Hamabost kide aurkeztu zituen igeriketa taldeak Hernaniko klubak antolatutako probara. Buruntzaldea IKTko kideez gain, Hernaniko, Taosa, Izarraitz, Zarautz, Ordizia, Igartza eta Bergarako igeriketa taldeetako kideak izan ziren lehian.
Talde kide bakoitzak aukeratutako estilo bateko 100 metrotako proba bat eta 200 m. lau estilo saioa egin behar izan zituzten igerilariek. Eta amaitzeko 4x50 m. libre erreleboa ere lehiatu zuten gazteek.
Guztira 21 marka pertsonal ondu zituzten eta hainbat probatan lehen postuetan izan ziren igeriketa taldeko kideak. Ondutako markak honakoak izan ziren:
- Iker Gorostegui, 200 m. lau estilo.
- Alba Escribano, 100 m. libre eta 200 m. lau estilo.
- Miren Sarobe, 100 m. bizkar eta 200 m. lau estilo.
- Mayi Gorostegi, 100 m. bizkar.
- Oihan Matute, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estilo.
- Ibon Elola, 100 m. bizkar eta 200 m. lau estilo.
- Mario Amantegi, 100 m. bizkar eta 200 m. lau estilo.
- Kimetz de la Cruz, 200 m. lau estilo.
- Amaiur Iparragirre, 100 m. tximeleta, 200 m. lau estiloetan eta 50 m. libre.
- Nora Miguelez, 200 m. lau estiloetan eta 50 m. libre.
- Ane Meyer, 100 m. bular eta 200 m. lau estilo.
- Itsaso Iparragirre, 100 m. bizkar.
- Ander Martinez, 200 m. lau estilo.
Buruntzaldea IKTko arduradunek nabarmentzen dutenez: "100 metroko probetan gure igerilariek sentsazio oso onak eduki zituzten, hobekuntza nabarmenak ikusi genituen bai denboretan, bai igeri egiteko moduetan ere. Lau estiloetako 200 metroko probarako atsedena hartzeko parada edukita, gazteek gogotsu eta ausart ekin zioten, emaitza ederrak lortuz".
Gainera, hiru kide sailkapen orokorreko lehen postuetan izan ziren lortutako puntuei esker; Garazi Etxeberria garaile izan zen, Iker Gorosteguik zilarrezko domina jantzi zuen eta Miren Sarobe hirugarren mailara igo zen. Gainera, errelebo proban ere lehen postua eskuratu zuen Buruntzaldea IKTk.
Masterrak bikain
Eibarren Igeriketa taldeko lau kide – Manu Santos, Miren Bardaji, Borja Apeztegia eta Itsaso Tolosa– Gipuzkoako Open Master Txapelketan parte hartu zuten.
Lehiaketak bi saio izan zituen eta taldekide bakoitzak bi edo hiru banakako proba burutu zituen: Manu Santos-ek 200 m. eta 100 m. libre probak; Miren Bardajik 100 m. bular proba eta 400 m. libre saioa: Borja Apeztegiak 50 m. bular zein libre probak eta Itsaso Tolosak 50 m. eta 100 m. bizkar probak zein 50 m. tximeleta. Eta lehiatutako proba ia guztietan marka pertsonalak ezartzea lortu zuten.
Bakarkako saioez gain, Buruntzaldea IKTk eraketa mistoan bi errelebu osatu zituen. Lau estiloetako 4x50 m. erreleboan 02.32,43 markarekin bigarren sailkatu ziren eta estilo libreko 4x50 m. lehian, aldiz, hirugarren.
Igeriketa taldeko arduradunek azpimarratu dutenez, markak eta alde batera utzita, hitzordu horretan garrantzitsuena "master taldeko igerilariak berriro lehian izatea eta txapelketaren jardunarekin horrenbeste gozatzen ikustea" izan zen.