Gau luzearen aurretik lasarteoriatarren beroa jaso dute hiru erregeek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 5a, 20:24

Ekialdetik bide luzea eginda iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Azken urtean nola portatu diren gainbegiratu ondoren, merezitako oparia utziko diete lasarteoriatarrei zuhaitz azpian edo oinetakoen ondoan. Komentuan egon dira bazkalostean berantiarrenen gutunak eta haurren maitasuna jasotzen. Galdetu diete zer nahi duten, ze adin duten, txintxoak izan ote diren... Argazkia atera eta eskukada bat goxoki eman diete. 17etan furgonetara igo eta Oriara abiatu dira, zaldi gainean eta karrozen atzetik itzuliko bidea egiteko. Frontoitik atera dira eta Kale Nagusia zeharkatu dute, hori bai, komentuan geldialdia eginda. Jaiotzaren aurrean belaunikatu dira eta ondoren opari bana eman diete mojei. Bueltatu dira bidera, zaldi gainera, eta Askatasuna plazara abiatu dira. Konfeti eta gozoki jasa bat sortuz osatu dute kabalgata. Udaletxe atarian zeuden Amabirjina, San Jose eta haurtxoa aingeruz inguratuta, eta haien aurrean jarri dira, jaioberria gurtzeko. Eta handik balkoira igo dira. Jaso dituzten gutunetako pare bat irakurri dituzte eta esker hitzak esan plaza bete duten herritarrei. Aurten ez da su artifizialik izan, haizearen ondorioz alerta laranja ezarria baitzegoen, baina enbata bestelakoa izan da: gozoki erauntsia eragin baitute. Gozo faltan ez dituzte utzi bide ertzetan eta plazan izan direnak, denek  baten bat eskuratzea izan dutelako; eta gaur gauean opariekin ere ziur eskuzabal jokatuko dutela.