Oporraldia amaituta, Tindufera bueltatu ziren haur sahararrak
Oporrak Bakean egitasmoan parte hartu duten familia lasarteoriatarrekin udara pasatu dute Hasana, Ahmed eta Jalil haur sahararrek. Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara itzuli aurretik festa polita egin zuten abuztuaren 28an Xirimiri elkartean, elkar agurtzeko. Haurrak hurrengo egunean itzuli ziren euren bizitokira.
Lugañenek ez zuen hutsik egin Euskotren Ligan
2024ko Euskotren Ligan protagonista bakarra izan da Donostia Arraun Lagunak. Ontzi horrek aurraunaren historian txoko bat egin du bandera guztiak eskuratu baititu aurten Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen eskifaiak eta Ligako garaikurra bereganatu du. Liga erdian matematikoki irabazia zutela ikusita, bandera guztiak eskuratzeko lan egin zuen taldeak. Baita lortu ere: hamabost banderak Lugañene baserrian bildu zituen taldeak.
Jon Martinek EA Sports Ligan debuta egin zuen
EA Sports Ligako hirugarren jardunaldian, Real Sociedadek Alavesen kontra jokatutako norgehiagokaren bigarren zatian atera zen zelaira Jon Martin herritarra. Abuztuaren 28koa Martinek zale txuri-urdinen aurrean ligan jokatutako lehen partida izan zen. Lan zaila izan zuen Imanol Aguacilen taldeak egun horretan, 30. minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu baitzen, epaileak Mikel Oyarzabal txartel gorria atera ondoren. Jon Pachecoren ordez atera zen Martin atsedenaldiaren ondoren. Maila ona erakutsi, eta abagune polit bat ere izan zuen.
Zudairek Paraolinpiar Jokoetan
Abuztuaren 28an Paraolinpiar Jokoen sua piztu zuten Parisen. Hurrengo egunean hasi ziren lehien artean, Nanterreko La Defense igerilekuan Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezo aritu zen. 4x50 m. libre 20 ountu errelebo mistoarekin hasi zuen txapelketa. Sailkapen proban hirugarren amaitu zuen Daniel Ferrer, David Sanchez eta Marta Fernandezekin batera. Seigarren denbora onenarekin finalera sailkatu ziren, baina Zudairek ezin izan zuen parte hartu. Hurrengo egunetan bai taldean bai bakarka lehiatu zen, eta dominarik lortu ez bazuen ere, diploma olinpikoak eskuratu zituen.
Zaldi lasterketa interesgarriak Hipodromoan
Abuztuan zehar, saio interesgarriak ikusi ahal izan ziren Hipodromoan, baita ezustekoak ere. Urrezko kopa jokatu zuten adibidez, Best Horse zalditegi portugaldarra izan zen lasterketa nagusiko protagonista eta euren zaldi Media Storm-ek saria irabazi zuen. Jardunaldi osoa izan zen emozioz betetakoa.
Maialen Chourrautek huts egin zuen finalean
Ez zen posible izan, ezin izan genuen Maialen Chourraut berriro ere Olinpiar Joko batzuetako podiumean ikusi. Parisekoak laugarren Olinpiar Jokoak zituen eta oraingoan bi probetan aritu zen: K1ean eta kayak kros. K1eko finalean izan zen, baina ezin izan zuen podiumera igo, bigarren atean huts egin eta hamabigarren amaitu zuen. Hilaren 2an ekin zion kayak kros txapelketan, aldiz, final laurdenetan kanporatu zuten.