Instalazioen erabileraren nondik norakoak azaldu baino lehen, kirol gunearen irekieraren atzerapenaren berri eman du alkateak eta Iberdrolari egotzi dio errua: "Lanak iraila-urrian amaituak egon arren, Iberdrolak gune guztia martxan jartzeko beharrezkoa zen energia potentzia emateko zain egon gara. Ia lau hilabete egon gara zain. Tamalgarria da herritarren erabilerako kirol instalazio batzuek hainbeste itxaron behar izatea".
Atsobakar gunearen irekiera Udalak martxan duen kirol instalazioen berrikuntza planeko lehen pausoa dela gogoratu dute udal ordezkariek prentsaurrekoan; hurrengoa kiroldegi berriaren eraikitzea izango da.
Era berean, gunea berria eremuan erreferente bihurtu eta herriko kirolarien garapenarentzat onuragarria izatea espero dutela azpimarratu dute. Pildainen hitzetan, "Lasarte-Orian maila oneko kirolari eta promesak ditugu. Euren jarduna aurrera eraman eta euren ibilbidea garatu ahal izateko lehen mailako instalazioak dira hauek. Udalak kirolaren alde apustu egin duela argi geratu da".
Instalazioen erabilera
Aurreratu moduan, hilaren 21ean 15:30etik aurrera herriko kirol elkarteek eta herriko zein Buruntzaldea eremuko kirol abonatuek instalazio berria erabili ahalko dute.
Kirol elkarteei dagokionez, atletak eta errugbi zein futbol taldeak izango dira guen berriaz baliatuko direnak. Era horretara, Michelingo jarduera arindu eta herritik kanpo entrenatzen ari diren taldeak herrira itzultzea ziurtatzen da.
Michelinetik datozen taldeei, "euren jardunean asko ez eragiteko" egun duten ordutegia mantenduko zaiela ere jakinarazi dute.
Eta gainera klubek indarra landu eta kirol osteko errekuperaziorako gimnasio espezifiko bat izango dutela ere zehaztu dute: "Errugbi eta atletismoko kideek lehorrean lan egin ahal izateko prestatu da. Oraindik gela hutsa dago, baina egun batzuk barru iritsiko da makinaria".
Halaber, Atsobakar gunean kluben eta erabiltzaileen jarduera bateragarri egin nahi denez, kirol zerbitzua erabilera araudi batean pentsatzen ari dela aurreratu eta lehiaketa edo neurketaren batean pista edo gunea itxia egon daitekeela ere azaldu dute: "Futbol partidak badaude, zaila izango da pista erabili ahal izatea".
Baina oraingoz entrenamendu saioak izango dira instalazioetan egin ahalko direnak; partidak edo lehiaketak ikusteko tartetxo batean itxaron beharko da: "Homologazioaren azterketa teknikoa egin da, baina baiezkoaren zain gaude"
Bestelako doikuntzak
Kirol gune berriaren eraikina energetikoki eraginkorra da; eraikineko tenperatura berotu edo hoztuko duen aerotermia sistema bat du eta horri esker, A mailako ziurtagiria jaso du.
Hala ere, instalazioa berria den arren, doikuntza batzuk egiteko daudela jakitera eman dute agerraldian.
Batetik Luzuriaga aldean dagoen atearen atzeko sarearen tamaina handituko da eta beste atearen atzean ere sarea jarriko da, "pistako ilargi erdiak lasai erabili ahal izateko".
Eta 2025 urteko aurrekontuetan aurreikudi modura, harmaila jarriko da harrera eraikuntzaren ondoan dagoen orubean.
Horrez gain, kirol instalazioa irekiko den arren, gunean dagoen taberna oraindik ez da irekiko prentsaurrekoan aurreratu moduan: "Aurrerago lehiaketara aterako dugu. Zein modelo erabiliko den aztertu behar dugu, kiroldegi berrian ere taberna izango da eta. Horren arabera zehaztuko dira baldintza agiriak".