Euskal Ligako taldeak hamar jardunaldi jokatu ditu eta ez du bat ere galdu. Asier Acuriolak zuzentzen duen taldea bere multzoko sailkapenburu da eta bere helburua lortzeko bidean da; lehen mailarako igoera jokatzea.
Azken hitzordua hilaren 11n jokatu zuen harmailak ia beteta zituen Maialen Chourraut kiroldegian. Laugarren sailkatu den Bera Bera izan zuen aurrez aurre. Acuriolak azaldu moduan, lan gogorra zuen etxeko taldeak: "Bera Bera talde borrokalaria da eta ez da erraza euren aurka garaipena lortzea".
Eta aurreikusitakoa bete zen kantxan. Neurketa borrokatua jokatu zuten bi taldeek, Ostadar zein Bera Berak defentsa lan handia egin zuten baina talde urdin-beltzak aurkariaren hutsuneak ongi baliatu eta 3-1 gailendu zen. Ostadarreko entrenatzailean hitzetan, "partida zelaian irabazi zen eta ez sarean".
Lehen setean jokoan nagusi izan zen etxeko taldea. Acuriolaren jokalariek aurre hartu zuten markagailuan eta Bera Beraren defentsa sendoa gaindituz 25-21 lortu zuen neurketako lehen puntua.
Eraso eta defentsa akats batzuk etxeko taldeak ongi ez lehiatzera eraman zuen eta ondorioz, bigarren zatia donostiarren aldekoa izan zen, 25-12.
Gainerako bi setetan lehen zatian egin moduan talde urdin-beltzak aurre hartu zion Bera Berari. Ostadarrek era egonkorrean jokatu zuen; erasoan eta defentsan sendo mantendu zen eta 25-21 eta 25-15 irabazi zituen garaipena emango zioten puntuak.
Igoera buruan
Lehen faseari amaiera emateko lau jardunaldi faltan, norgehiagokarik galdu gabe B multzoko lehen postuan finkatu da talde urdin-beltza 29 punturekin. Multzoko lehen lau taldeek jokatuko dute igoera fasea eta herritarrak bertan egotea espero dute.
Acuriola pozarren agertu da taldeak orain arte egindako lanarekin eta azaldu duenez, denboraldi hasieran adostutako helburua beteko pausoak ematen ari dira jardunaldiz jardunaldi: "Igoera jokatu nahi dugu eta bidean gara".
Gipuzkoako txapelketa
Boleibol saileko gainerako taldeek, aldiz, Gipuzkoako txapelketari eman diote hasiera. Lehen fasea amaitu eta gogotsu hasi dira erronka berrian talde urdin-beltzeko ordezkariak.
Senior mailako taldeak Hondarribiara egin zuen bidaia eta etxera ekarri zituen garaipeneko puntuak, Harresi 2-3 gainditu ostean.
Ez zen hori Ostadarrek hondarribiarren aurka jokatu zuen norgehiagoka bakarra izan; jubenil mailako taldeak Maialen Chourraut kiroldegian hartu baitzuen Harresiko ordezkaria. Etxeko taldeak 3-1 irabazi zuen lehia.
Kadete mailan Ostadar B taldeak Irunen Mayumi 2ren aurka jokatu zuen. Talde urdin-beltza nagusi izan zen eta 0-3 gailendu zen.
Arestian aipatu legez, maila bereko A taldeak hurrengo jardunaldira itxaron beharko du kantxara ateratzeko; Villabonako taldearen aurkako lehia atzeratu zen.
Eta azkenik, infantil mailan Lizardi Bi 1-3 gailendu zitzaion etxeko taldeari Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako partidan.