baliabideei esker gauzatuz. Izan ere, datozen urteetan helduko diren erronka sozioekonomikoen aurrean, ekonomia sozialak eta ekintzailetza kooperatiboak erantzun "erresiliente, iraunkor eta bizigarriak" eskaintzen dituela ikusi baitute urteotan.
Zazpi urteotan egindako bidean ekintzailetza kooperatiboko ziklo eta metodologia bat sortu dute: formakuntza saioak, tresna, adierazle sistema eta bidelagun gida bat. Ikasketa prozesua, KoopFabrika sekuentziaren lehen fasea da, "oinarri-oinarrizkoa zein ezinbestekoa". Trebakuntza jaso, tresnak aurkeztu eta proiektu-ideiarako lehen gakoak jasotzeko abagunea izateaz gain, askotariko jardueren bidez saretzea ere sustatzen dute edizio bereko nahiz desberdinetako ekintzaileen artean.
Eskolaren edukiak
- Ekonomia sozial eraldatzailea: ekonomia eraldatzaileetan eta kooperatibismoan sakondu, eta lanaren burujabetzaren eta ekintzailetza sozial kooperatiboaren marko teorikoa ezagutarazi.
- Ekonomia feminista eta antiarrazista: generoak eta arrazak duten dimentsio sozioekonomikoan sakontzen dute. Besteak beste, emakumeak, gizonak eta pertsona ez binarioak ekonomian kokatu, bertan nola eraikitzen diren ikusi, eta bizitza prekarioetatik gozagarrietara salto egiteko gakoak azaldu.
- Lurraldea eta ekosistema kooperatiboak: lurraldea, tokiko garapena, iraunkortasuna, kohesio soziala... azaldu eta ekosistema kooperatiboak zer diren eta beraien eraikuntzak duen garrantzia aztertu.
- Komunitatea, marketin komunitarioa eta komunikazioa. Proiektuek tokiko garapen komunitarioa sustatu behar dutenez, lekuan lekuko testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoak deskribatzen dituzte, proiektuen komunitateak definitu eta eraikitzeko, eta haietan oinarritutako marketin eta komunikazio planak diseinatzeko.
- Pertsonak eta lantaldea proiektu gozagarrietan: Talde izaerari arreta eta hori egiteko garrantzitsuak diren gaiak edota esparruak lantzen dituzte. Proiektua osatzen duten pertsonen arteko harremanaz osatzen da taldea eta talde osasunak eragin zuzena du proiektuaren garapenean.
- Lan arloa eta kudeaketarako gakoak. Batetik, kooperatiben eraketarako hasierako urratsak, kooperatiben gizarte segurantza eta nominak, zerga sistema... lanketa, eta bestetik, proiektu eraldatzaileen barruan, kudeaketa ikuspegitik baliagarriak izan daitezkeen hainbat tresnen aurkezpena.
- Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzazioa. Proiektu edo enpresa plana osatzeko beharrezko elementua den bideragarritasun ekonomikoko kontzeptuen lanketa praktikoa, eta horren barruan, finantzazio modu etiko eta kolektiboena.