Ildo horretatik, Aire Garbiakoek salatu dute udalak joan den urteko martxoan indarrean jarri zuen sistema ez dela funtzionatzen ari. "Bestela esanda: Lasarte-Orian giltzatutako ontzi grisetan oinarritutako bilketa dagoela esatea ez da egia". Gogoratu dute Agustin Valdiviak iragarri zuela irailean ebaluatuko zutela funtzionamendua, baina "hiru hilabete luze geroago", oraindik ez dagoela agindutako azterketa horren zantzurik. Horregatik, ebaluazio hori "lehenbailehen" egitea galdetu diote udal gobernuaren ordezkariari, "zuzendu beharrekoa ere ahalik eta azkarren bideratu ahal izateko".
"Hondakin Lege berriaren anparoan, Lasarte-Oriako Udalak %30 garestitu zuen hondakinen tasa iaz, eta %50 igoko du ordaindu beharrekoa aurten", gogoratu dute plataformako kideek. "Bada, zergak garestitzea ahalbidetzen duen lege horrek berak etxeko zaborraren gaikako bilketan minimo batzuk ere exijitzen ditu; udalak ezin ditu irizpide horiek bete erakundeari berari komeni zaion neurrian soilik".