Herriko pilotariek bikotekako lehiak hasi dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 15a, 11:45

Urte berriarekin batera, Intza kirol elkarteko pilotariek Udaberri eta Errendimenduko binakako Gipuzkoako txapelketei hasiera eman diete. Lehen jardunaldian gomazko pilotako bikoak izan ezik, kirol elkarteko ordezkariek garaipena erdietsi zuten

Errendimendu mailako gaztetxoek indartsu egin zioten aurre bikotekako lehen erronkari. Aurten berrikuntza bat dute, Intzako kideekin batera Orio eta Amezketako gazteak ere ari dira lehian.

Hilaren 10ean, Loidibarren pilotalekuan, alebin I. mailako zein infantil I. mailako bikoen neurketaz gozatu ahal izan zen. Lehen partidan Irai Jauregi herritarrak eta Aiur Gorostidi amezketarrak 16-6 garaitu zuen LAPKE 1. Infantil mailako bikotea ere primeran jardun zen etxean eta Kimetz Atorrasagasti oriotarrak eta Oier Jauregi herritarrak osatutako bikotea 18-9 gailendu zitzaion Ilunpeko bikoari.

Eta emaitza ederra lortu zuten Intzako infantil II. mailako kideek, hilaren 12an, Tolosako Beotibarren. Markel Lopez eta Ekhi Maizek 6-18 gainditu zuten Tolosa 1.

Federatuak, aldiz, Udaberri lehiaketan murgildu dira. Eskuz binaka zein gomazko pala modalitatean arituko dira Lasarte-Oriako ordezkariak Nagusien I. mailan eta II. mailan, hurrenez hurren.

Michelin kirol guneko pilotalekuan jokatu zuten eskuz binakako Jon Pello Artetxek eta Peru Urdanpilletak hilaren 9an. Partida ongi borrokatu eta 22-19 irabazi zuten LAPKEren aurka. 

Bestelakoa izan zen gomazko pilotako kideen emaitza. Urnieta izan zuen aurrez aurre Iker Artetxek eta Jagoba Mendizabalek osatutako bikoak eta 17-25 gailendu zen aurkaria.

Kanpoan jokoan

Eta Intzara kanpoko herrietatik lehiatzera etorri diren moduan, etxekoak ere kanpoko taldeekin ari dira lehian. Hori da, Itxaso Iparragirreren kasua.

Herritarrak Zazpi Iturrirekin lehiatuko du Errendimenduko nesken binakako txapelketa; Maria Balerdi amezketarra da bere bikotea. Lehen jardunaldian, 18-13 galdu dute Bergararen aurka.