Hiru helburu nagusi finkatu ditu EAJk: lurraldeko lehen indarra izatea, aldaketarako eta berrikuntzarako eragile izaten jarraitzea eta abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzunak ematea, "ikuspegi ireki eta zabalagoa oinarri". GBBko presidenteak osatu nahi du proiektu politiko "berritu" bat, egungo egoera politikoaren diagnostikotik abiatuta, eta Buruntzaldeko talde jeltzaleetako ordezkarien ekarpenekin aberastu nahi du. Gauzak horrela, topaketa horretan parte hartu dute Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo alderdikideek. Gure udalerriko EAJren izenean Estitxu Alkorta bertaratu da bilerara.
Arrisku handienak, "populismoa eta demagogia"
Arrizabalagaren iritziz, demokraziak mundu mailan dituen "arrisku handienak" dira "populismoa eta demagogia", eta Gipuzkoa "ez da horren salbuespena". Horren aurrean "benetakotasuna" defendatu du, "eguneroko lanetik" herria eraikitzeko, horretarako EAJ alderdiaren "betiko nortasuna" errebindikatuta, betiere "izaera berritzaile batekin". Gauzak horrela, GBBko buruaren irudiko, jeltzaleek aurre hartu behar diete euskal gizartearen erronkei, "modu proaktiboan jardunda".
Ildo horretatik, gizarte, kultura eta ekonomia alorretako nazioarteko eragileekin "sare berriak" eratzeko konpromisoa hartu du Arrizabalagak, helburu hauekin: "Gure ikuspegi abertzalea maila guztietara zabaldu, herria maitatu, herritar guztiak errespetatu eta herrigintza eraginkorra egin".