Devenir Europeo elkarte naziaren aldeko propaganda jarri dutela salatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 10a, 13:59

Askatasunaren parkeko faroletako batean itsatsi dute pegatinetako bat.

Sare Antifaxista eragileak sare sozialetan salatu du udalerrian barrena jarri dutela Devenir Europeo elkarte naziaren aldeko propaganda; "zabor nazi-faxista" gisa kalifikatu du. Zenbait kaletako seinale, zutabe eta hormetan pegatinak itsatsi dituzte. 'La vida es lucha, la lucha es vida' leloa eta eragile ultraeskuindar horren webgunearen helbidea azaltzen dira itsaski horietan.

Sare Antifaxistak X sare sozialera igotako argitalpenean ikus daitekeenez, Askatasunaren parkeko faroletako batean edota Oriarte Landaberri ikastetxetik Tajamar biribilgunerantz igotzeko aldaparen ondoan dagoen seinalean itsatsi dituzte pegatinak, beste toki batzuen artean.

Nazionalsozialismoaren aldeko aldarri eta ekintzak egiten badituzte ere, Espainiako Barne Ministerioan legalki erregistratutako elkarte bat da, 2008. urtetik, "elkarte kultural" gisa. Aurrera eraman dituzten zenbait ekimenetan Alemaniako diktadorearen eta holokaustoaren sustatzaile nagusi izan zen Adolf Hitler-en irudiak erabili izan dituzte, baita bere ordezkari militarretako bat izan zen Rudolf Hess-enak ere, Público komunikabideak iazko otsailean egindako erreportajean zabaldu zuenez. 2023an 236 ekimen aurrera eraman zituzten Espainiar Estatuko 60 udalerritan.

Iazko irailean artikulu bat argitaratu zuten Irutxuloko Hitza hedabidean, aipatu elkarte horrek "pertsona arrazializatuen eta demokraziaren aurkako mezuak" zabaldu zituelako Martutenen. Zenbait auzotarrek afixa horiek kendu eta "erantzun antifaxista" eman zioten ekintza horri.