Zientziaren, naturaren eta gizatasunaren arteko tentsioak aztertu ditu Gotzon Huegun Burgos eskultore lasarteoriatarrak, Sinkronia izeneko erakusketan. "Lotura horien konplexutasuna islatzen duten forma eta ehundura organikoak" erabili ditu horretarako. Cristina Enea fundazioaren egoitzan (Mandasko Dukearen Pasealekua, 66) ikusgai jarri du esposizioa eta bertaratu nahi dutenek martxoaren 16ra arte izango dute (abenduaren 27an zabaldu zuen). Ordutegia 09:30etik 18:00etara artekoa da astegunetan; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.
Hiru aretotan banatu du erakusketa Huegunek eta hamazazpi mural, bost eskultura eta zenbait zirriborro ikusgai jarri ditu espazio horietan. "Gizakiaren eta naturaren arteko harremana berriz aztertzera gonbidatzen gaitu, gure ingurune naturalarekin oreka bat berrezartzeko eraldaketa sakon baten premia nabarmenduta", azaldu du egileak Cristina Enea fundazioaren webgunearentzat egindako adierazpenetan. Gauzak horrela, "esperientzia murgiltzaile bat" biziko dute esposizioaz gozatzera joaten diren ikusleek: "Zientziaren eta naturaren arteko norgehiagoka, ekosistemaren barruan dugun tokiari buruzko gogoeta; eta sinkronia proposamenaren gailurra".
Huegunek erakutsi nahi du aipatutako alor horiek oso lotuta daudela, zientziak naturarekin zerikusirik ez duen pertzepzioari erronka botata. Norabide horretan, artistak iradokitzen du "ingurunearekin dugun harremana aldatzea" dela "mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat" lortzeko bide bakarra, erakusketari izenburua eman dion "gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko sinkronia" erdietsita. Hori horrela izanik, "ekintzarako deia" da lasarteoriatarraren esposizioa, "munduan dugun zeregina birplanteatzeko" eta izaki bizidun guztiek "harmonian aurrera egin ahal izango duten etorkizunarekin konprometitzeko".
Dokumentalaren estreinaldia
Erakusketa jarri duen espazioan bertan estreinatuko dute artista lasarteoriatarraren ibilbidea errepasatzen duen Sinkronia. Artea eta natura dokumentala, hilaren 24an, 17:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dute doakoa eta librea dela sarrera, areto horretako toki guztiak bete arte. Gorka Ipinazarrek eta esposizioaren egilearen alaba Haizea Huegunek egin dute ikus-entzunezkoa.
Aipatu dokumental horretan erakutsi dute zer-nolako eragina duen naturak lasarteoriatarraren sortze prozesuan. "Bere begirada artistikoaren bidez, Huegunek bere historia, arteari buruzko gogoetak eta gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko harremanaren pertzepzioa partekatzen ditu", azaldu dute. "Ikus-entzunezko ibilbide horrek sorkuntza artistikoa esploratzera gonbidatzen gaitu, inguratzen gaituen munduarekiko sinkronia prozesu gisa".
Huegunek hogei urte baino gehiago daramatza eskulturak egiten eta bere lanetako batzuk Lasarte-Orian bertan ikus daitezke, hala nola, Askatasunaren parkeko Biharraren oroipena edo Atsobakar auzoko parkean dagoen Argizaiola (berria, jatorrizkoa lapurtu egin baitzuten duela zenbait urte). Gaur egun Azkarate herrian (Nafarroa) bizi da eta bertan duen estudioan sortzen jarraitzen du. Lantokiaren ondoan esposizio areto bat atondu du bere sorkuntza lan nabarmenenak erakusteko. Euskal Herriko sortzaile ezagunenetako baten jarduna izan da lasarteoriatarraren inspirazio iturri, Jorge Oteizarena.