Herriko musikarien lan berriak
Denbora abestia estreinatu zuten Ander Hazas eta Jagoba Mendizabal herritarrek. Zenbat gau arrakastatsuaren ostean berriz elkartu eta aipatu lana ekoiztu dute, June Eizmendi herritarraren ahotsa lagun. Horrez gain, Lurhats taldeak Sendagai diskoko Amets Senti kantuaren bideoklip ofiziala kaleratu zuen. Julen Basterra herritarrak eta Iban Nikolaik martxan jarritako proiektuak aldarrikatzen du medizina dela musika.
Intzako kirolariak, etxetik kanpo bikain
Intza pilota elkarteko kideek Ezker Horma zein Errendimendu txapelketako jardunaldiak jokatu zituzten. Nagusien 3. mailako bikoteak finalerako txartela eskuratu zuen eta, ondorioz Eibar 2ren aurka jokatu zuen Astelena pilotalekuan, Eibarren.
Villalobos eta Irristaka taldea, ligako bigarren
Azaroko lehen asteburuan, abiadura patinajeko ligako azken jardunaldia jokatu zen Iruñean. 2. mailan lehiatu zen Tolosako Irristaka taldea eta bertako kide den Ximon Villalobos herritarra podiumera igo zen. Bigarren postua eskuratzeaz gain, lehen mailara ere igo ziren.
Tasa eta zergak %3 igoko zituela iragarri zuen udalak; hondakin bilketarena, berriz, %50
Azaroan bi gai garrantzitsu jorratu zituen udal korporazioak udalbatzarrean: Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria "behin betiko" onartzea eta datorren urterako ordenantza fiskalen proposamena. Biak ala biak onetsi zituzten, udaletxea koalizioan kudeatzen duten PSE-EEko nahiz EAJko zinegotzien botoekin.
Memoriaren Eguneko ekitaldia aurrera eraman zuten
Motibazio politikoko indarkeria kasuak gogoan izan zituzten Askatasunaren parkean, hilaren 10ean. Gotzon Huegun eskultore lasarteoriatarraren Biharraren oroipena eskulturaren inguruan bildu ziren udal korporazioko alderdi guztietako (PSE-EE, EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP) ordezkariak, Herritar Foroko kideak eta dozena bat pasatxo herritar. Komunikatu bat irakurri, Lourdes Iriondoren Askatasuna zertarako abestia kantatu eta larrosa zuriak jarri zituzten plakaren gaineko lorontzian zein eskultura osatzen duten hiru hilarri totemetako batean (EH Bilduko kideek egin zuten hori).
Valentziako denboraleak kaltetuentzako laguntza, Lasarte-Oriatik
Herriko boluntario talde bat elkartu, eta jo eta su hasi ziren lanean Valentziako denboraleak kaltetuei ahalik eta material gehien bidaltzeko asmoz, Antonio Mercero aretoan. Horiez gain, Gurutz Iturbe suhiltzailea erer Valentziako Massanassa herrian egon zen, boluntario lanetan. Horren harira elkarrizketa egin zion TXINTXARRI-k.
Etxebizitzaren gaineko solasaldia aurrera eraman zuen Borobilean elkarteak
Ikasturteko hirugarren mahai ingurua aurrera eraman zuen Borobilean Elkarteak: Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta eta Xuar Agirre gazte lasarteoriatarra gonbidatu zituen Oriarte Landaberrira; puri-purian dagoen gai horri buruz hitz egin zuten.
Trebatu, gozatu eta gogoratzeko Bertso Astea
Hilaren 26tik 29ra, udalerrian, Bertso Astea aurrera eramango zutela iragarri zuten Ttakun Kultur Elkarteak, udalak eta Earra bertso eskolak. Horren barruan ekimen nagusia I. Imanol Lizardi Sariketa izango zela esan, eta hori girotu eta indartuko zuten bertso solasaldiak eta bertso poteoak ere aurkeztu zituzten.
Ostadar izan zen Erregional mailako derbiaren garaile
Ostadar SKT eta Texas Lasartearra CF taldeek norgehiagoka jokatu zuten multzoko faseko lehen itzuliari amaiera emateko. Bigarren zatiko lehen minutuetan urdin-beltzek sartutako bi golek hankaz gora jarri zuten Texas Lasartearraren jokoa.
Ttakun Kultur Elkartearen 33. urteurrena
Hiru hamarkada pasatxo daramatza eragile horrek Lasarte-Orian euskara eta euskal kultura normalizatzeko lanean; zehazki, 1991ko azaroaren 16tik. Sortzaileek imajina zezaketena baino dimentsio askoz handiagoa du eta programa ugari kudeatzen ditu.
X. Pintxo Bidea
Aterpea merkatarien elkarteak hilaren 22, 23 eta 24an X. Pintxo Bidea aurrera eramango zuela iragarri zuen. Hori jakinaraztearekin batera, bertan parte hartuko zuten mokaduen aurkezpen eta dastaketa egin zuten, Semblante Andaluz elkartean. Suharri jatetxeko Xabier Santxo izango izan zen epamahai profesioanala. Garaileak, geroago jakinarazi zituzten: Araeta (epaimahaiaren gustukoena) eta Herriko Etxea (herritarren gustukoena) izan ziren.
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira udalak iragarritako egitaraua aurrera eraman zuten hilabeteko zenbait egunetan. Ixiar Rozas idazlearekin egindako solasaldia izan zen egitarau horren barruan egindako lehen ekimena, eta hortik aurrera etorri ziren gainerakoak; hilaren 25eko elkarretaratzea, besteak beste.
Ondas saria 'Faktoria Magazina'-rentzat
Gertutasuneko saiorik onenaren Ondas saria jaso zuen Euskadi Irratiko Faktoria Magazinak. Bartzelonako Liceu antzokian aurrera eraman zuten sari banaketa, eta bertan izan zen aipatu irratsaioa osatzen duen lantaldea; horien artean bi lasarteoriatarrar: Maider Segurola Dorronsoro eta Asier Odriozola Gonzalez. Horiei elkarrizketatxo bana egin zien aldizkariak.
Larraitz Izagirre eta Begoña Igartua, garaile
Lasarte-Oriako toki izenei buruzko bigarren lehiaketako sariak banatu zituzten Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta TXINTXARRI aldizkariak. Galdera nahiz argazki erronketan ehun jokalari baino gehiagok parte hartu zuten. Hogei galdera erantzun behar zituzten partaideek, eta argazki jakin bat bidali ere bai. Hala, gehienak asmatzeaz gain argazkia ere zuzen bidali zutenen artean egindako zozketan Larraitz Izagirreri egokitu zitzaion saria. Bestalde, parte hartzaile guztien artean beste sari bat zozkatu zuten, eta hori, Begoña Igartuak irabazi zuen.
Herritarrak, 59. Behobia-Donostian
Behobia-Donostia lasterketako 59. aldia jokatu zem hilaren 10ean. Lasarte-Oriako 136 korrikalari eta patinatzailek parte hartu zuten proban, eta horien guztien artean, Ximon Villalobos Alvarez rollerrak lortu du posturik onena; esprinta lehiatu ostean, podiumeko bigarren mailara igo zen. Beste hainbat lasarteoriatarren artean, lasterkari gisa heldu ziren helmugara Julen Ormazabal, Jon Presa eta Maite Salazar.
Baserriko produktuen erakusleiho
San Martin egunaren bueltan baserriko produktuen azoka aurrera eraman zuten Behemendi elkarteak eta udalak, hamargarren aldiz, Okendo plazan. Herritarrek kalitatezko produktu freskoak ekoizleei zuzenean erosteko aukera izan zuten; hala nola, porruak, urazak, patatak, eta abar. Horiek guztiak, bertako baserrietakoak.
Zarzuela eta akordeoi jotzaileak, oholtza gainean
Zero Sette Akordeoi Orkestrak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatutako 21. Nazioarteko Akordeoi Jaialdia ospatu zuten kultur etxean. Bi ordu iraun zituen saioan, instrumentu berarekin doinu oso bestelakoak lor daitezkeela erakutsi zuten. Horrez gain, Sasibill Elkarte Lirikoak Neska bihurria (La Revoltosa) zarzuelaren emanaldia egin zuen bezperan.
Igerilariak lehen fruituak jasotzen
Gipuzkoako Neguko Ligako 2. jardunaldia ospatu zen Hernanin eta Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta maila absolutuko hamabost igerilari lehiatu ziren.
Lehen jardunalditik entrenamenduen eta proben maila igo zuten igeriketa taldeko kideek eta Hernaniko saioan aukeratutako banakako probak 50 m. tximeleta, 400 m. lau estilo, 200 m. libre eta bular zein bizkar eta bular estiloko 100 metroko probak izan ziren. Saio amaitzeko estilo libreko 4x100 m. erreleboan ere parte hartu zuten taldeko kideek.
Aurretiako fasea, taldea egin eta sendotzeko
Ostadar Boleibola ataleko taldeak Gipuzkoako liga hasi aurretiko fasea jokatu zuen. Hilaren 16an, goizean, kadete mailako A taldeak eta infantil mailako kideek errezel batek bereizita jokatu zituzten euren neurketak Maialen Chourraut kiroldegian.
Kantxa erdiko zelaian, Eider Aldazabalek zuzentzen duen kadete A taldeak 0-3 galdu zuen Usurbilen aurka.
Kadeteek ez zuten prestakuntza fasea ongi hasi, baina pausoz pauso taldea egin eta ligari begira egin zuten aurrera.
Literatura lanen sariketa
Haur eta gazteen nahiz helduen lehiaketetako sariak banatu zituzten kultur etxeko hitzaldi aretoan: saridunak, euren senideak eta udal ordezkariak bildu ziren aipatu aretoan. 150 eta 278 lan aurkeztu zituzten aurtengo lehiaketara bi sariketetako parte hartzaileek, hurrenez hurren.
Gipuzkoako txapelketako podiumetan
Taula Xake Klubeko kideek banakako Gipuzkoako txapelketak lehiatu zituzten azaroan ere. Askotariko mailetan aritu ziren Bigarren, Hirugarren zein Superbeterano mailetan eta bitan izan ziren herritarrak lehen postuetan. Jose Ignacio Echeverria Eleicegui garaile izan zen Superbeterano kategorian eta hirugarren mailako lehian Erlantz Sanchez Huertak brontzezko postua eskuratu zuen. Sanchezek, gainera, bigarren mailarako igoera eskuratu zuen. Eurekin eta Taulako kide eta eskolako arduradun Alex Sanchez Andresekin bildu zen TXINTXARRI banakako txapelketaren, datorren urteko taldekako lehiaren eta xake eskolaren gainean hitz egiteko.
Zaindariaren omenez, kalera
Santa Zezilia egunaren bueltan (hilak 22) jarduerak aurrera eraman zituzten Udal Musika Eskolak (UME), herriko txistularien taldeak, Xumela koruak eta Oaintxe in deu! txarangak (batera aritu ziren) eta Alboka abesbatzak. Kalera irten eta katuz zein musikaz bete zituzten herriko bazter ugari.
Gurpil aulkiko eslalom jardunaldia
Gurpil aulkiko eslalom proba ezberdinez gozatzeko aukera izan zen hilaren 30ean, Michelin kirol guneko pista estalian. Ostadar Inklusioa sailak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz, Gipuzkoako kirolariei zuzendutako jardunaldia prestatu zuen.
Ostadar Inklusioa taldeko zein Donostiako Kemen KEko hamar bat kirolarik parte hartuko dute eta maila ezberdinetako erlojupeko zein banakako kanporaketa saioari egingo diete aurre zirkuitu itxi batean.
Herritarrak, Laudioko podiumean
Laudioko krosa lehiatu zen eta bi herritar podiumean izan ziren. Master mailako Euskadiko txapelketa jokatu zen Arabako herrian eta Mari Carmen Olaso herritarra 55 urte baino gutxiagoko mailan bigarren sailkatu zen (29.14). Proba horretan, gainera, Aimar Sukunzak ere promesa mailako garaikurra jaso zuen. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan zen herritarra 32.55 denborarekin eta denbora horrek gazteen mailako lehen postua ere eman zion. Jon Presak ere parte hartu zuen proba horretan eta 32.56 egin zuen.
Euskal reggae talde baten sorrera
Tirabira izena du Xabi Herrera herritarrak eta Iñigo Egiak sortu, gidatu eta gorpuztu duten proiektuak. Hemezortzi kantuz osatutako bi disko atera zituzten, hil honetan, kolpe bakarrean eta abenduan aurrera eramango zuten zuzeneko lehen emanaldia iragarri zuten. Horren harira, aldizkariak elkarrizketa egin zion Xabi Herrera Xa2 proiektuaren sortzaile eta taldeko kideari, eta horretan bildutako informazioarekin erreportaje bat argitaratu; horretan jakinarazi zuten, adibidez, BAT izeneko euren lana Jalgi, Andatza eta Avenida tabernatan eros dezaketela herritarrek.
Harrobikoak, selekzioekin
Beltzak RTko harrobiko kirolariak Euskadiko zein Espainiako selekzioarekin lehiatu zuten hilaren 23an eta 24an.
Zarauzko Asti zelaian 18 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketako jardunaldia jokatu zuen Euskadik Kataluniaren aurka.
Lander Zabala Ugartemendia eta Eneko Sanchez Martinez herritarrak hamabostekoan jokatu zuten. Azken minutura arte borrokatu zuten arren, ezin izan zuen Euskadik Katalunia garaitu.
Antzeko egoera bizi izan zuen Alex Saleta Atorrasagastik Espainia eta Amerikako Estatu Batuen arteko norgehiagokan, Madrilen.
Maite dituztela esateko
Maite Zaitut festa erraldoia iragarri zuen Maite Zaitut Kultur Elkarteak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omentzeko. Jalgi kafe antzokian aurrera eraman zuten agerraldia, eta Amagoia Mujikak, Ane Labakak, Nerea Godoy eta Agurtzane Intxaurraga. Bertan iragarri zuten maiatzaren 3an izango dela, 17:00etan, BECen; "euskal gizarteari egin dioten ekarpena" aitortu eta eskertuko diete.