"Jendetsuak" izan dira Eguberrietako jarduerak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 16a, 10:19

Gabonetan egindakoarekin pozik daude Agustin Valdivia eta Txus Alonso.

Urte hasierara, batez ere, Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonso "akituta" iritsi bada ere, berak eta Agustin Valdiviak balorazio "oso ona" egin dute udalak Eguberrietan antolatu dituen jarduera sortari buruz. "Jendetsuak izan dira guztiak eta lasarteoriatarrek ez ezik, inguruko udalerrietakoek ere parte hartu dute, baita Donostiatik etorritako jendeak ere". Gauzak horrela, iragarri dute datozen urteetan eskaintza "erakargarriak" prestatzen jarraituko dutela, betiere unean-unean erabil ditzaketen baliabideak zeintzuk diren kontuan izanda.

Aurten, esaterako, bitan banatu behar izan dute Eguberrietako Haur Parkea, ekimen arrakastatsuena izan ohi dena. Michelingo kirol gune berria eraikitzeko obrak hasi dituztenez, bertako pilotalekua ezin izan dute haur eta nerabeak hartzeko erabili; Oriarte Landaberri institutuko patioan eta Loidibarren frontoian izan dira, hurrenez hurren. Bi astez aurrera eraman dute jarduera hori eta oro har ongi moldatu badira ere, erregistratu dituzte zenbait intzidentzia: "Oso haizetsuak izan ziren zenbait egun eta horietako batean barrualdea babesteko jarri genituen lonak altxa zituen, ikastetxeko patiora ura sartu zen, argia joan zitzaigun arratsalde batean eta itxi egin behar izan genuen, ez zelako ezer ikusten... Eraikin hori udalarena ez izateak kudeaketa zaildu badu ere, programazioa gauzatu ahal izan dugu", adierazi du Alonsok. "Horrelako egunetan badirudi ez dela gauza handirik gertatzen baina estres askoko momentuak dira guretzat; bereziki nabarmendu nahi dut Txusen lana".

Eskertza txanda hori baliatu dute Eguberrietako ekimenetan zehar lankidetzan aritu diren eragileek egindakoa aitortzeko. "Ttakun Kultur Elkarteari eta Megabari eskerrak eman nahi dizkiet, Mari Domingi eta Olentzerori nahiz Errege Magoei antolatutako ongietorriengatik. Jai giroko egun gozagarriak dira herritar gehienentzat baina horiek aurrera eramateko ezinbestekoa da horrelako elkarteetako kideen lana". Gogoratu du eguraldiagatik zenbait moldaketa egin behar izan zituztela: Mari Domingi eta Olentzeroren kasuan, bertan behera utzi zuten desfilea eta ikuskizuna Loidibarrenen egin; Errege Magoen harreraren egunean, berriz, Okendo atzealdean jaurti ohi dituzten etxafuegoak kutxetan gorde behar izan zituzten, hilaren 5a egun oso haizetsua izan zelako.

Valdiviak eta Alonsok nabarmendu dituzte kultur etxean egindako bi ikuskizunak, burbuila erraldoiena eta Marsel magoarena: "200 ikus-entzule baino gehiago etorri ziren emanaldi horietako bakoitzera". Hilaren 4ko kontzertu gauak izandako oihartzuna ere goraipatu dute. "Ikus-entzule asko bildu ziren Okendo plazan, batez ere herrikoek jo zutenean, Hazasek eta Jagobak".