"Israelgo erakunde sionistaren garaipen taktiko baten aurrean gaude"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 27a, 22:10

Urtea amaitu aurretik beste mobilizazio bat aurrera eraman du Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak. Inperialismoari, genozidioari stop! lelodun pankarta atzean 60 bat lagunek parte hartu dute protestan. Okendo plazatik irten eta Zumaburuko elizaraino joan dira, eta handik bueltan, Kale Nagusia zeharkatuta Tajamar biribilguneraino. Abiapuntura itzultzean, Israelen eta hura babesten duten mendebaldeko indarren jarrera salatzen duen idatzi bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz. 

Mobilizazioa amaitu eta plazara heldu direnean, odoleztatutako Israelgo bandera eta irudikatutako hiru gorpuren inguruan kokatu dira. Ekimeneko kide batek irakurri du euskarazko idatzia, eta ondoren, beste batek gaztelaniaz. 

Palestinari "baldintzarik gabe babesa" ematen dietenek pairatzen dituzten ondorio militar, politiko eta ekonomikoak azaldu ditu, lehenik. Esaterako, atzo Israelek erasotu zuen Yemenek urteak daramatza Saudi Arabiaren aurkako gosete eta eraso militarrak ordaintzen; Libanok eta "bere abangoardia politiko eta militarrak", Hezbolak, bezala; Iran ere, sionisten aurkako erresistentzia militarragatik, "mendebaldearen hesi politiko eta ekonomiko kriminal baten menpe dago". Eta orain Siria, "palestinar erresistentziarentzat izan ditzakeen ondorioekin". 

Protestaren deitzaileen ustez, Siriaren erorketa "drama" bat da palestinarrentzat, "erresistentziaren ardatzaren banaketa kateak hausten baititu". Horrek azalduko luke, Israelgo presidente Benjamin Netanyahuk adierazi izan Damasco erori eta ordu gutxietara "gaurkoa egun historiko bat da Israelentzat". Izan ere, agintari berriek Siriako lurretatik Israel ez erasotzeko konpromisoa hartu dute, palestinarren erresistentzia eta herri frontearekin "borroka armatuetan sartzen diren bitartean".

Mendebaldearen "hipokresia" ere salatu dute, erresistentzia palestinarra "terrorista" dela diote, baina Al Qaedako ondorengo diren HTS terroristak "politikoki txalotu eta zuritzen" dituzte. "Erresistentzia palestinarraren egitura desegiten ari dira".

Egungo egoeran, "zintzoak" izan eta ohartarazi dute "Israelgo erakunde sionistaren garaipen taktiko baten aurrean gaude". Hilabete gutxitan erresistentzi palestinarra ahuldu eta eskuladea birmoldatu da. Hala ere, berretsi dute bai Palestinarren aldeko "konpromiso etikoa" bai kalera ateratzen jarraituko dutela, eta gogoratu "ez dezagun inoiz ahaztu ez dela gizarte hoberik izango konfrontazioari uko egiten badiogu"