Haurrak herrian matrikulatzea sustatzeko festa egingo dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 21a, 12:58

Ezker-eskuin: Olaia Recondo, Maite Iglesias eta Oiartza Panpliega.

Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeek datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina martxan jarriko dute igande honetan, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean aurrera eramango duten ospakizun kutsuko jarduera baten bidez. Oriarte Landaberri institutuan izango dira, 11:00etatik 13:00etara, bertaratzen direnei informazioa eman bitartean ongi pasatzeko tartea emanda. 2 eta 3 urte arteko familiei zuzenduta dago egitasmoa.

Udaleko Hezkuntza zinegotzi Maite Iglesiasek xehetu du zer-nolakoa izango den igandeko festa. Ikastetxeetako bakoitzak postu bat izango du, horietara bertaratzen direnei azalpenak eta informazioa emateko. Bitartean, zenbait jardueratan parte hartu ahalko dute Oriarte Landaberrira bertaratzen direnek: aurpegi margoketa, globoak egiteko tailerra, malabaristak, hennarekin egindako tatuajeak eta musika. "Ekimen hori egin aurretik, Lasarte-Orian erroldatuta dauden eta matrikulatzeko adinean dauden 250 haurrek opari batengatik trukatzeko txartel bana jasoko dute etxean, bi ikastetxeetako informazioa duen eskuorriarekin batera". 

Zinegotziak balioan jarri du udalak bi ikastetxe horiekin batera matrikulazioa sustatzeko egiten duen lana: "Pixkanaka-pixkanaka fruituak ematen ari da".

Herrian ikastearen onurak

Oiartza Panpliega (Sasoeta-Zumaburu) eta Olaia Recondo (Garaikoetxea-Landaberri) zuzendariek nabarmendu dituzte haurrak herriko ikastetxeetan dakartzan onurak: "Kuadrillak sortzea, udalerriareko sustraitasun sentimendua indartzea eta familiak erosoago sentitzea". 

Igandeko festaren ostean, ate irekien jardunaldiak eta informazioa emateko bilerak egingo dituzte bi ikastetxeek. Garaikoetxea-Landaberri ezagutzera joan nahi dutenek hilaren 28an izango dute horretarako aukera, hiru orduz. "Etxeetan banatu ditugun eskuorrietako QR kodeak sakelako telefonoarekin eskaneatuz gero, familiek aukera izango dute ordua hartzeko 17:00etan, 18:00etan edo 19:00etan", azaldu du Recondok. Bi egun geroago bilduko dira interesa dutenekin. Gogoratu du "ezinbestekoa" dela inskribatzea; herritarrek hezkuntza zentroaren webgunea edota 943-37 06 62 telefono zenbakia erabili beharko dituzte horretarako.

Sasoeta-Zumaburuko ate irekien jardunaldia otsailaren 1ean egingo dute, 10:00etatik 13:00etara. "Etortzen direnei gainetik azalduko dizkiegu zentroaren funtzionamendua, zerbitzuak eta hezkuntza proiektuaren nondik norakoak", aurreratu du Panpliegak. "Inskribatu direnekin bi bilera egingo ditugu eta aurrenekoa 4an izango da, 17:00etatik aurrera". Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943-36 12 26 telefono zenbakira hots egin dezakete edo zentroaren atari digitala kontsultatu.