Eider Redondo eta Hodei Murgiondo herritarrak, proba konbinatuetako Euskadiko txapelketan bikain

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 8a, 15:45

Eider REdondo (ezker) eta Hodei Murgiondo (eskuinean, ezkerreko lehena), podiumean. Arg.: G. Redondo/J. Murgiondo

Pista estaliko bakarkako txapelketa garrantzitsuak hasi dira. Lehena proba konbinatuetako 16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketa izan da. Hilaren 3an eta 4an, lehiatu da hitzordua Donostiako belodromoan. Ostadar SKTko Eider Redondo Juarez eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo Hernandez herritarrak gaztetxoenen mailan gogor borrokatu eta lehen hiru postuetan amaitu dute txapelketa

Talde urdin-beltzeko Redondok lortu zuen posturik onena; pentathlon modalitatean parte hartu eta txapeldun izan zen.

60 m. hesi zein 600 m. lasterketak, altuera, pisu jaurtiketa eta luzera jauzia probei aurre egin behar izan zien. Ederki jardun zen atleta gaztea; 600 m. lasterketan bakarrik jaitsi zen lehen postutik eta 3.216 punturekin –bere marka ondu zuen– urrezko domina jantzi zuen. Ez zen berritu zuen marka pertsonal bakarra izan, 60 m. hesi proban (09,34) ere lortu baitzuen.

Bi hobekuntza horiei esker, gainera, bere mailako proba konbinatuetako zein bakarkako Espainiako txapelketarako gutxienekoak lortu ditu herritar gazteak.

Murgiondo, aldiz, hexathlon modalitateko txapeldunorde izan zen.

Atletico San Sebastian taldeko kidea luzera jauzian (5,12 m.), pisu jaurtiketan (9,67 m.) eta 60 m. hesi lasterketan (10,09) garaipena erdietsi zuen arren, 1.000 metro lasterketan bigarren (03.12,86) izan zen eta hirugarren 60 m. lasterketan (08,40) zein altuera proban (1,53 m.).

Era horretara, 2.799 puntu batu zituen herritarrak eta podiumeko bigarren mailara igo zen.

Teknifikazio saioa

Bestalde, hilaren 2tik 5era, Ostadar SKTko Naroa Furundarena Urkola atleta eta prestatzaile Oscar Goikoetxea Bercedo Castellon (Valentzia) izan dira Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako luzera eta altuera jauzietako teknifikazio saioetan lanean. 

Teknifikazio saioan parte hartu zuten kirolari eta prestatzaileak. Arg.: RFEA