Azaroaren 7ko eta abenduaren 12ko bileretako aktak onartuaz ekin dio udalbatzak urteko lehen ohiko bilkurari.
PP alderdiak aurkeztutako bi mozioetatik lehena eztabaidatu dute gero. Lasarte-Oriako udalerrian sorospen etxea jartzea eskatu du aipatu alderdiak, baina, horri, beste mozio transakzional bat aurkeztu dio PSE-EEk, eta azken hori izan da landu dutena. hau da eskatu dutena: "Lasarte-Oriako Udaleko Osoko Bilkurak 2023ko apirilaren 20an egindako eskaera
errepikatzen du, Lasarte-Oriako Osasun Zentroan larrialdiko arreta zerbitzua ahalik eta lasterren berriro irekitzeko".
Gaia bozkatu aurretik, EH Bildu mozio horri bigarren eskakizun bat gehitzeko eskaera eragin du; hilaren 25erako LOOPAk deitu duen manifestazioari atxikimendua ematea. Bi alderdiek onartu dute eskaera hori eta bozketa egin dute; aho batez onartu dute gaia.
Gai ordenako hirugarren puntuan ere PP alderdiaren mozio bat landu dute. Oraingoan, N-1 errepidea lurperatzeko azterlana egitea galdegin du. Horri, PSE-EEk ñabardura bat gehitzeko eskaera egin du; lurperatzeko azterketa egiteaz gain, estaltzekoa ere gauzatzea. Onartu du proposamen hori alderdi popularrak, eta bozketa egin dute. Aldeko 8 bozkarekin (PSE-EE eta PP), 6 abstentzioarekin (EH Bildu eta ELOP) eta aurkako 2 bozkarekin (EAJ) aurrera egin du gaiak.
Galdera eta erreguak, amaitzeko
Saioa amaitu aurretik, oposizioko alderdi EH Bilduk hainbat galdera eta erregu egin dizkio udal gobernu taldeari. Uxue Loinaz aipatu alderdiko kideak hondakinen kudeaketaren gaiaz mintzatu da; galdetu du edukiontziekin dagoen arazoa (apurtuta daude asko) irtenbide emateko ezer pentsatu duten, eta, horrekin batera, birziklapen tasei dagozkien datuen txostena osatuta duten.
Oihan Agirretxen hartu du hitza gero, eta Gizarte Zerbitzuen sailari erreferentzia eginez, erregutu die departamentu horren errealitatearen benetako diagnostiko bat egiteko, horrek "hobetu beharrekoak identifikatzea, saila indartzeko esrategiak diseinatzea eta eraldaketarako plana martxan jartzea" ahalbidetuko duela argudiatuz.
Asier Gorostegik, berriz, hainbat gairi buruz jakin nahi izan du. Hezkuntza departamentuari galdetu dio ea 2025. urteko udaleku irekien gaineko lehiaketa noiz argitaratzeko asmoa dute (eta hitzartze hori baliatu du, eskatzeko, iazkoen dokumentazioa kontratatzailearen profilean publikatzeko).
Jaietako zinegotzi Txus Alonsori, berriz, iazko Gabonetako ekintzak kontratu txikien bitartez kontratatu diren galdetu dio, eta, amaitzeko, Kirol sailari, Atsobakar kirol instalakuntzaren irekiera dela-eta, galdetu dio norbanakoek edozein ordutegitan izango duten horren erabilera egiteko aukera, edo mugarik izango den.