Gau luzea aurretik dute Errege Magoek, baina horren aurretik herrian geldialdia egin dute lasarteoriatar haur, gazte eta adinekoak agurtzeko, eta oraindik ere beren eskaria egin ez dutenen gutunak jasotzeko. Ohi bezala, Megaba elkarteak, udalarekin elkarlanean, prestatu du ongietorria eta egunean zehar egin beharko dituzten zereginak. Etxez etxe ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar herritarrak lo daudela, baina goizean esna zeuden Atsobakarreko egoiliarrak hirukotea iritsi denean. Hizketalditxoren bat egin eta bakoitzari bere oparia banatu diote. Agustin Valdivia alkatea ere bertan zen eta jaso dutenari buruz galdetu die zenbaiti, denak pozik zeudela zirudien. Erregeak atseden hartu bitartean, beren pajeek eskutitzak jaso dituzte Okendo plazan. Zuhaitzaren ondoan jarritako postontzian sartu dituzte haurrek eta laguntzaileek goxokiak eman dizkiete ordainetan. Marrazkiak ere margotu dizkiete pertsonaia magikoei eta eskertza gisa eman. 15:30etik aurrera Ama Brigitarren komentuan izango dira eta hori izango da eskaera zerrenda emateko azken aukera.