Donostiako Kaleko Afari Solidarioak-ekin lankidetzan hasiko da herriko elkartasun sarea

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 16a, 13:13

Lasarte-Oriako Elkartasun Sareak jakinarazi du elkarlanean hasiko dela Donostian aurrera eramaten ari diren Kaleko Afari Solidarioak ekimenarekin. Hilabete bakoitzeko astearteetan elkartuko dira otorduak prestatzeko eta dena "modu autogestionatuan" egiten ari denez, larunbat honetan elikagaiak eta negurako materiala bilduko du Okendo plazan, 11:00etatik 13:30era. Aipatu proiektu horren gaineko informazioa ere banatuko du.

Hauxe izan da TXINTXARRI-ren erredakziora helarazi duen oharra:

"Kaixo lagun!

Lasarte Oriako Elkartasun Sarea martxan jarri da Donostiako Kaleko Afari Solidarioekin elkarlanean kale egoeran dagoen jendeari afaria emateko.

Hilabeteko azken asteartetan batuko gara afaria prestatu, eta, ondoren, Donostian 100 afaritik gora emateko. Guztia modu autogestionatuan ari gara antolatzen, eta zuk ere egin dezakezu  ekarpena, hala afarien prestaketara batuta, nola behar ditugun osagaiak emanda. Hain zuzen ere, larunbatean, hilaren 18an Okendo Plazan izango gara 11:00tatik 13:30tara informazioa banatzen eta behar diren lehengaiak jasotzen. Oraingoz, lekaleak, arroza eta olioa behar ditugu. Baita plastikozko poltsak, eta fruta kaxak ere. Bestelako ekarpenak ere ongietorriak izango dira.

Bestalde, negu gorria da eta Donostiako Udalak ez du baliabiderik jarri. Horregatik, Harrera Sareak eskatu du mantak eta neguko arropa eta tapakiak (eskularruak, bufandak eta txanoak) ere jasotzeko. Horiek biltzen ere izango gara Okendo plazan.

Mila esker elkartasun sare honen parte izateagatik,

LOES"