Egindakoa aurkeztuko duen toki berean aurkeztu du Jose Luis Navarrok Dos libros lasartearras del siglo XVII liburua, Lasarterekin lotura estua izan zuen Miguel de Okendo itsasgizon eta idazleak mende horretan idatzitako bi istorio batzen dituena. Udaleko Kultura zinegotzi Ainara Elicechea izan du lagun agerraldian eta azken horrek hartu du hitza, prentsaurrekoari ekiteko: "Gure udalerriaren historiaren parte dira Jose Luisen lan guztiak, baita azken hau ere; memoria historikoa eta gure herria alor horretatik ere eraikitzea babesten jarraituko dugu". Aurreratu du ostiraleko ekitaldira bertaratzen direnek aukera izango dutela ale bana etxera eramateko; hortik aurrera, udaletxera joan beharko dute eskatzera interesa dutenek, edo Udal Liburutegian idazleak utziko dituen aleak kontsultatu.
Bi kontakizun, liburu bakarrean
Donostiarra izanagatik, Lasarterekin lotura estua izan zuen Miguel de Okendok. Navarrok gogoratu duenez, Dorre jauregian bizi izan zen eta bere azken urteak herrian eman zituen, itsasgizona izatetik erretiratu zenean. "1663an hondamendi bat pairatu zuen Cadizeko badian; berak gidatzen zuen Kantauriko Eskuadroiko ontzi gehienak hondoratu eta tripulante asko hil egin ziren. Atsekabetuta, Espainiako orduko errege Felipe IV.ari erretiroa hartzea eskatu zion". Bere bizitokira itzuli beharrean Lasarten hartu zuen ostatu, Donostia baino "lasaiagoa eta baketsuagoa" zelakoan. Teresa de Millan emaztearekin batera bizi izan zen han eta familia eta sendiaren beraren negozioak artatzeaz gain, irakurri eta idatzi egin zuen, besteak beste, Navarrok transkribatu dituen bi liburuak. Lasarten bertan hil eta lurperatu zuten; horren aurretik, Brigitarren komentua sortu zuen emaztearekin batera.
Lehenengoa bere aitari buruz idatzi zuen, Antonio de Okendori buruz, 1666an. "30 bat orri zituen eta aitaren gerrako balentriei buruzko iruzkinekin ondu zuen". Bigarrenak, berriz, Suediako Santa Brigida izan zuen protagonista. "Okendok Brigidaren bizitzari buruz idatzi zuen: idazle, filosofo, teologo, politikari eta Santisimo Salvador ordena erlijiosoaren sortzailea izan zen, besteak beste". Horrez gain, kontakizuneko protagonistak Jesukristorekin, Mariarekin eta deabruarekin berarekin izandako hizketaldietatik eratorritako profeziak jaso zituen.
Ohartarazpen bat egin du Navarrok: “Liburuak ez dira irakurtzeko errazak, ez dira hasieratik irakurlea gatibatu eta liburua ez askatzera ia behartu egiten duten eleberriak, baizik eta ahalegina eskatzen du horietan kontatzen denaren garaira bidaiatu eta horretara egokitzeko”. Hori egin beharko dute, batez ere, Santa Brigidari buruzko lanarekin: “Kontatzen dena duela 600 urte baino gehiago gertatu zen eta kutsu oso erlijiosoa du, gaur egun gero eta fede gutxiago dagoen garaian”. Halaber, egilearen idazkera, sintaxia eta ortografia errespetatu ditu historialariak. “Gramatika guk ulertzeko dugun moduarekin kontraesanak eragin ditzake horrek, ez duelako harremanik gaur egungoarekin”.
Miguel de Okendoren liburuen berri duela bospasei urte izan zuen Navarrok eta orduan hasi zen lanean, "garrantzitsua" iruditu zitzaiolako lan horiek herritarren eskura jartzea: "Inork ez ditu ezagutzen". Gaur aurkeztu duenarekin zazpi liburu kaleratu ditu eta iragarri du ez dela azkena izango, Manuel Lekuonak joan den mendean idatzitako bi liburu transkribatuko dituelako: San Pedro parrokiari buruzkoa bat eta Brigitarren komentuari buruzkoa bestea.
Navarrok argitaratutako lanak
- 2006. Historia de la asociación católica de padres de familia de Lasarte-Oria.
- 2007. Retazos I: la vida de Lasarte-Oria del siglo XX a través de la prensa.
- 2010. Relato breve de Lasarte.
- 2016. Retazos II: aproximación a la vida de Lasarte-Oria hasta el siglo XX.
- 2018. Retazos III: aproximación a un largo y penoso camino a la independencia.
- 2021. Retazos IV: aproximación a la vida de Lasarte-Oria hasta el siglo XX (2).
- 2025. Dos libros lasartearras del siglo XVII (hitzaurrea idatzi du Jose Luis Navarrok).