'Gurea erabil dezakezu' kanpainaren berri eman dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 14:45

Lasarte-Oriako Altxa burua taldeak, Udalarekin eta Aterpea merkatarien elkartearekin elkarlanean, 'Gurea erabil dezakezu' ekimena aurkeztu du. Egitasmo horren helburuetako bat da gazteei gailu elektronikoak ematearen adina atzeratzea; hala gogorarazi du aipatu taldeko kide Juan Luis Eizmendik

8 eta 16 urte arteko haur eta nerabeei zuzenduta dago Gurea erabil dezakezu egitasmoa; adin hori zehaztu dute, hain zuzen ere gazteak sakelako telefonoa "modu autonomoan" erabiltzen hasten diren garaia delako. Hala adierazi dute ekimenaren berri eman dutenek: Juan Luis Eizmendik (Landaberri-Garaikoetxea guraso elkarteko eta Lasarte-Oriako Altxa burua taldeko kidea), Maite Iglesias Hezkuntza zinegotziak, eta Luis Mari Carballo, Ventanas Alkar establezimenduko nagusiak. Bozeramaile horiek erakutsi dute herriko ikastetxeetako guraso elkarteek osatzen duten Altxa Burua Lasarte-Oria taldeak, Aterpea merkatarien elkarteak, eta Lasarte-Oriako Udalak bultzatuta sortu dutela. 

Agerraldiaren hasieran kanpainaren helburuak zeintzuk diren azaldu du Eizmendik. Alde batetik, eta arestian aipatu bezala, haurrei telefono mugikorra erabiltzeko beharra murriztea lortu nahi dute. Horrez gain, gazteek esparru publikoa berreskuratu eta erabiltzea ere bada xedeetako bat; kaleak eta auzoak ezagutzea eta seguru sentitzea. Komunitateko kideen laguntza, babesa eta koordinazioa indartzea eta zaintza komunitarioa sustatzea ere sustatu nahi dute, eta heldu erreferentzia gehiago izatea; gizarte-sarea indartzea.

Gauzak horrela, ekimenarekin bat egin duten zerbitzu publiko eta saltokiek haur-nerabeari telefonoa eskuragarri jarriko diote honek beharrezkoa badu erabil dezan.  Hala, gazteek deiak egiteko aukera zein establezimendutan duten jakiteko, establezimendu parte hartzaileek ekimenaren lelo bera (Gurea erabil dezakezu) daraman pegatinekin identifikatu ahal izango dituzte. 

Horren harira, kanpaina aurkeztu dutenek aipatu dituzte zeintzuk diren egitasmoarekin bat egin nahi dutenek bete beharreko baldintzak, baita hartu beharko dituzten konpromisoak ere. Alde batetik, esan bezala, Pegatina leku ikusgarrian jarri beharko dute, kanpotik erraz ikusten dela, eta, telefono finko bat edo lokaleko telefono mugikorra izan beharko dute (langileen telefono pertsonala erabiltzea ez litzateke egokia izango). Horrekin batera, haurrari edo nerabeari ahalik eta azkarren erantzun beharko dio, zain eduki gabe. 

Zerbitzu hori eskaintzeaz gain, negozio bakoitzak datu jasotzea ere egingo du; taula batean jasoko dituzte zenbat haurrek eskatzen duten telefonoz deitzea. Bertan bilduko duten informazioa lagungarri izango zaie geroago (urtebetera) egingo duten baloraziorako. Azken lan horrekin erabakiko dute etorkizunean bide beretik jarraitu, edo bide berriak urratu. 

Komertzioetan ez ezik, zenbait udal eraikinetan ere izango dute gazteek telefonoa erabiltzeko aukera, honako hauetan: Manuel Lekuona Kultur Etxea; Gaztelekua; Maialen Chourraut kioldegia; Udal Erregistroa; Udaltzaingoa, eta Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroa. 

Bat egin nahi duten establezimenduak

Gaur-gaurkoz, Lasarte-Oriako 20 establezimenduk baino gehiagok bat egin dute Gurea erabil dezakezu ekimenarekin. Hala ere, eta prentsaurrekoan agertu moduan, denborak aurrera egin ahal eta funtzionatzeko moduak bere bidea egiten duen bezala, gehiago batuko esperantza agertu dute. 

Partaide izan nahi dutenek, ordea, badute horretarako aukera. Horretarako, Aterpea merkatarien elkartearekin harremanetan jarri beharko lukete aterpea.arantza@outlook.es helbidera mezu bat bidalita, edo 649 47 11 21 telefono zenbakira deituta. Lasarte-Oriako Altxa Burua taldearekin ere gauza bera egin dezakete, honako helbidera idatzita: lasarte-oria@altxaburua.eus . Bat egiten duten komertzioei izena, arduradunaren izena eta telefonoa eskatuko dietela ohartarazi dute arduradunek. 

Martxan dauden esperientziak, oinarri

Eizmendik azaldu du Gipuzkoako hainbat herritan martxan urteak daramatzaten esperientziak oinarri hartuta abiatu dutela Lasarte-Oriakoa. Horiek eredu hartuta, ikusi dute funtzionatzen dutela, eta herrian ere ala gertatzea espero dute.