Euskal Ligako II. mailako Gipuzkoa Sortzen-Ekin Eraikuntzak Arratiko Zekorrak neurketa jokatu zen hilaren 11an; etxeko taldeak 33-22 irabazi zuen euria ere protagonista izan zen norgehiagokan.
Neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago hasi zen euria eta zaparrada ederrak egin zituen partida amaitu zenera arte.
Michelin kirol guneko giroa hoztu zen arren, zelaian ez zen horrela izan. Epaileak txistua jo zuenean hasi ziren bi taldeak borrokan. Lehia bizia egon zen lehen minutuetan, baina bizkaitarrak izan ziren lehenak entsegu marra igarotzen eta entsegu gauzatzean ere ez zuten hutsik egin.
Beltzek ederki egin zuten lan markagailua berdindu eta ostean, baloiaren jabetza eta zelaian metroak irabazteko borroka latza izan zen bi taldeen artean. Entsegu eta zigor osteko batek aurkariak atsedenaldirako alde txikia izatea ekarri zuen 12-15
Indarrak berreskuratuta atera zen etxeko taldea bigarren zatian eta ederki egin zuen lan emaitzari itzulia eman eta garaipena eskuratzeko. Azken emaitza 33-22 izan zen.
Garaipena eta porrota
Jardunaldia jokatu zuten beltzen gainerako taldeek txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten Zarautz eta Lekarozen (Nafarroa).
Asti zelaian emaitza ederra lortu zuen Ohorezko B Mailako taldeak. Gipuzkoa sortzen nagusi izan zen Uribealdearen aurkako neurketan eta Fran Puertas herritarrak zuzentzen duen taldeak 43-7 irabazi zuen.
Euskal Ligako I. mailako taldeak, aldiz, ezin izan zuen Menditarrak gainditu, baztandarrak 20-0 gailendu ziren.
Euskadiko selekzioan
Era berean, Espainiako Erkidegoen arteko txapelketako laugarren jardunaldian jokatu zen hilaren 12an, Ordiziako Altamira zelaian. Euskadik Gaztela eta Leon izan zuen aurkari.
Neurketa borrokatuan 35-22gainditu zuen Euskadik aurkaria. Hamabostekoan Beltzak RTko harrobiko kide Eneko Sanchez izan zen.