Pasaiako Albaolatik, zerura begira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 10a, 13:00

Argazkia: Oarsoaldeko Hitza

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren azken lana aurkeztu dute Pasai San Pedroko Albaola Itsas Faktorian. Katxiporretaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen elkarlanetik sortu den disko liburu ilustratua da. Azken erakunde horretako ordezkariak ere bertan izan dira

Hainbat lagun ondoan egin dute sudurgorri lasarteoriatarrek kaleratu duten Zerua lapurtu dute! azken lanaren aurkezpena, Pasaiako Albaolan. Orain arte argitaratu dituztenak bezala, hori ere etxeko txikienei eta euren senideei zuzendutako lana da, eta, oraingoan, Aranzadi Zientzi Elkarteko astronomia sailarekin elkarlanea sortu dute pailazoek. 

Herritarrak argi kutsaduraz, pantailen erabileraz eta naturaren zaintzaren garrantziaz hausnartu eta hortaz jabetzea du xede aipatu lanak. Leire Bilbao arduratu da testuak idazteaz, eta, ilustrazioak, aldiz, Irrimarra-ko Karmele Gorroñok egin ditu. Diskoko kantuak, berriz, Xabier Zabalak sortu eta moldatu ditu. Aurkezpenean jakinarazi dute liburu dendetan erosteko aukera dutela, baita Aranzadiren web orrialdean ere, honako helbide honetan: https://aranzadielkartea.bigcartel.com/product/zerua-lapurtu-dute. 

Irakurtzeko, erraza

Zerura begiratzeko ohitura galdu egin dela nabarmendu dute proiektuaren parte direnek, aurkezpenean, eta hori berreskuratzeko garrantziaz ere mintzatu dira; kontakizuneko protagonista eta Aranzadi Zientzi Elkarteko astronomia saileko dibulgatzaile Virginia Garcia Penak azaldu du telefono mugikorretako GPS sistemarik gabe bidea jakiteko balio duela. Horrekin batera, auhendatu du egun, zerura begiratu eta ez direla izarrak ikusten, eta horren arrazoietako bat zein den ere agertu du: farolek goraka argiztatzea. Hori guztia kontuan hartuta erabaki du lantaldeak proiektuari Zerua lapurtu dute! izena ematea. Horrekin guztiarekin batera, Pirritx pailazoak adierazi du ipuina "irakurterraza" dela. 

Proiektuaren aurkezpena Albaolan egitea ez da ausaz hartu duten erabaki bat izan. Leku hori nabigazioarekin erabat lotuta dago, eta bertako presidente Xabier Agotek azaldu du izarrak begiratzeko lekurik egokiena dela itsasoa, izan ere, ez baitago gizakiak sortutako argirik. Honako adierazpenok gaineratu ditu: "Izarrek norabidea hartzen laguntzen dute, eta Ipar Izarra da horretarako garrantzitsuena, izan ere, mugitzen ez den izan bakarra da, eta iparra markatzen du". 

Material didaktikoa

Ipuin disko ilustratuan material didaktikoa ere topa daiteke. Hori eskuratu nahi duenak, ipuinaren azken orriak dakarren QR kodea eskaneatu beharko du. Katxiporretak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean sortu duten honako orrialde honetan ere lor daiteke material hori guztia: https://zerualapurtudute.aranzadi.eus/. Atari hori poliki-poliki elikatzen joango direla azaldu du Porrotx sudurgorriak. 

Agerraldia baliatu dute diskoko hiru abestiren bideoklipak grabatzeko; Albaolan aurrera eraman dituzte lan horiek ere. Guztira hamazazpi abesti batu dituzte proiektuan, eta horietatik guztietatik honako lau hauek dira berriak: Piztu iluna, Ipurtargia, Nanoplaneta eta Altxa burua. Horietarako koreografo lanak Izaskun Forcadak egin ditu, eta aipatu azken abesti horretan pailazoekin batera aritu dira Zubietako eskola txikiko hainbat haur.