"Pertsona bakoitzaren bihotzean eta hori erakustean dago bere magia"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko urt. 10a, 08:30

Lasarteoriatarra 2021ean hasi zen poesia idazten. Argazkia: Aiora Arrese Aierbe.

AIORA ARRESE AIERBE - IDAZLEA

'Perdida encontrándome' izeneko poema liburua idatzi du lasarteoriatar gazteak, bere bizipen pertsonaletatik abiatuta; "autoezagutzaren balioa" erakutsi nahi du lan horren bidez.

Bitxia da hitz bakar batek zenbat gauza barnebildu ditzakeen. Autoezagutza da horren adibide bat, hau da, norberak bere burua ezagutzeko hasi bai baina bizi artean bukatuko ez duen bidaia: beldurra, segurtasun eza, maitasuna, laguntasuna, faltsukeria, adrenalina, errusiar mendien pareko gorabeherak, tristura, amorrua, haserrea...

Horrekin guztiarekin koktel eder bat egin du Aiora Arrese Aierbe (Lasarte-Oria, 2005) idazle gazteak: Perdida encontrándome poema bilduma. Otsailaren 24ra arte egin dezakete eskaera aipatu liburu hori erosi nahi dutenek. Egilearen "aurreneko helburua" 25 eskakizun jasotzea zen. Bigarrena, zifra bikoiztea; lortu berri du hori ere. Behin horraino helduta, gustatuko litzaioke "80 edo gehiago" izatea, aleak hartu eta dendetan uzteko. Irakurgaiak erostera joaten denean "asko" gustatzen zaio, aurrena, aukeratzea, eta, gero, etxera eramatea, hitz artean bidaiatzeko. Oraingoan, bera da irakurleei bidaia literario zirraragarri bat proposatzen diena.

                       Aiorak ondu duen poema bildumaren azala. Argazkia: Aiora Arrese Aierbe.

Nondik dator esku artean duzun proiektu hau?

Betidanik gustatu izan zait idaztea baina 2021ean murgildu nintzen barrurago, terapia egin ostean poesia ezagutu nuenean. Gehiago inbestigatu ahala gero eta gehiago sartu nintzen; oso ariketa terapeutikoa izan zen niretzat eta hasieratik gustatu zitzaidan asko. Liburu bat idaztea erabaki eta titularra izan zen aurreneko gauza, Perdida encontrándome. Pentsatu nuen 'gustatu zait, agian egin dezaket gehiago hemendik abiatuta'. Izenburuak bildu du liburu guztia.

Hiru urte pasatxo daramatzazu poemak idazten, beraz. Hasierakoetatik azkenekoetara artekoak jaso dituzu? Nola aukeratu dituzu?

Idatzitako guztia jaso, inprimatu eta mahai gainean jarri nuen. Orduan erabaki nuen autoezagutzari buruz hitz egin nahi nuela eta gai horrekin zerikusi gehien zutenak aukeratu nituen, gainerakoak kanpo eta aurrerago etor daitekeenerako utzita. Hori egin eta gero, Diversidad Literaria argitaletxearekin jarri nintzen harremanetan eta egitasmoak aurrera egin zuen.

Zenbat poema bildu dituzu?

Ba 46 bat daude, eta, kapitulu bakoitzaren hasieran, irakurlea kokatzeko testu bana. Amaierarako beste bat idatzi dut eta gogoeta orokorrago bat da, autoezagutzaren balioari buruzkoa, nire ikuspegitik egindakoa.

Zer ikuspegi duzu autoezagutzaren balioari buruz?

Oso gauza pertsonala dela esango nuke. Bakoitzak du bere burua ezagutzeko modua, askotan norberaren bizipenetatik eratortzen dena: harremanak, gauza berriak, esperimentuak... Ezagutzen dituzu zure trebetasunak, indarguneak eta ahuleziak, eta baita ere nondik jo nahi duzun bizitzan; nola aurkitu eta ezagutu zure burua.

Zein helbururekin idatzi duzu 'Perdida encontrándome'?

Nagusiki, autoezagutzaren balioa erakusteko eta irakurriko dutenak horretaz jabetzeko. Konturatu daitezela bizitzan dena ez dela itsusia, guztia ez dela polita; bide eta irtenbide desberdinak ditu.

Liburu bat irakurri edo abesti bat entzuten dudanean, hitz edo esaldi batekin geratzen naiz eta pentsarazi egiten dit: zerbait berria pizten du nigan. Baliotsua iruditzen zait eta gustatzen zait sentipen hori besteengan ere eragitea.

Ikasketak, lana, eguneroko zereginak... Gizarte gero eta frenetikoago batean bizi garen honetan, lan honek balio dezake arnasa hartu eta norberak bere barrura begiratzeko ariketa egiteko?

Bai. Gainera, iruditzen zait askotan berehala lortu nahi dugula dena, aurreneko saiakeran. Eta beti ezin da. Oso presente izan dut hori. Beti esaten dut ametsak lortzeko borrokatu egin behar dugula eta bide horretan oso garrantzitsua dela norberak hartzen duen konpromiso maila. Horrez gain, hala behar izanez gero, laguntza eskatzea gakoa da: familiarena, lagunena, profesionalena... Liburu bat idaztea erabaki nuenean nire kasa egin nahi nuen den-dena eta ohartu nintzen ez zela posible. Nire ametsetako bat zenez, bide hori uztartu nuen konpromiso pertsonalarekin: egunero idatzi, proiektuarekin aurrera egiteko beharrezko deiak egin, promozionatzeko lanak burutu, eta abar. Editorial horrekin harremana egiten, adibidez, nire irakasle batek lagundu nau.

"Ametsak lortzeko borrokatu egin behar dugu eta bide horretan oso garrantzitsua da norberak hartzen duen konpromisoa"

Nolakoa izan da poema liburua idazteko bidea?

Bizipenak izan dira batzuetan oso onak eta besteetan oso txarrak; goi-goian egon naiz eta oso frustratuta ere bai. Iruditzen zait errusiar mendi etengabeko bat bezalakoa dela bizitza. Momentu onak eta txarrak bizitzeak ahalbidetu didate bihotza ireki eta zaurgarritasuna erakustea. Pertsona guztiok dugu hori eta ez dugu itxi behar; ez digu beldurrik eman behar erakusteak.

Une txarrenetan, amore ematea burutik pasa zaizu? Zerk eman dizu aurrera jarraitzeko indarra?

Egia esan sendabide moduko bat izan da eta uneoro eutsi diot; oso prozesu terapeutikoa izan da. Familiak eta lagunen babesak asko lagundu nau eta baita ezagutzen ditudan artisten animoek ere. Niretzat oso pertsona berezia den Lorea Intxausti aktoreak, adibidez, hitzaurrea idatzi du, eta horrek ere indarra eman dit.

Zer ematen dizu idazteak?

Nire zauriei tiritak jartzea bezala da. Zalantza uneetan idazten dut eta erantzunak jasotzen ditut: zeintzuk diren indarguneak eta ahuleziak, zer dudan gustuko eta zer ez, ametsak, bizitzan zer ez dudan nahi... Hau da, autoezagutzari lotutako kontuak. Liburuaren izenburuak berak dioen moduan, galduta nengoen eta nire burua aurkitu nahi nuen; ireki behar izan ditut bide desberdinak eta emozio ugari onartu. Ez da erraza izan, baina bizitza eman dit. Uste dut beti egongo garela galduta gure burua aurkitzen dugun bitartean, ez dugula inoiz bukatuko hori egiteaz. Bizitza eboluzioa da eta bide horretan ia egunero aldatzen da zerbait.

Liburu bat egitea ez da idaztea 'bakarrik', ezta? Idaztea bera gutxi izango balitz bezala, egile batek alor gehiago ere kontuan izan behar ditu. 

Bai hori da, ez da idaztea bakarrik... Izatez, zaila da hori: uneoro lan egin behar duzu, ordu pila bat sartu... Gainera, egunero ez dut idatzi nahi izan eta onartu egin behar izan dut. Horrez gain, niri, adibidez, asko kostatu izan zait betidanik deiak egitea, eta proiektuarekin jarraitzeko asko egin behar izan ditut, argitaletxekoekin hitz egiteko batez ere... Nire lana promozionatzerakoan, pazientziarekin ari naiz, aurrenekoa denez jende askok ez nauelako ezagutzen. Garbi dudana da helburu bat duenak eta bene-benetan lortu nahi duenak borrokatu egin behar duela, eta bide horretan funtsezkoa dela baikorra izatea, bestela behera etorriko delako. 

Antzerkiarekin gertatzen zait askotan eta entzuten ditut 'azkar ikasi edo idatziko dituzu gidoiak, zuk, segituan...'. Ba ez, lan asko eskatzen du pertsonaia prestatu, istorioa zure burura eraman, koreografiak edota bakarrizketak landu, kameraren aurrean jarri... Liburuarekin gauza berta gertatu zait, hasieran ez nekiela zenbat lan zegoen atzean, zenbat jende, eta zenbat balio duen prozesu hori guztia aurrera ateratzeak.

Gomendatzen duzu autoezagutzaren bidaiari ekitea? Liburu hau irakurtzea aukera bikaina izan daiteke hasteko...

(Barreak) Bai, bai... Irakurleek ezagutuko dute beste ikuspegi bat, berezia, uste dudalako ez duela edozein pertsonak egiten horrelako ariketa bat, horren pertsonala eta zuzena. Izen-abizenik ez dut erabili baina adierazi beharrekoa nahi izan dudan bezala espresatu dut.

Bestela esanda, idazterakoan ez zarela itzulinguruka ibili...

Idaztea, niretzat, askatzeko modu bat da eta arauetatik at aritzekoa ere bai. Ez dut kontuan izan nola esan dudan liburuan jaso dudana; adibidez, irainak erabili ditut... Ni horrelakoa naiz, eta kitto.

Beldurra eta segurtasun eza etengabe azaltzen dira liburu honetan; horiek dira gehien azaleratu ditudan emozioak. Liburua eginda, barruan sentitzen ditut oraindik: 'Gustatuko zaie liburua ala ez? Ulertuko dute adierazi nahi dudana ala ez? Behin irakurrita, gehiago nahiko dute ala ez?', eta horrelakoak. Etorriko dena ez jakitea polita da, ematen dio emozioa eta ilusioa honi guztiari.

"Beldurra eta segurtasun eza etengabe azaltzen dira liburu honetan; horiek izan dira liburuan gehien azaleratu ditudan emozioak"

Horiez gain, zer gehiago?

Emozio asko ditut nire barruan, gainerakoek ere badituztenak: maitasuna, laguntasuna, faltsukeria, adrenalina, gora eta behera egitea, tristura, amorrua, haserrea, gizartean ikusten ditudan egoerak...

Koktel ederra egin duzu, beraz.

Bai, gustatzen zait hori guztia landu eta horri buruz idaztea. 

Barru-barrutik ateratako sentimendu puru horiek paperera eramatea, nolabait filtratu eta ordenatzea ez da ba erraza izango...

Poema guztiak elkartu, inprimatu eta mahai gainean jarri nituenean kaosa izan zen: emozio eta bizipen pila bat... barne bidaia oso handia izan da. Gero, hori dena ordenatzea... Kronologikoki egitea, behintzat, ezinezkoa izan da eta gainera ez nuen irizpide horren arabera ordenatuta kontatu nahi nire eboluzioa nolakoa izan den. Bidaia polita izan da.

Polita, eta, kanpotik begiratuta, ausarta ere bai... Guztion eskura jarri duzu oso pertsonala den zerbait: barruan daramazuna.

Bai. Halere, esan behar dut den-dena ez dela nigan bizitakoa; esperimentatu dut baita ere nire ingurukoen tokian jarri eta euren sentimenduekin enpatizatzearekin, eta, hori eginda, ni neu nola sentitu naizen aztertzearekin. Ariketa oso deigarri eta berezia izan da hori ere.

Pertsona batzuek eskatu izan didate beraiei pasa zaien zerbaiti buruz idazteko. Testuak prestatu eta horiek irakurtzean sentitzen dutena jasotzeak asko betetzen nau. Besteak beste, horregatik erabaki dut proiektu hau egitea. Askotan garunetik bizi gara baina pertsonon magia bakoitzaren bihotzean eta hori erakustean dago: barruan daramaguna onartu behar dugu eta maskararik ez jarri, ez dugulako behar.

Autoezagutzaren bidaiak bukaerarik ez du izango, baina liburua eskatzeko epeak bai. Noiz artekoa izango da?

Argitaletxeak bi hilabete eman zizkidan horretarako, abenduaren 24tik otsailaren 24ra arte. 

Idazteaz aparte, zaletasun gehiago dituzu?

Esan dut horri buruzko zerbait lehenago, bai (barreak). Antzerkia da nire beste ametsetako bat, aktore izatea noizbait. Orain arte azaldu naiz figurante moduan Go!azen 11.0, Irabazi arte eta La frontera telesailetan. Asko gustatzen zait oholtza baten gainean edo kamera baten aurrean antzeztea, horrek ere asko betetzen nau eta balio dit beste pertsonaia batzuetan murgiltzeko, emozio berriak esperimentatzeko, jendea ezagutzeko... Gustatuko litzaidake horretan formatzen jarraitzea.

"Antzerkia da nire beste ametsetako bat, aktore izatea noizbait"

Nahikoa baduzu esku artean duzun proiektuarekin, baina, kazetariok beti kazetari, eta hona hemen ia derrigorrez egin beharreko galdera bat: etorkizunean gehiago idatzi eta argitaratzeko asmoa duzu?

Bai. Aurreneko liburua bukatu nuen unean bertan pentsatu nuen hori. Segituan izan nituen ideia eta helburu berri bana, egitasmo berri bat eta horretan zer adierazi eta landu nahi dudan. Konpromisoa berriro hartu eta bide berriak irekitzen jarraitu nahi dut. Perdida encontrándome itxita dago, amaiera bat du, baina oraindik asko dut lantzeko, ikasteko eta bizitzeko. Orduan, etorriko dira gauza gehiago, seguru.

Elkarrizketatua eta elkarrizketatzailea elkar agurtu aurretik, ohikoa izaten da kazetariaren galderak erantzutera etorri den gonbidatuari aukera ematea zerbait nabarmendu edo gehitzeko. Gogoeta benetan interesgarriak egin ditu Aiorak tarte horretan ere.

Izugarrizko deskubrimendua izan zen poesiarena eta horri esker animatu naiz gero eta gehiago idaztera. Iruditzen zait oso genero pertsonala dela eta polita dela horretan murgiltzea, bideak zabaltzen dituelako. Norbera eta bere ingurukoak ezagutzeko modu on eta berezietako bat dela iruditzen zait.

Gizartean, oro har, asko haserretzen gara gure buruekin, eta hori da... Niri ere askotan gertatzen zait, oso autoexijentea naiz eta irakasleek esaten didate, 'Aiora, ez matxakatu hainbeste, hartu arnasa eta ireki begiak...'. Eta nik, 'bale, baina ezin dut!'. Gauzak oso erraz esaten ditugu baina gero praktikan jartzea beste kontu bat da, gutxik egiten dute hori. Esan bezala, barruan daramaguna onartzea eta horri maskararik ez jartzea funtsezkoa da, pertsonon magia gure bihotzetan eta hori edonori erakustean dagoelako.