GurasoLeku egitasmoa martxan jartzear zegoen
Ikasturte berrian GurasoLeku egitasmoa abian jartzear zutela jakinarazi zuten Ttakun Kultur Elkarteak, udalak eta ikastetxeek. Programari esker, haurrak ahalik eta euskal hiztun osatuenak izateko helburuari eutsi zion Lasarte-Oriak beste behin abiatu berri zen ikasturtean. Herriko zenbait eragilek elkarlanean aurrera daramaten ekimena da eta familia tipologia desberdinetara egokitutako hiru adar ditu: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia.
Denboraldi berriari ekin aurreko eskaintzak egin zituzten
Biltegiko produktuen eskaintza egin zuen Aterpeak, Stock Azokan. Denboraldi berria hasi aurretik, biltegian pilatutako uda sasoiko produktuak herritarrei eskaini zizkieten. Merkatarien elkarteko kide diren dozena bat negoziok parte hartu zuten jardueran. Horrez gain, Flash Day egunak izan ziren Bote Tatton eta Patricio tabernak koktelak eskaini zituen, DJ batek girotuta.
Denboraldia biribiltzeko, Kontxako Bandera irabazi zuen Arraun Lagunakek
Iraila hastearekin batera, Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatu zuten Donostiako badian. Donostia Arraun Lagunak izan zen onena eta Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen eskifaiak bederatzi segundoko aldea atera zien aurkariei. Lugañene Euskotren Ligako garaipenaz hauspotuta zetorren, bandera guztiak bildu baitzituen. Denboraldi biribilari amaiera bikaina emateko proba berezi honen garaikurra eskuratzea besterik ez zuen Donostiako ontziak, hilaren 8an. Erakustaldia egin zuten bigarren jardunaldian Euskotren Ligako lehen lau sailkatuak batu ziren saioan –Tolosaldea, Nortidal Donostiarra eta Oria Orialki– eta balentria egin zuen Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketetako eta Euskotren Ligako garaile izateaz gain, Kontxako Bandera bigarrenez jarraian eskuratu zuten.
Urrezko neskak omendu zituzten haien ondorengoek
Omenaldi eder eta hunkigarria egin zieten haien ondorengoek, duela sei hamarkada urratzen hasitako bide oparo eta eredugarria eskertzeko. Emakumeek kirola egitea egokitzat jotzen ez zen garaian, herriko emakume talde batek ATC saskibaloi taldea eratu zuen 1964ko irailean. Santa Ana karkabako lokalean bazkaria zuten eta aurrez argazkia egiteko hitzordua. Han agertu ziren ere seme-alabak, ilobak edota bilobak, duela 60 urte egindako balentria hura aitortzeko. Parez pare jarrita, esker hitzak esan eta bertsoak abestu zizkieten, baita haiek paperean jasota eman ere.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final zortzirena, herrian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final zortzirena jokatu zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Oier Etxeberria, Manu Goiogana, Iñigo Mantzizidor eta Aner Peritz Euskitze aritu ziren mikro aurrean Haritz Alberdi gai jartzaileak proposatutakoei errimak eta hitz neurtuak asmatzen. Saio puntuagarriko ariketak amaituta Iturriotz gailendu zen, eta haren atzetik Peritz, Etxeberria, Goiogana, Mantzizidor eta Zubikarai izan ziren.
EH Bilduk salatu zuen "noraezean" zebilela udal gobernua
PSE-EE eta EAJ alderdien urtebeteko kudeaketaren gaineko balantzea egin zuen koalizio subiranistaren udal taldeak: "Udalak zekarren norabide eza eta kudeaketa tamalgarria areagotu baino ez dira egin; egoera larria eta jasanezina da". Batetik, kritikatu zuten ez zirela gai izan "zer-nolako Lasarte-Oria nahi duten definituko duen herri proiektua bat" aurkezteko eta "ezgaitasuna" erakusten ari zirela herritar eta eragileei egunerokoan eragiten dieten kontuak kudeatzerakoan.
Urtebete osatu zuen Borobilean elkarteak
Urtebete igaro zen belaunaldi arteko herritar talde batek Borobilean elkartea sortu eta abian jarri zuenetik. Egindako bidearen balorazioa egin zuten zenbait kidek eta abiatzear zuten ikasturte berrirako asmoak ezagutarazi zituzten ere. Zazpi gai jorratu zituzten lehen urtean, askotariko hitz hartzeekin: komunikazioa, zaintza, osasun publikoa, gizontasuna, belaunaldi artekotasuna, gazteak eta gaztetxeak, eta euskalgintzaren norabidea. Saio guztiek 40 lagunetik gorako asistentzia izan zuten. Hilaren 24an ekin zioten ikasturte berriko saioei Lasarte-Oria, herritarrak, eragileak, komunitatea... elkarrekin eraikitzen ari gara? galderari erantzun nahian.
Manttangorri hiribusaren zerbitzu berria, abian
Lasarte-Oriako Udalak zazpi urterako kontratu bat esleitu zion Transitia SL enpresari, Manttangorri hiribusa kudea zezan. Hobekuntza ugari ekarri zituen, esaterako, San Frantzisko eta Zatarain auzoetan geldialdi bana egitea. Astegunetako ordutegia zabaldu egin zuten ere, 07:40ean hasi eta 21:00etan amaituta. Larunbatean ere erabiltzeko aukera ere, 14:00etatik 17:00etara izan ezik. Bestalde, jakinarazi zuten ibilgailu berria %100 elektrikoa izango zela eta askoz jota urtebete barru hasiko zela zerbitzua ematen.
Zazpigarrenez, auto klasikoek Lasarteko Zirkuituaren arima berpiztu zuten
San Sebastian Circuit Spirit egitasmoko kideek auto klasikoen eta kirol ibilgailuen zazpigarren rallya aurrera eraman zuten hilaren 13an eta 14an. Ohi bezala, ibilbidearen parte izan zen Lasarte-Oria, XX. mende hasieran Oria auzoan izandako zirkuitu klasikoagatik. Aurten 101 urte bete ditu. Hamazazpi markatako autoen gidariek parte hartu zuten eta ehun partaidek baino gehiagok osatu zuten herrian geldialdia izan zuen ibilbidea.
Saustatxo elkarteak 47 urte betetzeko ospakizun bazkaria aurrera eraman zuen
Sasoeta auzoko 60 bat lagunek eratu zuten 1977ko irailaren 9an. Data horren bueltan, urtero, bazkideen bazkaria egiten dute, baina horren aurretik, falta direnak gogoan, mezatara joaten dira. Ama Brigitarren komentuko kaperan bildu ziren hilaren 14an Felix Garitanok gidatutako elizkizuna entzuteko; bitartean, egungo 67 bazkideetako batzuk elkartean bazkarirako dena prestatzen aritu ziren. Urdaiazpikoa, marmitakoa, labean erretako arkumea letxugarekin, pastelak, kafea eta kopa izan ziren 26 lagunek dastatu zuten menua. Horri ekin aurretik, atarian talde argazkia egin zuten.
Hodei Murgiondo Asturiasen lehen postuetan izan zen
Udako etenaren ondoren, surf txapelketak itzuli ziren eta Hodei Murgiondo herritarra bai Asturiasen bai Lapurdin izan zen lehian. Lehen txapelketan, gainera, laugarren izan zen Espainiako 14 urtez azpiko zirkuituko bigarren proban. Olatu gainean ondo moldatu zen eta finalerako sailkapena eskuratu zuen gazteak. Azken proban ezin izan zituen puntutan gailendu bere aurkariak. Astebete geroago, Angelun Rio Curl GromSearch probako Europako finalean aritu zen.
Ezustekorik ez, Hipodromoko denboraldiko agurrean
Udako zaldi lasterketa denboraldia hilaren 12an amaitu zen Donostiako Hipodromoan. Bost probako azken jarduenaldian Jaime Gelabert jockeyak hiru sari eraman zituen.
Extremadurako jaiak, herrian
Guadalupeko Ama, lurraldearen zaindaira, gogotik omendu zuen Extremadura Etxeak hilaren 5etik 8ra bitartean, bere omenezko jaiak ospatuta. Ohi bezala makina bat jarduera aurrera eraman zituzten adin tarte guztietako herritarrak kontuan izanda.
Beltzak Rugby taldeak, bi berrikuntza nabarmen
Errugbi elkarteak bi berrikuntza nagusirekin hasi zuen denboraldia. Batetik, errugbiaz gozatzeko emakume eta queer talde bat osatu zuen. Lehen urteko xedea kirolaren nondik-norakoak ikastea dutenez ez da lehiara aurkeztuko. Bestetik, senior mailan "talde sendoago eta indartsuago bat" osatzeko asmoz, Beltzak eta Zarautz RT taldeek Donostiako Bera Bera RTrekin bat egin zuten. Gipuzkoa Sortzen izena hartu zuen proiektuak eta etorkizunean lurraldeko beste talde batzuk ere elkartea aurreikusten dute.
15 urtetik beherako pertsona ia bezainbeste txakur bizi dira herrian
Maskotak izan zituen aztergai Saretzen egitasmoaren bosgarren kolpeak. Lasarteoriatarrek etxeetan dituzten maskota ohikoenak, bestelakoekin alde nabarmenera gainera, txakurrak eta katuak dira: 2.221 eta 289 erregistratuta zeuden udalerrian, hurrenez hurren. 15 urtetik beherako gaztetxoak 2.659 dira eta txakurrak, berriz, 2.221. Haurren eta txakurren proportzioarekin antzeko zerbait gertatzen da, izan ere, gure herrian, 8,4 txakur daude hamar umeko.
Xuhakanek V. Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasun txapelketa antolatu zuen
Xuhakan Txakur Elkarteak antolatutako V. Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasun txapelketa jokatu zuten hilaren 21ean Bugati erretegiaren ondoan duten gunean. 40 bat binomio –gida eta txakurra– lehiatu ziren mailaren arabera, lau kategoriatan banatuta. Eskatutakoa egiten txakurrak eta jabeak izandako trebezia kontuan hartu zuten epaileek.
Zataraingo etxeen zozketak ezinegona eragin zuen
Zatarainen dauden Babes Ofizialeko 64 etxebizitza zozkatu zituzten 1.310 pertsonaren artean eta horretarako erabilitako jardunbideak harrabotsa eragin zuen kultur etxera bertaratu zirenen artean. Sukia enpresako hiru ordezkari, notario bat eta Agustin Valdivia alkatea arduratu ziren zozketa egiteaz. Mugikortasun murriztua duten pertsonei bideratutako lau etxebizitza zozkatu zituzten aurrena, hamar pertsonaren artean. Ondoren, beste 60ak. Orduan, eserlekutik altxa eta hitza hartzea erabaki zuen Iñigo Otaegik, prozedurarekin zalantzak zituelako, batetik, eta erdara hutsean ari zirelako, bestetik. Bere iradokizunak entzun ondoren, sistemaz aldatzea erabaki zuten mahaikoek, unean bertan. Zozketarekin segi ahala ugaritu ziren jendearen marmarrak eta haiek entzutean Sukiako arduradunek prozedura legezkoa zela esan zuten, notarioak sinatuko zuelako. Legala izanda ere, justua ote zen zalantza zuen gazteak.
Herria eraikitzeko gakoak partekatu zituzten
Borobilean Elkarteko kideek ikasturte berriko lehen mahai ingurua eraman zuten, Joxemi Zumalabe fundazioko lagunak gonbidatuta. Herri mugimenduen ezaugarriak landu zituzten aurrena eta taldetxotan banatu gero, ideiak elkarbanatzeko. Elkarteen artean egun dagoen lankidetzaren diagnosia egin eta norabide horretan etorkizunean egin beharrekoak irudikatu zituzten.
Keinu txikien bitartez komunitatea egiteko kanpaina
Caritas Gipuzkoak, Aterpea merkatarien elkartearekin elkarlanean kanpaina bat abiatu zuten. Helburuak kalean presente egotea eta herritarrak sentsibilizatzea zen, eguneroko jarrerak pertsona guztientzako gizarte abegikorragoa eraikitzeko duen garrantzia azpimarratzearekin batera. Aterpea elkarteko hogeita hamar bat saltokik euren erakusleihoetan kanpainaren afixa eta pertsona guztientzako aukerak dituen gizarte bat eraikitzera gonbidatzen duen mezua jarri zuten.
Bizikleta izan zen Mugikortasun Astearen izarra
Autorik gabeko Mundu Egunarekin (irailak 22) bat egin zuen aurten ere Lasarte-Oriako Udalak eta XVIII. Mugikortasun Astea aurrera eraman zuen. Artelatz enpresarekin batera prestatutako jarduera gehienak Okendo plazan eta Kale Nagusian barrera egin zituzten. Zabalgunean jarritako bigarren eskuko azokan, 90 bat patin eta bizikleta izan zituzten aukeran eta handik abiatu zen ere bizikleta martxa. Kale Nagusian, berriz, bizikleta pedalei eraginda, scalextric batean auto lasterketak egin zituzten, gurpilen gomekin apaingarriak, bizikleta zirkuitua...
Ondo Ibili egitasmoa martxan jarri zuten
Ikasturte berriarekin batera hasi ziren herriko nagusientzako Ondo Ibili saioak. Lehena, Mugikortasun Astearen barruan egin zuten. Ibilaldi saioak dira, astean behin, ostiralean aurrera eramango dituztenak. "Osasuna eta ongizatea" dira bertan parte hartzen dutenentzat, eta horrez gain, herritarrak elkar ezagutu eta adiskidetasun berriak egiteko aukera ere eskaintzen dute.
Inauterietako gaia aukeratzeko parte hartze prozesuari ekin zioten
Hilabete batzuk geratzen dira oraindik Inauterietan murgiltzeko, baina horiek garaiz eta ganoraz prestatzeko asmoz, mozorrorako gaiak proposatzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak egunotan. Hala jakinarazi du Agustin Valdivia alkateak, Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok eta Parte hartze saileko batzordeburu Nagore Duranek. Hasteko eta behin, aurtengo prozesuak izango duen berrikuntzaren berri eman du Duranek. Esan du bi fasetan banatuko dela. Abiatzearekin batera herritarrek proposamenak egin eta ondoren, etxean jasotako eskuorriaren bidez, iritzia emateko aukera zuten.
Mendebete osatu zuen Mercedes Ramos Callek
Duela 50 urte Lasarte-Orian bizi den herritarrak 100 urte bete zituen eta bai senideen bai udal ordezkarien bisita jaso zuen bizitoki duen Atsobakar egoitzan. Cacereseko Pional herrian jaio zen Ramos 1924ko irailaren 21ean. Bertan ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen, Juan, Luis, Maria Angeles eta Belen Merchan, eta 50 urte zituela Lasarte-Oriara etorri ziren. Beste asko bezala, lehenik senarra lekualdatu zen bizimodu oparoago bat izan nahian, eta egonkortu zenean, han zituzten lur batzuk saldu, etxebizitza erosi eta familia herrian elkartu zen. "Bizitza erdia darama hemen", nabarmendu zuen Maria Angelesek, amari buruzko beste xehetasun batzuen artean.
Aisia egitasmoetako izen ematea zabaldu zuten
Ttakun Kultur Elkarteak martxan jarri zituen Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean aurrera daramatzaten aisia egitasmoetako batzuk, arlo horietan ere euskararen erabilera bultzatzeko. Gazte Kluba KG3 eta LH6 ikasmaila arteko haurrentzat bideratutakoa, Kuadrillategi, berriz, DBH 1 eta DBH 4 ikasmaila arteko gaztetxoei zuzendua eta bestalde, Plaza Dantza egitasmoko kideek entseguekin hastekoak zirela ezagutarazi zuten.
Ostadar Ipar Martxa, hamar urteko bultzada
Ostadar Ipar Martxa taldeak 10 urte bete zituen. Hamaika irteera, bidaia eta ekimenetan parte hartu zuten urte horietan guztietan. 2014an Rosa Ormazabal eta Begoña Morianak ipar martxako instruktore ikastaroa egin zuten eta herrian talde bat sortu eta kirol diziplina hori irakasteko asmoa agertu zuten. Ostadar SKTra jo zuten taldea nola sor zezaketen galdetzera eta orduz geroztik euren babesarekin egin dute bidea.
Hamarkada ospatzeko egun osoko egitaraua aurrera eraman zuten adin guztietako lagunei bideratua: ibilaldia, hamaiketakoa, Erketz EDTren aurreskua, trikipoteoa, bazkaria, Earra bertso eskolako kideen emanaldia, Intza Alkain eta Bea Egizabalen umore saioa, Porrotx eta Bizipozaren Kantukolore, ipar martxa eta kirol egokitua dantzan, Elektropottotte, Denboraz kanpo taldearen kontzertua eta Auskalo taldearen erromeria.
Garaipen garrantzitsuak lortu zituen Maialen Chourrautek
Parisko Olinpiar Jokoetan ezin izan zuen, baina Maialen Chourraut garaile izan zen hitzordu garrantzitsuetan. Hilaren hasieran banaka eta taldeka K1 eta kayak kros modalitateetako Espainiako txapelketan lehiatu eta podiumeko gorenera igo zen. Hilaren 20an, berriz, Munduko Kopako finalean urrea eskuratu zuen. Txapelketa guztiak ondo ezagutzen duen La Seu D'Urgelleko (Lerida, Katalunia) kanalean jokatu ziren.
Beñat Telleria hirugarren izan zen Euskal Pentatloian
Euskal Pentatloiko II. mailako txapela jantzi zuen Beñat Telleria Telleria IV herritarrak ekainean. Hiru hilabete geroago, I. mailako podiumeko hirugarren mailara igo zen. Hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten zazpigarren edizioko finala. Egin beharreko lanak izan ziren: 100 kiloko harriari hamar jasoaldi, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin, bi enbor moztu, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta kilometro eta erdi korrika. Telleria bere txandan azkarrena izan zen, baina bigarrenean aritu ziren Izeta IV eta Olaizolak bere marka ondu zuten.
LOOPA plataformako kideek kexa bidali zioten Arartekoari
Osasun publikoaren defentsan lanean ari den Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformak Mobilizazio bat aurrera eraman zuten hilaren 30ean Okendo plazan, haren ondoren egin zuten jarduerari babesa emateko: Correoseko bulegora joan eta kexa bat bidaltzea Arartekoari, 1.500 herritar baino gehiagoren sinadurak bildu ondoren. Egun horretan udalerriko osasun zentroan lanean aritu diren bost langileri kontratuak eten zizkieten. Udalerriko osasun zentroan dauden "gabeziei" irtenbidea emango dien "talka plan bat" aurkezteko eskatu diote erakundeari.
Azken Ostiralarekin hasi zuten ikasturte berria
Udako etenaldiaren ondoren, Azken Ostirala dinamikari heldu zioten berriro hilaren 27an. Hilabeteroko hitzordu honek atseden hartu bazuen ere, Sareren eskaerak presente jarraitu zuten, "jai giroan zein oporretan 'etxera' aldarria Euskal Herriko hamaika txokotara" zabaldu baitzuten. Ikasturte berria "gogotsu eta indarberrituta" hasteko asmoa zuten eta horren erakusgarri Behin Betiko dinamikaren abiatzea hilaren 25ean.
Oroitzapena eta lehia, II. Mendi Lasterketan
Eguraldia lagun, 200 bat korrikalarik parte hartu zuten Lasarte-Oriako II. Mendi Lasterketa. Juanlu oroituz proban. Okendo plazatik Buruntzalderako bideak parte hartzailez eta ikuslez bete zituen hilaren 28an 14 kilometroko probak. Uztailean hildako Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko kide Juan Luis de la Mataren senideek guztien berotasuna jaso zuten irteeran egindako ekitaldian. Patrick Laqueche Saralegi eta Garazi Artola Balda izan ziren gizonezko eta emakumezko azkarrenak.
Aitor Manso podiumean izan zen Euskadiko probetan
Euskadiko Mendi Igoeretako Txapelketako azken txanpan, Aitor Manso herritarrak Jaizkibel zein Dimako igoeren 9. mailako garaikurrak jaso zituen. Bizkaiko proban sailkapen orokorreko podiumera ere igo zen, bigarren sailkatuta. Gidaria pozik zegoen bi hitzorduetan egindako lanarekin.
Erdi Aroko giroz jantzita
Erdi Aroko Xacobeo azoka zortzigarrenez aurrera eraman zuten hilaren 20tik 22ra, erdigunean. Kale Nagusian eta Okendo zein Elizatze plazetan eskaintza zabala izan zuten merkatura bertaratu zirenek. Espero baino jende gehiago joan zen postuetara.
VI. Dantzari Eguna ospatu dute Erketz eta Makaia taldeek
Bost urteren ondoren, dantzari eguna berreskuratu du Erketz Euskal Dantza Taldeak. Faltzesko (Nafarroa) Makaia gonbidatuta aurrera eraman zuten seigarrena. Partaideak jantzi, eta kalejiran abiatu ziren Okendo plazatik erdigunea zeharkatzeko. Okendoraino joan eta ordubete pasatxo iraun zuen emanaldiari ekin zioten: eragile bakoitzak bere errepertorioko dantzarik onenak egin zituen eserleku denak bete zituen pubikoaren aurrean.