Amaitu berri den urtean hazi egin da TXINTXARRI aldizkariaren komunitate digitala

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 10a, 14:19

Urtea bukatzearekin batera www.txintxarri.eus atari digitalaren trafikoa aztertu ohi du TXINTXARRI aldizkariaren lantaldeak, eta, beste behin, errepaso albistearen titularrean nabarmendu duena izan da atari digital horren trafikoak hazten jarraitzen duela, izan ere, inoiz baino orrialde gehiago (360.803) bisitatu dituzte sekula baino erabiltzaile gehiagok (61.928); horretarako, aurretik erregistratutakoak baino saio gehiago abiatu dituzte, zehazki, 156.248.

Iaz erregistratutako adierazle horiek duela bi urtekoekin alderatuta, bisitatutako orrietan izandako igoera da guztietan nabarmenena, %8,8 hazi baitira (2023an 331.586 bisita erregistratu zituen herri komunikabideak). Eduki horietan guztietan %4 erabiltzaile gehiagok nabigatu dute eta %3,5 saio gehiago hasi dituzte gertutasunez eta euskaraz informatzeko erabili dituzten gailu digitaletan.

Atari digitaleko trafikoa gero eta jendetsuagoa izatea ez da kasualitatea eta arrazoi ugariri erantzuten die, batez ere, TXINTXARRI-ren lantaldeak 2020. urtean abiatutako apustuari, hau da, papera alde batera utzi gabe webgunea eguneroko lanaren ardatz bihurtu izanari. Horrekin batera, jakina, zerikusi izugarria du Lasarte-Oria horren herri aktiboa izateak: norbanako, erakunde, eta, batez ere, elkarte edo eragile, urtero-urtero aurrera eramaten dituzten ekimenen albiste, kronika, argazki galeria eta bideoek irakurle ugari erakartzen dituzte.

Bisita gehien ekainean erregistratu genituen, herriko eta Zabaleta auzoko jaien eta beste hainbat ekimen aurrera eraman zituzten hilabetean.

Sanpedroak eta 23. Korrika

Albiste honen azpiko arrosa koloreko zatiduran kontsulta ditzakezue zeintzuk izan ziren 2024ko hamar eduki ikusienak. 2023an gertatu bezala, San Pedro Jaietako egitarauari buruzko albistea izan zen irakurleengan jakin-min gehien piztu zuena, 2.097 ikustaldirekin. Lasarteoriatarrak desiatzen egon ohi dira festetako ekimen gozagarrien berri izateko eta horrek eragin ohi du horrenbesteko trafikoa. Udalak egun berezi horietarako kontratatutako kontzertu nagusiei buruzko artikuluak ere bisita oldea ekarri zuen atari digitalera, ia mila (928 izan ziren, zehazki). Sailkapena itxi duen hamargarren edukiak ere izan du lotura gai horrekin, zehazki, herriko gazteek aurrera eramaten dituzten Sorgin Jaiekin.

Iaz nabarmendu zen beste ekimenetako bat izan zen euskararen aldeko lasterketa erraldoia, 23. Korrika. Martxoaren 19an iritsi zen, Urnietatik, gaueko hamarrak pasatxo zirela, eta ekimen horren bueltan argitaratutakoak asko ikusi dituzte irakurleek: lasterketa nagusiaren zein Korrika Txikiaren kronikak edota lasterkariak herrira iritsi aurretik egindako ibilbidearen errepasoa.

Hamar eduki ikusienen zerrenda osatzen dute Zabaletako jaietako egitarauaren iragarpenak, Lasarte-Oria Osasungintza Publikoaren Alde (LOOPA) plataformak antolatutako manifestazioaren kronikak eta zorigaitzeko bi albistek, Juan Luis de la Mata eta 44 urteko lasarteoriatar baten heriotzek.

Amaitzeko, TXINTXARRI-ren lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie bidelagun dituen lankide, babesle, norbanako eta elkarte guztiei. Jarrai dezagun gertutasunez eta euskaraz lanean!

2024ko hamar eduki ikusienak