Errumaniaren Eguna ospatzen
Decebal elkarteak Errumaniaren Eguna ospatu zuen Gizarte Etxean. 1918an Gipuzkoan bizi diren errumaniarrak batu ohi dira nazio horren parte direla eta etorkizun hobe baten itxaropena dutela adierazteko. Jaioterriko plater ohikoekin osatutako menua bazkaldu eta Bogdy Stoika folklore taldearen kontzertuaz gozatu zuten, dantza tradizionalak eginez. Gainera, Aita Noelen bisita jaso zuten.
Almagro atleta gazteak ederki hasi zuen pistako denboraldia
Ostadar SKTko Oinatz Almagro Zaldua kirolariak 20 urtez azpiko pistako Espainiako txapelketan parte hartu zuen Bidasoa Atletiko Taldearekin (BAT) Sabadellen (Katalunia). Jauzi hirukoitzeko proban lehiatu eta zazpigarren postua eskuratzeaz gain, bere marka pertsonala ondu du; azken saiakeran 12,69 metroko jauzia egin zuen gazteak.
Presa eta Olaso, podiumean
Jon Presa Herranz herritarra Zalla-Balma-Zalla lasterketako garaile izan zen. Herritarrak 47.57 behar izan zuen 14 kilometroko ibilbidea egiteko. Eta Kroseko Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Eibargo Bolunburu Oroimezkoaren barruan. Mari Carmen Olaso Espeso podiumean amaitu zuen proba. Zehazki, 55 urteko mailako txapeldunorde izan zen Olaso; master mailako sailkapen orokorrean zortzigarren (14.56).
Pasaiako hilketa matxista gaitzetsi dute
Lasarte-Oriako Udalak deituta, elkarretaratzea zuten herritarrek Okendo plazan. Pasaiako hilketa matxista salatzeko elkartu ziren lasarteoriatarrak. Erailketa hori gaitzesteaz gain, azaroaren 23an udalerrian gertatutako eraso matxista bat ere deitoratu zuten.
Herriko Etxea eta Araetaren pintxoak gustukoenak
X. Pintxo Bideko sariak banatu zituen Aterpe elkarteak. Herritarrek aukeratutako Aterpea sariaren irabazlea Herriko Etxea izan zen eta epaimahai profesionalarena, aldiz, Araeta sagardotegia.
1.022 pintxo saldu zituzten aurtengo X. Pintxo Bidean parte hartu duten ostalaritza establezimenduek. Aurtengoa "izugarria" izan dela nabarmendu zuten sari banaketara joan ziren partaideek.
'Gaztea' irratiko maketa lehiaketan parte hartu zuen Ertz taldeak
Bost gazte lasarteoriatarrek –Ane Jimenez (trikitixa eta ahotsak), Lander Jimenez (tronpeta eta tronboia), Oier Toquero (gitarra eta ahotsak), Leire Anabitarte (baxua) eta Urtzi Furundarena (bateria)– sortu berri duten Ertz taldeak 'Gaztea' irratiaren maketa lehiaketako lehen fasean parte hartu zuen. Lasarte-Oriako taldeak sortutako hiru abesti aurkeztu zituen lehiara, baina herritarrek ezin izan zuten hogei aurre finalisten zerrendan sartu.
Sakelako telefonoak eta nerabeen gaineko solasaldia
Lasarte-Oriako Altxa Burua ekimeneko kideek gonbidatuta, Orainprebentzioa adikzioak saihesteko egitasmoko kide Mikel Cerezok hitzaldi interesgarri bat eman zuen Antonio Mercero aretoan. Gailu digitalak erabiltzeak "argi-ilunak" dituela nabarmendu zuen, hau da, badituela "arriskuak", baina baita "positiboak" izan daitezkeen erabilerak ere.
Lasarteoriatarrak, Durangon
Herritarren lanak ikusgai eta salgai izan ziren 59. Durangoko Azokan. Iñaki Petxarroman kazetaria eta idazleak, 'Lehendakariaren alaba' thrillerra aurkeztu zuen eta Pablo Barrio idazleak '2074'. Herriko beste zenbait sortzaileren lanak ere eskuragarri izan ziren azoka eremuko stand-etan, besteak beste, Aintzane Usandizagarenak, Ane Labakarenak, edota Katxiporretako kideenak.
Kulturartekotasuna, hizpide
Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak 'Lasarte-Oria koloretsua kulturartekotasunetik elkarrekin lantzen' solasaldia aurrera eraman zuen, Antonio Mercero aretoan. Herriko ikastetxeetako (Garaikoetxea-Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte BHI) ordezkariak, Ostadar SKT, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola, Ttakun Kultur Elkartea eta Kumme Elkartea batu ziren Bizipozako kideekin batera eta bakoitzak bere errealitate eta bizipenen gaineko hausnarketa partekatu zuen.
Buruntza mendian errota eolikoak eraiki nahi dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak aldizkari ofizialean jakinarazi zuen Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako lurrak hartzen dituen Buruntza mendian hiru haize errota eoliko irekitzeko deialdia argitaratu duela Mendiko Haizie SL enpresak.
Eguneko Zentroko egoiliarrek, osteratxo ederra bizikletan
Bizikletan Adinik Ez egitasmoko lagunak Atsobakarreko egoitzara etorri ziren, Eguneko Zentroko zenbait egoiliar bizikletetan hartu eta herrian barrena osteratxo bat egitera. Giroa hotza izan arren, behar adina arropa jantzi eta pozarren ibili ziren, bidean topatu zituztenak jator agurtzen.
Ez dute borrokatzetik jubilatzeko asmorik
Pentsio publikoen orainaz eta geroaz gogoeta egiten itxi zuen urtea Borobilean Elkarteak. Gai horren bueltan lanean ari diren eragileetako lau kide gonbidatu zituzten: Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kide Karlos Etxeberria, Oneka plataformako ordezkari Nekane Berriotxoa, Duintasuna elkarteko kide Joxean Urkiola eta Irungo Pentsionisten Mugimenduko ekintzaile Sole Agirre. Bakoitzaren hasierako hitzartzearen ostean, solasaldira batu ziren Oriarte Landaberrira bertaratutako herritarrak.
Ostadar SKTko atletek, entrenatzeko baldintza aproposik ez
Ostadar SKTko Atletismo saileko kideek atletismo sailak bizi duen egoera herriari jakinarazteko idatzi bat argitaratu zuten entrenatzaileek eta pista berriaren "kudeaketa txarra" salatzeko argazki masiboa egin zuten kirol instalakuntza horren aurrean. Naroa Furundarena Urkiola pista estaliko jauzi hirukoitzeko Espainiako txapeldunordearekin solastu ginen atletismoko saileko egoera zehatza zein zen jakiteko.
Herritarrek dominak, Gipuzkoako triatloi eta duatloi galan
Gipuzkoako duatloi eta triatloi txapelketetako sari banaketa ekitaldia egin zen Donostiako Kirol Etxean. Bi herritarrek dominak jaso zituzten 2024 urteko jardunarengatik, Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza Gomez eta Lasarte-Oriako Trinko taldeko Mikel Izagirre Aramendi. Sukunzak Zumaian lehiatutako Gipuzkoako txapelketako 23 urtez azpiko zilarra eta absolutu mailako brontzea jantzi zituen; Izagirrek, aldiz, beterano 2 mailako zilarra Gipuzkoako Duatloi txapelketan.
Belarrietako azkura, Illunbetik mundura
Ane Labaka Mayoz herritarra bigarren aldiz aritu zen herritarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Lasarteoriatarrak saio biribila osatu zuen eta laugarren sailkatu zen, berak nahi bezala, egotetik harago egiten asmatuta. Alaia Martin Etxebestek irabazi zuen txapela, final bikaina eginda, hasi eta buka. Beñat Gaztelumendi Arandiaren aurka jokatu zuen buruz burukoa oiartzuarrak.
Jostailu bilketa eta pintxo-pote solidarioa
Valentziako hondamendiak kaltetutakoen alde lanean ari den herriko boluntario taldea eta Donostiako Motard motorzale elkarteko kideek Antonio Mercero gunearen atari ondoan, haurrentzako jostailuak bildu zituzten. Dohaintza egin zutenek edota ekarpen ekonomikoa, mokadua egin eta trago bat egitera gonbidatu zituzten, pintxo-pote solidarioan. Giro hotza berotzeko, gainera, musika jarri zuen DJa ere bazen.
LOKEko judokek, gerriko beltzak eta DANak
Espainiako Judo Federazioak bere 75. urteurrena ospatzeko gala egin zuen Las Palmasen (Kanariar Uharteak). Euskal Judo Federazioko kideak izan ziren bertan, besteak beste, Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) Gorka Aristegi. LOKEko prestatzaileak, gainera, gerriko beltzeko 7. DANa lortu izanaren diploma jaso zuen.
Horrez gain, taldeko Ekain Luisek eta Nestor Silvak gerriko beltza eskuratzeko azterketa gainditu zuten.
Errugbiaz gozatzeko goiza Michelin kirol gunean
Errugbiaz gozatzeko aukera ederra izan zen, Michelin kirol gunean. Beltzak RTko emakume taldeak bere debuta egin zuen Mater ligan eta jardunaldia jokatu zuen Bera Bera eta Arrasate taldeen aurka. Mater Ligako jardunaldia jokatzen ari zen bitartean, 10 eta 12 urtez azpiko errugbi eskoletako kideak beroketak egiten ari ziren eta materrek amaitzean, gaztetxoek euren trebezia erakutsi zuten.
Herriko atletak, ederki pista estalian
Lasarte-Oriako atletek pista estaliko bigarren jardunaldi izan zuten eta Ostadar SKTko Oinatz Almagrok eta Iraia Alkortak, Real Sociedadeko Naroa Elvira zein Aloña Mendi taldeko Jon Presa herritarrek euren onena eman zuten marka pertsonalak gainditzeko.
Lasarteoriatar bat hil zen auto istripu batean
Lasarteoriatar bat hil zen N-1 errepidean, Tolosa parean, gidatzen ari zen ibilgailuaren kontrola galdu eta istripua izanda; ezbeharraren unean bertan hil zen 44 urteko herritarra. Gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza.
LOKEko tenislariak, finaletan
LOKEko tenis ataleko kideak banakako Gipuzkoako txapelketako finaletan izan dira lehian. Lide Sobrado kadeteen mailako txapeldunordea izan da. Kontsolazio finaletan bi taldekide garaile izan ziren mailan ezberdinetan: Laiene Ugarte kadete mailan eta Oihane Iradier infantil mailan. Bestalde, Euskal Tenis federazioak Euskal Tenisaren historioa bat irudietan liburua argitaratu du. Bertan LOKEko prestatzaile Mariasun Yurrita agertzen da mitoen atalean.
Kirol ahalegina aitortuz
Azken hamabi hilabeteetan nabarmendutako kirolariak saritu zituen Lasarte-Oriako Udalak Manuel Lekuona kultur etxean antolatutako galan. Emakumezko eta gizonezko kirolari onenari dagokiona, Aiora Belartieta Galardi arraunlariak –bigarrengoz– eta Jon Martin Vicente futbolistak jaso zuten; ibilbidea aitortzen duena, aldiz, oraintsu erretiroa hartu duen Jose Felix Solano Menak.
2025ko egutegiko irudien egileei, saria
Lasarte-Oriako Udalak datorren urteko egutegia apaintzeko abiarazitako Lasarte-Oria zure objektiboan argazki lehiaketako sariak banatu zituen. Datozen hamabi hilabeteak apaintzeko aukeratutako argazkien egileak bertan izan ziren beraien saria (edo sariak) jasotzeko.
'Zinemakumeen' filma ez zen mutua izan
Emakume Sortzaileen III. Jardunaldia aurrera eraman zuen Ihitten elkarteak, Antonio Mercero aretoan, 'Zinemakumeak' izenburupean. Ane Arteaga Otaño errejidore eta dekoratu laguntzailea, Ione Artola Irizar jostuna, Haizea Huegun Duran musikagilea eta Dorleta Urretabizkaia Egizala aktoreak gonbidatu zituen herriko eragileak bere bizipenak partekatzera.
Merkatarien erakusleihoek saria jaso zuten
Eguberritako erakusleihoen sarien banaketa egin zuen Aterpea elkarteak. Herri epaimahaiaren eta profesionalaren iritziak ez ziren guztiz bat etorri aurtengoan. Ormazabal loradenda izan zen herritarren gustukoena, eta, Ventanas Alcar izendatu zuen garaile epaimahai profesionalak.
2025eko aurrekontuak onartu zituen udalbatzarrak
Lasarte-Oriako Udalak 40.709.521 euroko aurrekontua izango du 2025ean. PSE-EEk eta EAJk euren aldeko botoekin atera zuten aurrera proposamena eta PPk ere babestea erabaki zuen. EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek, berriz, aurkeztutako kontuen aurka egin zuten eta desadostasunaren arrazoiak azaldu zituzten, besteak beste, gai "garrantzitsu" hori lantzeko moduan fokua jarrita. Horietan, inbertsioetara 12.000.000 euro pasatxo bideratuko ditu udalak eta ia erdia Michelingo kiroldegi berria eraikitzen jarraitzeko erabiliko du.
EAJko Jon Antxordokik zinegotzi kargua utzi zuen
Ez-ohiko batzarrean EAJko Jon Antxordokik uko egin zion zinegotzi aktari. Bederatzi urte eta erdiren ondoren, udaletxeko jarduna utziko du Lasarte-Oriako EAJko bozeramaile izan denak. Eskerrak eman zizkien zeregin horretan bidelagun izan dituenei eta egindako "gauza onekin" oroitzeko eskatu zuen alderdi jeltzaleko kideak: "Gaizki esandakoak ahaztu eta ongi egindakoak gogoratu".
Herritarrak, Gipuzkoako Kirolgalan sarituak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak antolatzen duen Kirolgalan Maialen Chourraut Yurramendi herritarrak Distira saria jaso zuen bere ibilbide bikainagatik. Martin Berasategi sukaldariak ere Kirol enpresa saria jaso zuen Donostia Arraun Lagunak kluba babesstuz emakumeen arraunketari laguntzeko egin duen lanagatik. Horrez gain, aurtengo Parisko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartu duten Gipuzkoako kirolariak ere aintzatetsi zituzten, hala nola, Chourraut bera eta Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilaria.
San Tomas azoka jendetsua, Eguberrien aurrekari
Beste urte batez Ttakun Kultur Elkarteak San Tomas azoka antolatu zuen Okendo plazan eta jende ugari bertaratu da abenduko jai esanguratsuenetako batez gozatzera. Zerririk ez, baina txistorra, taloa, sagardoa, kantak eta dantza izan ziren, beraz, egun osoan ospatzeko ezer ez zen falta izan.
Ilusio eta goxotasunarekin, mela-mela
Egun paregabea igaro zuten Mari Domingik eta Olentzerok gure herrian, goizetik hasi eta iluntzera arte. Eguraldiak ez zien batere lagundu, baina giro hotzari ederki eman zioten buelta herritarren goxotasunarekin.
Ttakun KEk eta Lasarte-Oriako Udalak prestatu zuten egitaraua goizean hasi zen. Loidibarren pilotalekuan elkartu ziren ikastetxeetako ikasle, guraso eta Ttirriki Ttarraka eskolako musikariak gabon abestiak kantatzera. Okendorantz joan ziren jai giro zabaltzera: bertan txokolate bero eta goxoa jan eta Xixuko ahatea agurtu aurretik, ikastetxeetako umeen marrazki erakusketa ikusi zuten gehienek. Bitartean Mari Domingi edota Olentzero ikusteko ilara egiten ari ziren lehen txandetako haurrak. Irribarrea aurpegian eta ilusioa bihotzean sartu ziren guztiak.
Arratsaldeko egitaraua moldatzea erabaki zutenn antolatzaileek, eguraldiagatik. Desfilea bertan behera utzi eta ikuskizuna aurrera eraman zuten Loidibarren pilotalekuan. Mari Domingi, Olentzero, Porrotx, Maritxu Teilatuko eta Xixukok girroa bero mantentzeko zaku karrera berezia eta haur eta gaztekin dantza egin zuten. Amaieran elkarri agur esan aurretik, talde argazkia atera zuten.