2024ari errepasoa: urria

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 27a, 09:15

Oso jendetsua izan zen erraldoien topaketa.

Aurtengo azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, amaitzear den 2024ak eman duenaren errepasoa. Hementxe urriko albisteen hautaketa. 

Sasoetako Jaiak, ekimenez betetako hiru egun

Sasoeta Sasoian auzo elkarteko kideek antolatuta, hiru eguneko jaiak ospatu zituzten auzoan, txupinazotik hasi eta azken traka arte. Tartean, auzoko plaza eta kaleak bete zituzten adin tarte guztietarako makina bat jarduerarekin: danborrada, kontzertuak, erraldoi eta buruhandiak, otordu herrikoiak... Saustatxo elkartea omendu zuten festetako lehen suziria jaurti aurretik, eta elkarteak lokala estreinatu zuen.

Kontsumo bonuen kanpaina aurrera eraman zuten

Tokiko kontsumoa sustatuz herriko establezimenduei laguntzea xede du kontsumo bonuen kanpainak. Aurtengoak 100.000 euroko aurrekontua zuen eta hilaren 7tik azaroaren 3ra luzatu zen. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eskuratu ahal izan zituzten bonoak, gehienez, hamar. Bakoitzak 10 euroko balioa izan arren, erosleak, horietatik 5 euro besterik ez zituen ordaintzen, gainerakoa udalak bere gain hartuta. 

Herria eremu tentsionatu izendatzeko eskatu zuen udalak

Lasarte-Oriako Udalak herria eremu tentsionatu izendatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoan halako eskaera egin zuen hirugarrena izan zen. Hala ezagutarazi zuen Agustin Valdivia alkateak, jarraitutako prozesua azaltzearekin batera. Bi betekizun behar dira izendapen hori lortzeko: 2017-2022 urteen artean alokairuen prezioa %17 baino gehiago hazi izana, Lasarte-Oriaren kasuan, 18,15; eta herritarrek alokairuak ordaindu ahal izateko egin beharreko ahalaegin ekonomikoa %30 baino altuagoa izatea, lasarteoriatarren kasuan %32,2 da. Hiru hilabeteko epean jaso dezake udalak eskaerari erantzuna.

EH Bilduri erantzun zion udal gobernuak

Sozialistek eta jeltzaleek osatzen duten gobernu taldearen izenean Agustin Valdiviak EH Bilduri erantzun zion. Aste batzuk lehenago "noraezean" ibiltzea egotzi zien alderdi abertzaleak, baina alkatearen esanetan, "oso gida argia" dute, "herritarren bizitza hobetzeko 140 neurri baino gehiago dituen programa", egunez egun aurrera eramaten ari direna; eta EH Bilduren "erabateko proposamen falta" kritikatu zuen.

Adinekoen Omenaldi Astea ospatu zuten

Biyak Bat egoitzako kideek bandera igota eman zioten hasiera hilaren 1ean jarduerez betetako zazpi eguneko Adinekoen Omenaldi Asteari. Hortik aurrera askotariko ekimenetan parte hartu zuten, hala nola, mahai jokoen txapelketa edo musika emanaldiak. Asteburuan, San Pedro parrokiako elizkizunean batu ziren sinesdunak, bapo bazkaldu zuten Michelin kirol gunean, eta ondoren, dantzarako tartea izan zuten. Hilaren 8an, berriz, urrezko ezteiak bete dituzten egoitzako kideen egun handia izan zen. Lehenik, meza entzun zuten komentuan, ondoren, aitortza eta opariak jaso zituzten, eta amaitzeko, Herriko Etxean bazkaria eta dantzaldia izan zituzten.

Gozatu kanpaina gauzatu zuen Aterpeak

Bezeroak mimatzeko kanpaina berri bat martxan jarri zuen Aterpea merkatari elkarteak. Hilaren 14tik 26ra aurrera eraman zuten, eta horren bitartez, bezeroen fideltasuna saritu zuten. Denbora tarte horretan ekimenarekin bat egin zuten establezimenduetan erosketak egin zituztenek kolore urdineko txartelen bidez sariak eskuratzeko aukera izan zuten. Batzuek sari zuzena izan zuten, eta beste batzuek, erosketa bonuen zozketan parte hartzeko balio zuten.

Teknologiaren erabilera bultzatzeko guraso taldea

Joan den ikasturte amaieratik lanean ari da Altxa Burua Lasarte-Oria taldea, helburu hauekin: Internetera sarbidea duten gailu elektronikoak egoki erabiltzeko helduak eta gaztetxoak trebatzea; seme-alabei horrelako tresnak ematea aztertzea, eta eskolak sakelako telefonorik gabeko arnasgune bihurtzea. Zentzurik gabeko eta neurrigabea den erabileraren kontra daude, eta beharrezkotzat jotzen dute norabide horretan, "guztiok" formatzea eta gaiari buruz hausnartzea. 

Emakume sortzaileen II. jardunaldia burutu zuten

Ekainean aurrera eraman zuen Ihitten elkarteak Emakume Sortzaileen lehen jardunaldia, eta Sorkuntza memoriatik izenburupean egin zuten bigarrenerako hiru emakume sortzaile gonbidatu zituzten: Fanny Alonso eta Maialen Porroy diseinatzaileak eta Nagore Legarreta argazkilaria. Memoria ardatz duten bi dokumental ekarri zituzten, lehenek, Kotoi, eta bigarrenak, Ibaia ez da toki bat; garai bateko espazioak, jendearen oroitzapenak eta bizipenak sorkuntzarako lehengai ere badirela agerian utzita.

Palestinari eta Libanori elkartasuna adierazi zioten

Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak deituta, urriaren 7an manifestazioa egin zuten. Egun horretan urtebete osatu zen Israelek Gazaren aurka "1948ko Nakba-z geroztik burutzen ari den erasoaldi bortitzena" abiatu zuenetik. Elkartasun olde bat bidali zieten lasarteoriatarrek bai palestinarrei bai Libanori, estatu sionistak berriki erasotu baitzuen herrialde hori eta Hezbola erakundeko liderra erail. Gatazkaren egoera eta gertakariak salatzeaz gain, Kale Nagusian manifestariek performance moduko bat egin zuten, lurrean etzan eta Palestinako banderak soinean jarrita; bitartean, Xumela koruko lagunek Mikel Laboaren Txoria txori kantatu zuten.

Udalak kendutako hobaria berrezartzeko eskatu zuten

Clasicos Lasarte-Oria elkarteak deituta, 92 auto eta hamazazpi motor klasiko elkartu ziren Hipodromoko aparkalekuan hilaren 6an. Herritarrek ordubete izan zuten haiek ikusi, argazkiak egin eta jabeekin hitz egiteko. Ondoren, motorrak piztu eta Brunet parkeraino joan-etorria egin zuten. Jabeak haserre daude udalak ezabatu egin duelako ibilgailu klasikoen gaineko hobaria eta egoera gizarteratzeko aurrera eraman zuen aipatu ekimen hori.

Banakako frontenis txapelketa jokatu zuten trinketean

Azpiegitura biziberritu eta kirola oinarri hartuta belaunaldi gazteen arteko harremana sendotzeko asmoz, herriko gazte talde batek frontenis txapelketa aurrera eraman zuen Mirentxuko trinketean. Iker Artetxe izan zen banakako txapelketako garailea, Joseba Rekondo 22-18 gaindituta finalean. Hirugarrena, berriz, Jon Sarasua oriotarra izan zen, finalerdian min hartu zuen Unai Ituartek eta lehiatzeari utzi behar izan zion.

Aitor Manso podiumeko bigarren mailan, Alacanten

Aitor Manso pilotuak III. mailako bigarren postua eskuratu zuen Espainiako txapelketako azken aurreko proban. Onil igoeran, Alacanten, kategoriako denborarik onena egin zuen proba lehiatuan. Sailkapen orokorrean, Joseba Iraola izan zen garailea eta herriko gidari gazteak laugarren amaitu zuen, hirugarrenarengandik gertu.

Fuentes eta Rodriguez, Euskadirekin lanean

Ligako denboraldiarekin batera, areto futboleko Euskadiko selekzioak ere entrenamendu saioak hasi zituen eta 16 urtez azpiko taldearen deia jaso zuten Eguzki Areto Futbol taldeko kide Aratz Fuentesek eta Markel Rodriguezek. Biek Loiura (Bizkaia) bidaiatu zuten taldearekin lan egitera. 

Eider Redondo, Euskadirekin Federazioen arteko lehian

Ostadar SKTko Eider Redondo Juarezek Euskadiko Selekzioaren deia jaso zuen 16 urtez azpiko Federazioen arteko Espainiako txapelketan lehiatzeko. Hilaren 5ean, Tuteran (Nafarroa) jauzi hirukoitzeko proban parte hartu zuen. Federazioetako hemezortzi kide lehiatu ziren eta zortziko finalerako sailkatu zen herritarra 5,15 metroko jauziarekin. Marka hori bera egin zuen azken saiakeran, eta horri esker, zazpigarren amaitu zuen proba.

Basaundi bailarako zaharberritze lanei bisita

Basaundi bailarako etxebizitzak zaharberritzeko proiektua nola doan ikusi zuten Eusko Jaurlaritzako eta Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariek. 8 milioi euro pasatxoko aurrekontua zute hamabi ataritako 119 bizitoki birgaitzeko lanek. Esku hartzea Berpiztu programaren eta Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago. Agustin Valdivia alkatean nabarmendu zuen obra horiekin "irisgarritasun unibertsala" lortuko dutela Basaundin, "eraikin guztietan igogailuak jarri eta apartamentu blokeen efizientzia energetikoa lortuko dugu". 

Udalari buruzko albisteak, WhatsApp bidez ere bai

Lasarte-Oriako Udalak WhatsApp kanal berri bat jarri zuen martxan "udal administrazioa teknologia irisgarri eta modernoen bidez hurbiltzeko konpromisoa berretsiz". Zerbitzu hori gehitu zuen erakundearen komunikazio kanal berri gisa, tokiko informaziora iristeko azkartasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Horren bitartez, herritarrek udalarekin zerikusia duten albiste nagusiak jaso ahal dituzte eta aisialdi agendara sarbidea dute.

'Animaltzen' tailerra, sortuz ikasteko

Zorione Mendez Martin artistak gidatuta, dozena bat gazte lasarteoriatarrek parte hartu zuten tailerrean eta arrisku egoeran bizi diren Euskal Herriko animaliei buruz ikasi zuten. Sormen lanak egin zituzten partaideek bai bakarka bai taldean ere, askatasunez, iruditzen zitzaiena egiten.  

Euskadi Literatura sari bat, Harkaitz Canorentzat

Haur eta Gazte Literatura kategorian gailendu zen Harkaitz Cano Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein) album ilustratuarekin. Epaimahaiak balioan jarri zuen Canoren lana: "Liburutegiei omenaldia egiten die eta literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu, protagonistaren bizitzatik abiatuta". Gisa horretako laugarren aintzatespena da idazle lasarteoriatarrarentzat. 

Asunak taldeak barne lanketan aritzea erabaki zuen

Asunak Lasarte-Oriako gazte talde feministak eskutitz ireki baten bidez jakinarazi zuen taldeak herrira begira ekintzak antolatzeko indarrik ez zuela eta barne lanketan zentratzea erabaki zuela. 2020. urtean gazteek praktika feministak aurrera eramateko helburuarekin sortua, herrian zegoen hutsuneari erantzunez, hainbat ekintza burutu dituzte urteotan adin eta kuadrilla ezberdinetako gazte feministak biltzeko eta saretzeko espazioa eskainiz. 

Ordu luzez zizelkatutako lanak, Mercero aretoan

Zurmailu Zurlanketa Elkarteko kideek eta udal ikastaroetako partaideek egindako lanak ikusgai jarri zituzten urtero bezala Antonio Mercero aretoan. Tamaina eta forma askotarikoak ziren: hilabetetan luzatutako zereginaren emaitzak tamaina eta forma askotarikoak ziren: handiak, txikiak, erabilgarriak, apaingarriak... baina denak, ikusgarriak.

Jon Presa Hiru Hondartzetako kroseko podiumera igo zen

Jon Presa Herranz atleta Lasarteoriatarrak bigarren postuan amaitu zuen Donostiako hiru hondartzak inguratzen dituen hamar kilometroko proba. Emakumezkoen parte hartzea gizonezkoena baino handiagoa izan zen; Maite Salazar Badiola izan zen herritarren artean lehen emakumea.

Urteko erronka eta mugarriak aurkeztu zituen Ernaik

Gazte antolakundearen herriko taldeak Xirimirin aletu zituen ikasturte honetako jarduerak eta lan ildoak. Eragilea "ekonomikoki kaltetzeko abian den operazioari" aurre egiteko baliatu nahi dute eta independentziaren alde dauden gazteak "geroz eta gehiago" direla erakutsi eta borroka horretara pertsona gehiago atxikitze saiatzeko.

Txistulariak, herri kirolak eta erromeria, Euskal Jaian

Txistularien dianak zabaldu zuen udaleko Kultura sailak aurrenekoz antolatutako Euskal Jaia. Pare bat orduz kalez kale ibili ziren doinu ezagunak joaz. Arratsaldea, berriz, herri kirolen erakustaldia egin zuten, Nepaletik etorritako hiru sherparen bisita eta guzti; eta amaitzean, Jaian Jai erromeria taldearen emanaldiak itxi zuen eguna. 

Omenaldi hunkigarria egin zioten Jose Felix Solanori

Urte luzetan izandako pilota eskolako ardura 2023-2024 denboraldi amaieran utzi zuen Jose Felix Solanok. Egindako lanari aitortza gisa, adin ezberdinetako pilota partidak jokatu zituzten Loidibarrenen. Senior mailakoan bikoteka aritu ziren Jon Pello Artetxe eta Aranguren, Axier Arteaga eta Aritz Solanoren aurka. 18. tantora iristean, ordea, ezustekoa izan zen: bikotekideak aldatuta, Solanok Goio osabarekin eta Arteagak Juan Mari aitarekin jokatu zuten 22 puntura iritsi artekoa. Solanotarrek lortu zuten garaipena. Intza elkartearen egoitzan jarraitu zuten omenaldia bapo bazkalduta.

Lehia eta giro ederra, 27. Lasarte-Oria Bai! krosean

800 kirolari baino gehiago batu ziren irteera puntuan, helmugan, berriz, Aitor Etxeberria eta Irati Larrañaga korrikalariak eta Josep Donaire eta Cristina Borras ipar martxalariak izan ziren azkarrenak. Antolakuntzak Ormazabal loradendari eman zion 1 zenbakidun dortsala Ramon eta Pello Ormazabal anaiek jaso zuten. Aintzatespena eskertzeko aurreskua dantzatu zuten.

Antton Garinen omenezko bertso saioa, Zabaletan

Udazken festa moldatu behar izan zuten Zabaletako auzotarrek eguraldi txarragatik. Mantendu egin zuten, ordea, Antton Garin bizilagunaren omenez prestatutako bertso saio berezia. Amaia Agirrek aurkezle-gai jartzaile lana egin zuen Garinen hitz, kontakizun eta bizipenetatik abiatuta, eta pantailaren beste aldetik ere lagundu zioten Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzeri gaiak ematen.

Egun osoko festa erraldoia

 LOZETek antolatutako erraldoien topaketan herriko taldearekin batera, Lebiton, Besamotza, Loretope eta Faltzeseko nahiz Caparrosoko konpartsek parte hartu zuten. Hogei bat erraldoik, kilikiek eta buruhandiek erdiguneko kaleak bete zituzten.

Okendo, Andaluziako kulturaren erakusleiho

Hiru egunez, ohi bezala, andaluziar kulturaren erakusgarri onenak ekarri zizkien herritarrei Semblante Andaluz elkarteak. Nahi izan zutenek aukera izan zuten hartan murgiltzeko eta gunearen itxura ikusi besterik ez zegoen, erakarritakoak asko izan zirelaz jabetzeko. 21. Aste Kulturalak, espero bezala, flamenkoa, runba, kanta eta dantza izan zituen; baina baita jateko goxoa, hitzaldiak, jolasak eta hizketarako leku atsegina ere. 

Jon Ibisate Alday herritarrak Ohorezko mailan debuta egin zuen, epaile nagusi modura

Beltzak RTko harrobiko kide Eneko Sanchez Martinez eta Lander Zabala Ugartemendia gazteek 18 urtez azpiko Erkidegoen arteko Selekzioen Espainiako Txapelketa jokatu zuten Euskadiko selekzioarekin. Lehen jardunaldian Sevillara (Andaluzia) egin zuten bidaia herriko gazteek, hilaren 27an. Andaluziaren aurkako neurketan bigarren zatian sartu ziren biak zelaira. Lehia handia izan zen. Nahiz eta lehen minutuetatik Euskadi markagailuan aurretik joan, andaluziarrek neurketari itzulia eman eta puntu batengatik eraman zuten garaipena, 14-13.

Jon Ibisate Alday herritarrak hilaren 12an Ohorezko mailan debuta egin zuen epaile modura Pozuelo Rugby Union eta Unió Esportiva Satboniana norgehiagokan, Madrilen eta 20an, Europako Superkopako Brussels Devils-Bohemia Warriors partidan laguntzaile lanetan izan zen, Bruselan, Belgikan.

Ostadar Atletismoa saila, "babesgabe eta etsita"

Ostadar SKTko Atletismoa saileko arduradun Amaia Andresek eta Oscar Goikoetxeak entrenamenduak aurrera eramateko pairatzen ari diren egoeraren aurrean, komunikatu bat idatzi eta euren egunerokoa lasarteoriatarrei jakinaraztea erabaki zuten. Atsobakar kirol gunea noiz ireki zain jarraitzen dute kirolari eta prestatzaileek, euren prestaketa errutina normaltasunera itzultzeko. 25 urtez udalerrian kirol diziplina hori sustatzen pasa ostean, "babesgabe eta etsita" zeudela adierazi zuten, baina, hala ere, lanean jarraituko zutela.

Gakoa elkarbizitza dela borobildu zuten

ulturartekotasunari buruz hausnartu zuten urriko borobilean. 'Lasarte-Oria: harrera herria? izan zen solasaldiaren izenburua, eta ekimenaren antolatzaileek gai horrekin lanean ari diren hiru eragile gonbidatu zituen: AMHER Hernaniko Elkarte Multikulturala, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskola eta Orioko Zaragueta Herri Eskola. Saio berezia izan zen, lehen aldiz bat-bateko itzulpenean gaztelerara itzuli baitzuten.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa lehiatzen hasi zen Ane Labaka Mayoz

Azpeitiako Baztartxo antzokian ekin zion bertsolari lasarteoriatarrak lurraldeko txapelketari, beste bost bertsolarirekin batera: Asier Azpiroz Iztueta, Eli Pagola Apezetxea, Maialen Akizu Bidegain, Oier Etxeberria Zubimendi eta Unai Mendizabal Jauregi. Saio hori irabazi ez bazuen ere, puntuazio nahikoa erdietsita hurrengo fasera sailkatu zen Labaka.

Gazteentzako diseinatutako programa

Partaideen "garapen pertsonala, sormena eta herriko bizitza sozialean parte hartzea sustatzea" helburu duten tailerrak prestatu zituen Lasarte-Oriako Udalak, horiek Gaztelekuan aurrera eramateko. Horrekin batera, Agustin Valdivia alkateak udalerriko gazteentzat jarduera hauen garrantzia azpimarratu zuen: "Gaztelekua ez da elkargune soil bat, gure gazteek gaitasunak garatzeko aukera eskaintzen duen espazioa ere bada, ingurune seguru eta aberasgarrian. Gobernu talde honek balioetan oinarritutako hezkuntza, aniztasunarekiko errespetua eta aisialdian euskararen erabilera sustatzen dituen eskaintzaren aldeko apustua egiten du irmoki".

Giro ederrean elkartu ziren 1974ko kintoak

Aurtengoa ez da nolanahiko urtea 1974. urtean jaiotako herritarrentzat, izan ere, 50 urte bete dituzte. Horrelako urtemuga berezi eta biribilak aitziakia ederra dira berriz elkartu eta elkarren berri izateko nahiz gaztetako anekdotak gogoratzeko. Horixe bera egin zuten hogei bat pertsonak, Abend garagardotegian bazkaldu bitartean. Hauxe izan zen menua: gula eta ganba entsalada, pelaio erara prestatutako txipiroiak eta otarrainxkak, hasteko; xapoa edo entrekota aukeran; eta postrea. Horren aurretik, Okendo plazan elkartu eta trago batzuk hartu zituzten erdigunean.

Alerta laranjan, euriagatik

Zeruari eta batez ere Oria ibaiari begira pasa zuten urriko egun oso bat lasarteoriatarrek, euria etenik gabe egin zuelako: 24 ordutan 60 litro baino gehiago bota zituen metro karratuko. Goizaldean trumoi ekaitz ugari ere jo zituen.

Mende laurdena bete eta ospatu zuen Buenetxea kafetegi-tabernak

Egitarau polit bat mimoz prestatu ostean aurrera eraman zuen Buenetxea kafetegi-tabernako lantaldeak, goizetik hasi eta iluntzera arte. Eguneko momentu ederrenetako bat arratsaldekoa izan zen, LOZETeko erraldoi eta buruhandiak Pablo Mutiozabal kalera joan eta egun horretan bertan ospatzen ari ziren topaketaren barruan geldialdia ostalaritza establezimendu horretan egin zutenekoa.

Apartamendu turistikoen lizentzia berriak bi urtez ez atzeratzea erabaki zuen udalbatzarrak

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuen udal korporazioak. Establezimendu turistiko berrien lizentziak emateko bi urteko luzamendua eskatu zuen Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak, baina eskaera hutsean geratu zen; aurkako boz gehiago jaso zituenez, ez zuen aurrera egin gaiak. Bestelako zenbait gai landu zituzten galdera eta erreguen tartean.

Jaso zituzten merezitako sariak

Juan Mari Apaolaza Estensorok (argazkia, Sorginak etxera bueltan) eta Isa Fernandez de Agirrek (argazkia, ETXEruntz) jaso zituzten TXINTXARRI-ren udako argazki lehiaketako sariak: Aldikaren saski bat eta Errigora produktuen otar bat, hurrenez hurren.

Adineko pertsonei konpainia egiten dien haria

Nagusilan elkarteak ematen duen zerbitzuetako bat da Zilarrezko Haria. Bakarrik dauden pertsonei zuzenduta dago eta ekimen horretan aritzen direnek konpainia egiten diete adinekoei, telefonoaren beste aldetik. Donostiako Miramar jauregian maratoi bat aurrera eraman zuten eta baita egun osoko egitarau bat ere, gai horri ikusgarritasuna emateko. Lasarte-Oriako zenbait udal ordezkari bertaratu ziren ekitaldira.

Iparragirre, ezin Hiru Hiriburuetako txapelketako finalera sailkatu

Maila ezberdinetako 68 pilotarik jokatu zuten Hiru Hiruburuak txapelketa, binaka. Horietako bat izan zen Intza Kirol Elkarteko ordezkari Itxaso Iparragirre gaztea; Oiarpe KEko Maria Balerdirekin osatu zuen bikotea eta A mailan lehiatu zen. Maila oso txukuna eman arren, ezin izan zuten finalera sailkatu.

Sei hilabete geroago, irtenbiderik ez

Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) herri plataformak deituta, dozenaka lagunek bat egin zuten Okendo plazan egindako elkarretaratzearekin. Apirilean egindako lehen manifestaziotik urte erdi igaro bazen, konpobiderik gabe jarraitzen dutela salatu zuen aipatu eragile horrek.

'Ur bizitan', azkenekoz

Zuzeneko musika, dantza garaikidea eta hitza ditu lanabes Haatik dantza konpainiak Ur bizitan ikuskizuna gauzatzeko. 2022an estreinakoz oholtzaratu zuten eta Manuel Lekuona Kultur Etxean egin zuten azken emanaldia.