Lasarte-Oriako Xake klubeko kideek batetik Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute urtarriletik apirilera. Bi talde aurkeztu ditu aurten herriko xake taldeak bata II. mailan eta bestea III. mailan eta lehiari hasiera emateko garaipen bat eta berdinketa bat eskuratu zuten taldeko ordezkariek.
Lehen jardunaldia hilaren 11n jokatu zuten Taulako bi taldeek.
Etxean jardun zen III. mailako Taula B. Astigarraga Cko laukoa izan zuten aurrez aurre Victor Alvaro Martin, Ander Etxauri Lizeaga, Mikel Manterola Iraztorza eta Ixone Jurado Furundarenak osatutako taldeak. Manterola gazteak izan ezik, gainerakoek euren aurkariak gainditu zituzten.
II. mailako taldeak, aldiz, Donostian jokatu zuen Gros Hren aurka. Miguel Maria Baroja Arruek, Pablo Arrondo Carbonell, Jose Ignacio Echeverria Eleicegui eta Erlantz Sanchez Huertak osatutako taldeak bina berdindu zuen; Barojak eta Arrondok eskuratu zituzten puntuak.
Taulako taldeek helburu ezberdinak dituzte lehiaketa horretan.
II. mailako Taula Ak iaz eskuetatik ihes egin zion igoera eskuratu nahi du. Horretarako taldeak bi multzoetan banatuta –Taula A multzoan dago – zazpi jardunaldi jokatuko dituzte eta bere multzoko lehen lau postuetan sailkatuz gero igoera faserako txartela eskuratuko du. Horrela izan ezean, maila mantentzeko lehian sartuko litzateke.
Taula B, aldiz, formaziorako taldea izango da eta Xake eskolako harrobian dauden gaztetxoei lehiatzeko aukera emango die. Hirugarren mailan lehiatuko da eta bi multzotan izango dira lehian; Taulako ordezkaria B multzoan dago. Horiek ez dute igoerarik jokatuko eta Gipuzkoako txapelduna bi multzoen arteko lehen sailkatuen artean jokatuko da.
Gazte txapelketa
Bestalde, Gazteen Gipuzkoako txapelketa ere jarri da martxan. Gros Taula Xake klubeko lokalean jokatuko da lehia urtarrila eta otsailean zehar igande goizetan.
Taula kide Erlantz Sanchez Huerta da partaideetako bat eta ez du zorterik izan bere lehen neurketan; Kimetz Lekuona Garcia hondarribiarrak herritarra garaitu zuen.